Rikardo Arregi Diaz De Heredia.
HIRUDIA

Nola adierazi

2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Ez dut nire hirudikideen artean jelosia piztu nahi, baina egunkari honetan bertan, beste atal batean, Juanjo Olasagarrek idatzitakoa izan dut buruan bueltaka azken egunotan, horrela gauza etxean gelditzen da behintzat. Juanjo Olasagarrek literaturan sentimenduek duten paperaz idatzi zuen eta horretarako Amália Rodriguesen fado ospetsuenetako bat ekarri zigun, Lágrima. Hitzak sentimentalegiak izan daitezke, baina ez doaz bakarrik, musika dago, eta emaitza bikaina da, musika arte-lan txiki horretan oinarri nagusia baita: sentimentalkeria, beraz, atzean gelditzen da.

Gai berberaz aritu zen Jorge de Sena poeta portugesa (ai, lotura lusofonoak!) Schuberten abestiei buruzko poema batean: Schuberten abestiak Wilhelm Müllerren testuekin. Jorge de Senak 1968an Arte de Música poema liburua argitaratu zuen (geroago handitu egin zuena), bertan musika eta musikariak dira poesiagai, Bach eta Wagner, baina baita Edith Piaf edo Arnold Schönberg ere. Schubertek poeta askoren testuak erabili zituen bere abestiak egiteko: poeta handiak edo hilezkorrak, nahi baduzue, Goethe edo Heine bezalakoak; eta gaur egun ezezagunak diren poeta txikiagoak, edo ez hain ezezagunak, ezagunak baitzaizkigu Schubertek erabili zituelako.

Horietako bat Wilhelm Müller (1794-1827) zen. Bizirik zela, haren poema abertzaleak (alemanak) eta filohelenoak izan ziren irakurrienak, Erromantizismo alemaniarraren gai tipikoak, ez hainbeste amodioari buruzkoak, Schubertek aukeratu zituenak abesti zikloetarako: Neska errotari ederra eta Negu-bidaia. Are gehiago, azken poema horiek sentimentalegiak ziren garaiko kritikarako, eta ez ahantzi Erromantizismo betean gaudela. Horrela hasten da Jorge de Senaren poema: «Sentimentalismo hutsalerako poemak ziren,/ duinak izateko inolako kategoriarik gabeak./ Kritikak horrela dio...». Baina, baina, eta hor dator poemaren garapena, Schubertek hitz beharbada pobre horiekin lortzen du maisulan miragarria. «Nola izan zen posible?», galdetzen du Jorge de Senak. «Musikak eman zien poemei poemek ez zutena? Edo poemek/ bazuten poesiak batzuetan izan ahal duena poesia/ zehazki izan gabe...?». Musika handia egin da poesia txarrarekin, eta alderantziz. Zer gertatzen da? Jorge de Senaren erantzuna haren pentsamendu poetikoarekin bat dator, jakina: poesiaren oinarrian ahotsa dago, eta musikak hitz pobre horien artean ezkutaturik zegoen ahots hori, poesia alegia, deskubritu egin du, azaleratu. Egia da Andrés Neuman saiatu zela Müllerren lana (Winterreise, Negu-bidaia) berreskuratzen Acantilado argitaletxerako 2003an egin zuen itzulpenarekin (Neska errotari ederra zikloarekin ez zuen saiakera bera egin), baina edozeinek aitortuko du hori ez dela benetako Negu-bidaia. Noski, Wilhelm Müllerren poema sentimentalegirik gabe, eta Negu-bidaia hobexeagoa da, Schuberten abesti eder horiek (lieder) ez ziren existituko.

Literatura sentimenduak, giza esperientziaren beste atal guztiak bezala, adierazteko dago, inork ezin du hori ukatu. Arazoa ez da beraz, nire ustez, literaturak ihes egin behar dien sentimenduei ala ez, baizik eta nola adierazi sentimendu horiek. Guztiok egon gara triste, guztiok egon gara pozik, guztiok maite egin dugu, guztiok sufritu dugu, guztiok eseri gara itsasoaren aurrean eta ederra dela pentsatu. Arazoa da nola esan hori: triste nago, maiteminduta nago, utzi naute, itsasoa ederra da. Horretan saiatzen gara idazten dugunok, ezta? Batzuetan lortzen dugu, askotan ez. Era berean, badakigu hori egiteko mila modu dagoela, zailak eta errazak, dotoreak eta ziztrinak, merkeak eta duinak, eta sentimenduen benetakotasuna ez dela ezeren bermerik. Hor ditugu liburuak, aspaldian idatzi zirenak eta gaur egun idazten direnak. Hor Wilhelm Müllerren kasuak iradoki ahal duen kontsolabidea: txarra izan arren, agian egun batean, musikari batek, margolari batek, auskalo nork nire poema bat hartuko du eta...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.