Baztertutako heroiak

Rowan Hardman - Irakaslea

2018ko ekainak 28
Gezurra badirudi ere, beste behin, uda iritsi da. Laster, hegaldiak antolatzen, pasaporteak indarrean jarraitzen dutela egiaztatzen eta zenbat denboraz kanpoan izango naizen kezkatzen izango naiz. Hamar egun? Bi aste? Denbora gehiago? «Etxera» noa, Erresuma Batura, beti bezala. Baina kontua da Erresuma Batua jada ez dela nire etxea. Euskal Herria da nire etxea eta, hemen 25 urte eman ondoren, euskalduna bezain britainiarra sentitzen naiz, gehiago ez bada.

Erresuma Batura bueltatzen naizenean asko dira faltan botatzen ditudan gauzak. Faltan botatzen dut hiru hizkuntzek ematen duten hitz aukera. Faltan botatzen dut aniztasun zoragarria. Ingurune elebakar batean bizitzea zeruertza hutsik duen leku batean bizitzea bezain aspergarria da. Ni natorren tokian ez dago mendi berderik sabaiko lerrotik haratago, ez dago lasaitasunez bailara zaintzen duen Oiz mendirik. Agian, nire jaioterriaren inguruko gauzarik tristeena da ez dagoela plazarik. Ezaugarri arkitektoniko hori da, zalantzarik gabe, edozein herriren edo hiriren bihotza eta arima. Adin guztietako pertsonei elkartzeko tokia eskaintzeaz gain, belaunaldiz belaunaldi, pertsonak bertan elkartzen dira haientzat garrantzitsuak diren gertakizunak ospatzeko eta oroitzeko. Partekatutako espazio horren jarraipenak partaide izatearen sentsazioa sortzen laguntzen du eta ni partaide naizela sentitzen dut.

Duela hamaika urte, Urdaibain dagoen nire herrian, emakume oso berezi batek ongietorria egin zigun, Maitek. Bisitatu gintuen, besoak zabalik eta argia begietan. Janaria oparitu eta gu bertan izatearekin pozik zegoela esan zigun. Lehen egun horretatik ez dio inoiz ni harritzeari utzi. Nire etxeko leihotik bere lorategi zoragarria ikus dezaket eta, sarritan, bertatik pasatzen diren pertsonak ikusten ditut bertan gelditzen berarekin hitz egitera bere lore eta barazkien inguruan. Aitzurrarekin lanpeturik jarraitzen badu ere, emakume zoragarri hori duela ia 100 urte jaio zen Oiz mendiaren magalean.

Aurten, Erresuma Batura joateko bidaia prestatzen ari naizela, Maitek bere gaztaroari buruz kontatu zidan istorio bat etortzen zait burura behin eta berriro. Larunbatero, bera eta bere ahizpak oinez joaten ziren euren herrixkatik Zornotzako merkatura arrautzak saltzera. Goiz osoa bertan eman ondoren, etxerako bidaiari ekin behar zioten. Bidaia luzea zen. Iritsi bezain pronto, goizean irabazitako diru guztia nebari ematen zioten herriko tabernara edatera joan zedin. Istorioa oroitzen dut, suposatzen zuen bidegabekeriaz gain baita ahizpek merkatura joateko egin behar izaten zuten bidaiaren irudiagatik ere. Emakume indartsuak. Euren familiak sostengatzen dituzten emakumeak. Emakumeak lanean. Bizitza sostengatzen duten emakumeak. 1937an, horrelakoak izan ziren Gernikako bonbardaketan hil ziren emakumeak.

Aurten, Erresuma Batura joateko bidaia prestatzen ari naizela, emakume horiek guztiak ditut buruan. Nire buruan daude, haien oroimenez ez dagoelako oroigarririk plazetan, oroituak izan beharko luketen tokietan. Hirigunean jada diren gizonezkoen hamaika estatuei eskultura berri bat gehitu zaie. Gerra Zibileko bi euskal gudari irudikatzen dira bertan. Ausardia osoz borrokatu ziren gizonezkoek merezi duten errespetu osoarekin, uste dut irudia ez dela egokia. Bi gizon armak eskuetan dituztela irudi bortitza eta oldarkorra da. Deseroso eta gogaituta sentiarazten nau.

Horrelako irudiek ez dute lekurik gune publikoetan. Ikastetxeetan, gure seme-alabek gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzen eta inklusioaren eta berdintasunaren garrantzia ikasten dute. Gerra Zibilean gertatu zena oroitzea ezinbestekoa bada ere, hori egiteko hainbat modu daudela uste dut. Merkatura bidean ziren hiru emakume euskaldunen eskultura Gerra Zibila oroitzeko modu askoz positiboagoa eta modernoagoa izango litzateke. Hiru emakume indartsu bizitza sostengatzen. Hiru emakume indartsu argia begietan, besoak zabalik eta abegikor. Ba al da Euskal Herria hobeto irudikatzeko modurik?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna