Xabier Amuriza.
Pascalen esferatik

Eternitatearen erdia

2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Eternitatea erdibitu nuen.
Erditik kendu nintzenean,
bi erdiak berriz batu ziren.

«Zu ere piztuko zara!»
diozu onbera, Pascal.

Ulertzen ditut arrazoiak
zure bihotzak dituenak,
baina nik ez dut, Pascal,
pizterik kontenplatzen,
ez arrazoiz, ez bihotzez.

Eternitatea
oso suabea da.
Dinosauroen aro
guztia igaro nuen
batere sufritu gabe.

Fedeen predikariek senperrenak eragin zizkiguten eternitatea irudiarazten. Mila urtez behin, txori batek hondar-ale bat darama Kontxako hondartzatik. Hondartza agortzen denean, eternitatea (infernua) hasi besterik ez da egingo. Garunak toperaino estuturik, mila urteko puska ere irudikatu ezin bagenuen, nola atxiki behar genuen eternitate osoa? Tortura mental bat. Nire ahalmena kopuru astronomikoetan ere galtzen da, nahiz hauek mugatuak izan. Adibidez, milioi bat argi-urteko distantzia. Bai irudika dezaket azken urtea edo azken kilometroa. Denik luzeenean ere, azkena aise atzematen dut. Inondik ere ez, azkengabea. Iristear naizela sentitzen dudaneko, izu-kolpe batek irensten nau. Ba ote da erarik eternitatea matematikoki adierazteko? Ba, matematikoki ezin bada, hitza badugu, baina edukia ez da existitzen. Alegia, ezin dugu jakin existitzen den ala ez. Eskerrak erditik kendu nintzen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.