Kike Garcia. Osasunako jokalaria

«Mendi beti duzu gainean; Jagobak askatasun handiagoa ematen dizu»

Eibarren bost urtez jokatu ostean, aurrelariak proiektu «zoragarria» aurkitu du Osasunan. Mendilibarren falta sumatzen du: «Aita bat bezalakoa izan da niretzat». Arrasaterekin ere «oso eroso» sentitzen dela dio.

IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Partida apur batzuk aski izan ditu Kike Garciak (Motilla de Palancar, Espainia, 1989) zale gorritxoak poltsikoan sartzeko. Borrokalari fina da zelaian, eta handik kanpo ere kalitatea dario.

Europako postuetan zaudete ligako lehen laurdena betetzeko gutxi falta denean. Martxa honetan, pasaportea berritu beharko duzue.

Hau hasi besterik ez da egin! Apur bat irregular aritu gara; etxetik kanpo dena irabazi arren, etxean puntu gehiago lortzea espero baikenuen. Partida onak egin ditugu Sadarren, baina kosta egin zaigu lehen garaipena lortzea. Itxura aldetik, Osasuna on bat ikusi da, azken urteetako jokoa egiten jarraitzen duena. Lehia guztiak irabazten saiatu gara, eta etxean, akaso, gehiegizko gosea izan dugu batzuetan. Ero-eroan aritu ginen Valentzia eta Betisen kontra. Ordea, onerako zein txarrerako, hori da Osasuna. Pentsamolde ausart horri esker irabazi genion Rayori.

Zama handia kendu duzue gainetik Sadarren lehen garaipena lortuta?

Bai, noski. Dudan esperientziarengatik, etxean fidagarria izatea funtsezkoa da helburuak bete ahal izateko. Alde horretatik, arindu handia eta sekulako poza hartu genuen azken lehian. Aurrenekoz jokatu nuen gorritxo moduan zalez betetako Sadarren, eta ikusgarria izan zen. Hitzik gabe gelditu nintzen. Urduri ere banengoen hainbeste zale ikusita.

Estadio hutsetan jokatu duzue urte eta erdiz. Orain, betiko baldintzetara ohitu beharrean izango zarete.

Arraroa da, azkenaldian soilik taldekideen eta teknikarien ahotsak entzuten genituelako. Aldaketa handia nabaritu genuen zaleak itzultzen hasi zirenean; bada, pentsa orain, estadioak berriz ere goraino betetzen hasi diren honetan. Emozioak kudeatzen jakin behar da, eta horrekin zerikusia izan dute etxean galdu ditugun partidek. Egokituko gara. Garbi dago futbola zaleena dela, eta sentiarazten dizutena oso berezia da. Ni oso jokalari sentimentala naiz, zale bat gehiago naiz zelaian, eta luxua da harmailak beteta ikustea. Beste kirol bat da.

Oro har, babes handia jaso zenuten Rayoren aurka; Chimy Avilak, ordea, gaitzespen oihuak entzun zituen zale batzuen partetik, udan argazki bat argitaratu zuelako Santiago Abascalen irudia zeraman kamiseta bat jantzita. Zuk zer iritzi duzu aferaz?

Gogorra da taldekide baten kontrako oihuak entzutea. Chimyren bertsioa entzunda, errugabea dela sinesten dugu. Ea egoera lehenbailehen konpontzen den, Chimy gutariko bat delako. Dena ematen du armarriaren defentsan, eta asko lagun diezaguke helburuen lorpenean.

Zuk, ordea, loreak besterik ez duzu jaso uda honetan Osasunara iritsi zinenetik.

Amets bat eta ohore handia da klub honetan aritzea, nirekin bat datozen balioak ordezten baititu. Proiektu zoragarria da, eta urte asko eman nahiko nituzke hemen. Iruñean besoak zabalik hartu nau jendeak, eta zelaian gauzak ongi ari zaizkit ateratzen. Baloiarekin gutxiago edo gehiago asmatu dezaket, baina ziurra da azken minutura arte dudan guztia emango dudala. Esfortzua negoziaezina da niretzat; beti esan dut. Osasuna ere, klub moduan, horrelakoa da.

Gauza on asko egin duzu orain arte zelaian. Adibidez, bizkarrez sekulako hauspoa eman diozu taldeari. Zein da halako egoeretan nagusitzeko sekretua?

Espazioa utzi, gorputza sartu eta espazioa irabazten jakitea. Erraza dirudi, baina indar handia behar da gerritik behera. Bizkarrez egiten den jokoak garrantzi handia du, taldeari arnasa hartzeko aukera ematen diozulako atzean sartuta dagoenean. Erdiko atzelariek badakite baloiak luze jokatuz gero nik falta bat behartu dezakedala edo jokaldiari jarraipena eman diezaiokedala.

Didier Drogba berarekin alderatu zaituzte. Hitz handiak dira horiek, ala?

Alde handia dago, eta hobe ez banaiz halako konparaketekin itsutzen [barreak]. Celtaren kontra egin nuen jokaldi batengatik izan zen: bularrez kontrola egin, buelta erdia bizkor hartu, eta indarrez astindu nuen baloia. Drogbak bazekien golak modu horretan sartzen; niri, ordea, jaurtiketa gelditu egin zidan Diturok, Celtako atezainak.

Horren harira, erreferenterik izan duzu futbolaren munduan?

Gaztea nintzela, gol asko sartzen ikusi nituen Fernando Morientes, Raul eta Patrick Kluivert. Ehiztari bikainak ziren area barruan. Asko erreparatu nien, baina denborarekin, jabetu nintzen oso ona izan beharra zegoela haiek egiten zutena egiteko. Gaur egun, nire estilo propioa lantzen dihardut, baina inguruan ditudanen bertuteak barneratzen saiatzen naiz. Egunero ikasten jarraitu nahi dut.

Aurrelari fisikoa eta borrokalaria izateaz gain, badakizu taldekideekin jokaldi finak egiten. Torresekin, adibidez, oso harreman ona duzu.

Oso erraza da Roberrekin elkar ulertzea, talentu ikaragarriko jokalaria baita. Hormarena egiterakoan, baloia nahi duzun tokira bidaltzen dizu. Borrokatzea eta golak egitea oso garrantzitsua da, baina uste dut taldekideekin konbinatzea ere badela nire zereginetako bat. Mendilibarrek esan izan duen bezala, golak futbolean ondo jokatzearen ondorio dira. Oraingoz bi egin ditut, eta pozik nago, gehiago nahi dudan arren.

Harengatik galdetu aurretik aipatu duzu Mendilibar. Haren falta sumatzen duzu?

Nola ez! Haren errietak, garrasiak… Aita bat bezalakoa izan da niretzat. Funtsezkoa izan da nire kirol ibilbidean. Urte asko igaro ditugu elkarrekin. Hori bai, uste dut ondo etorriko zaigula denbora batez banatzea [barreak].

Jagoba Arrasatek ez du halako jeniorik, ezta?

Ezberdinak dira alde horretatik. Mendik askoz gehiago estutzen zaitu entrenamenduetan. Beti duzu gainean. Jagobak, ordea, askatasun handiagoa ematen dizu. Lasaiagoa da. Bakoitzak bere izaera eta bere metodoa dauka. Futbolari dagokionez, baina, oso antzeko filosofia dute; biek eskatzen dute ausartak izatea, aurrerantz defendatzea, aurkariaren zelaian jokatzea eta erdiraketa asko egitea. Eta funtsean, biak oso pertsona gertukoak dira. Kaleko edozein pertsonak bezala jokatzen dute, normaltasunez, eta halakoak garenok oso eroso sentitzen gara gisa horretako entrenatzaileekin.

Eta Osasuna eta Eibarren artean, handia da aldea?

Osasuna klub handiagoa da. Tradizio handiagoa du gorengo mailan, eta masa sozialean ere badago aldea. Horrek presioa dakar berekin. Eibarren, apalagoa zen exijentzia maila. Han oso gustura egon nintzen, eta hemen ere, oraingoz, etxean bezala sentitzen naiz. Sekulako multzoa aurkitu dut: batasun handia dago jokalarien eta talde teknikoaren artean. Gainera, deigarria egin zait kapitainek multzoa kudeatzeko duten gaitasuna. Nafar bat gehiago sentitzen zara Osasunara iritsi orduko. Asko eskertzen da.

Eibarren eskutik iritsi zinen elitera, 2016an. Aurrez, denboraldi eta erdiko egonaldia izan zenuen Middlesbroughen, Ingalaterrako Bigarren Mailan. Eta han ere, teknikari euskal herritar bat izan zenuen: Aitor Karanka.

Bai, bitxia da. Eta harekin ere oso gustura ibili nintzen. Espainiako selekzioaren azpiko mailetatik ezagutzen genuen elkar. Premier Leaguera igotzeko proiektu bat osatu nahi zuen, eta konfiantza handia igorri zidan. Maletak egin, eta Ingalaterrara joatea erabaki nuen. Esperientzia ederra izan zen, nahiz eta lehen denboraldian ez genuen igotzerik izan. Hurrengo sasoian igo zen Middlesbrough, baina ni neguko merkatuan irten nintzen, Eibarrekin fitxatzeko.

Ordea, berandu iritsi zen fitxa, eta ezin izan zintuzten ligan erregistratu. Geldi egon behar izan zenuen hurrengo denboraldira arte. Nola oroitzen duzu egoera hura?

Kolpe gogorra izan zen. Gauzak gaizki egin ziren, eta egoera surrealista baten erdian ikusi nuen neure burua. Fitxaketa apurtu eta Middlesbroughen jokatzen jarraitu nezakeen, baina Eibarrek konbentzitu egin ninduen. Zazpi hilabetez egon nintzen jokatu gabe. Entrenamenduetan bat gehiago nintzen, baina gero banekien partidak harmailatik ikusi beharko nituela. Baina, tira, itxaronaldiak merezi izan zuen, Eibar mugarria izan baita nire ibilbidean. Salbazioa nahiko erraz lortzen genuen urtero, iaz jaitsi ginen arte. Urte itzelak izan dira.

Osasunan ere mailari eutsita konforme?

Benetan diotsut: salbazioa lortzea da nahi dudan gauza bakarra. Aurreko sasoia oso gogorra izan zen Eibarren, eta oraingo hau lasaiagoa izatea nahiko nuke. 40 puntuko langa azkar gaindituko bagenu, eta helburu handiagoren bat eskura edukiz gero, ez genioke muzin egingo. Bide onean gaude, hamalau puntu ditugu jada, baina ezin gaitezke lokartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.