Itsu-itsuan talka egingo dute

Alaves eta Osasuna aurrez aurre izango dira gaur, sasoiko lehen derbian. Zalantzak uxatu nahi dituzte, premiazko hiru puntu lortuta. 11.904 zale bildu ahalko dira Mendizorrotzan

Kike Barja Osasunako jokalaria eta Victor Laguardia Alavesekoa, lehian, aurreko denboraldiko partida batean, Mendizorrotza estadioan. ADRIÁN RUIZ DE HIERRO / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Garaipenek argitzen dute bidea futbolean. Iparrorratzik fidagarriena dira. Talde bat norabide egokian dela erakusten dute. Bada, Alaves itsuka dabil oraintxe, sasoiko lehen hiru partidak galdu ostean. Gainera, hiru aste daramatza lehiatu gabe, bertan behera gelditu baitzen Vila-realen zelaian jokatzekoa zuen neurketa, Hego Amerikako selekzioen partida berantiarren ondorioz. Hortaz, batere ziurtasunik gabe hartuko du gaur Osasuna. Denboraldiko lehen derbia jokatuko da Mendizorrotzan, eta gorritxoak ere ikusmena lausotuta iritsiko dira. Garapen egokia izan zuten lehen hiru jardunaldietan, garaipen eta guzti, baina Sadarren Valentziak emandako jipoiak (1-4) durduzatu egin ditu. Gauzak hala, ilunpetik atera, eta hiru puntuen dirdaiaz gozatzen saiatuko dira gaur bi taldeak.

Premiarik handiena Alavesek du, halere, esku hutsik eta sailkapeneko azken postuan dagoen heinean. Azken bi sasoietako ibili erratuaren ondoren, liga hasiera ilun bat da behar duen azken gauza. Argi printzek berandu gabe agertu behar dute; golek bezalaxe. Orain arte, Arabako taldeak bakarra sartu du, eta penaltiz; Real Madrilen aurka izan zen, estreinako norgehiagokan. Mallorca eta Valentziaren kontra, aldiz, itzali egin zitzaion erasoko argitasuna. Sormenik ezean, zaila da eraginkorra izatea. Eta sendotasuna eduki izan balu, gaitz erdi. Haatik, erruz sartu dizkiote golak: zortzi guztira. Joko ospela egiten ari da, arlo guztietan.

Javi Callejak taldea eguterara eramateko erronka du. Hiru astez geldirik egon arren, lehiarako prest ikusten ditu jokalariak. «Lehen garaipena lortzeko ilusio handia dugu. Lan aldetik, asterik onenak izan dira Alavesera iritsi nintzenetik». Aldartearen garrantziaz mintzatu zen atzo arabarren teknikaria. Aldarte onean ikusten du taldea. «Ez dugu antsietaterik. Irabazi behar dugu, eta motibatuta eta gogotsu gaude. Baikor ikusten ditut jokalariak». Baikortasun horren zioetako bat zaleen babesa izan daiteke. Mendizorrotzako aulkien %60 bete ahalko dira gaur; alegia, gasteiztarrek ia 12.000 lagunen hauspoa izan lezakete.

Edgar Mendezen ekarpena faltako zaie, ordea. Hegalekoak min hartu zuen atzoko entrenamenduan: zaintiratua du eskuineko belaunean, eta litekeena da gaurko neurketaz landa besteren bat ere galtzea. Hori horrela, hamaikakorako atea zabaldu zaio Facundo Pellistri gazteari. Erizaindegian gelditu beharko dute, berriz, Pere Ponsek eta Javi Lopezek.

Errezeta ongi ezagutzen du

«Bost zentzumenekin» jokatzeko beharra aipatu du egunotan Jagoba Arrasatek. Izan ere, gorritxoek ikusmena galdu zuten Valentziaren aurka, bigarren zatiaren hasieran izaniko itzalaldian. Partida berdinduta iritsi zen atsedenera, baina hamar minutuan bi gol sartu zizkioten Nafarroako taldeari. Ez zen kapaza izan altxatzeko kolpearen ostean, eta astindua hartu zuen azkenerako. Orduan egin zizkioten lau golei Cadizek egindako biak batu behar zaizkie. Hots, sei gol bi partidatan. Bazirudien eraginkortasuna zela gabezia nagusia, baina, orain, begirada gehienak ez daude aurrera begira, atzeko lerroari so baizik. Larrutik ordaintzen ari da defentsakoen arretarik eza.

Berebiziko garrantzia izango du gaur aurkariak golik ez egiteak. Hain justu, ateari giltzarrapoa jarrita gailendu da Osasuna Mendizorrotzan jokatu duen azken hiru aldietan: 0-1, zehazki. Edonola ere, Arrasatek uste du horrek ez diela ematen inongo bermerik. «Agian, jatetxe batean oso ongi jan zenuen orain dela sei hilabete, baina itzultzean ez dakizu ongi emango dizuten jaten», azaldu zuen atzo, metaforikoki. Halaber, Alavesen joko aldaketa izan zuen hizpide. «Gauza berriak egitera behartuko gaituzte defentsan, gehiago konbinatzen eta barrutik jokatzen saiatzen baitira orain».

Kike Barjak sartu zuen irabazteko gola iaz Mendizorrotzan jokatu zuten derbian, errebotez. Gaur, baina, ez du izango golik egiterik, minez baitago. Gainerako jokalari guztiak eskuragarri izango ditu Arrasatek.

ALAVES-OSASUNA
Alaves. Pacheco; Ximo, Laguardia, Lejeune, Duarte; Pina, Loum, Pellistri, Rioja, Manu; eta Joselu.
Osasuna. Herrera; Vidal, Aridane, David Garcia, Manu Sanchez; Torro, Moncayola, Brasanac; Torres, Ruben Garcia eta Kike Garcia.
Epailea. Hernandez Hernandez.
Lekua. Mendizorrotza.
Ordua. 21:00 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.