Donostiako Aste Nagusia

Eason, bertsoz bustita

Bertsolariek turismoa, presoen gerturatzea eta harremanak izan dituzte hizpide Donostiako Easo plazako saioan, astelehenean

Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio aritu ziren bertsotan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Lurra bustita dago Easo plazan. Astelehena da. Ateri badago ere, jendea aterkia eskuan atera da Donostiako atarietatik. Plazan, kiosko hutsaren aurrean plastikozko aulkiak jartzen dabitza bi langile. Konturatu baino lehen, aulki denak bete dira, jendea atzean zutik jarri da, eta, 12:30eko kanpaiak entzun eta berehala, lau gizon eta emakume bat igo dira oholtzara. Txaloka jaso ditu Donostiako publikoak Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak eta Unai Elizasu gai jartzailea.

Agurren ostean, «igogailuetako elkarrizketez» kantatu dute laurek. Umorea alde batera utzita, Mediterraneoan hildako milaka pertsona izan dituzte hizpide Elortzak eta Lujanbiok, eta Mendiluzek bere semearentzat eta aitarentzat fardelak erosteak esan nahi duenaz bota ditu bertsoak.

Barrez ere jarri dituzte entzuleak. Elortzari puntuak jarri dizkiote beste hirurek. Lan bila dabil Elortza, eta elkarrizketak egin dizkiote. Aste Nagusian lan egin nahi ote duen galdetzean, honela erantzun du: «Estu hartu nahi nauzu, holako auzian/ festa maite baitut nik, data berezian/ hurrengo asterako, utzi hobe agian».

Zaparrada bikoitza

Gertu eta urruti hitzak izan dituzte hizpide Lujanbiok eta Gaztelumendik, eta euskal presoak gerturatzearen alde txalo zaparradak bete du plaza. Hala ere, beste zaparrada batek busti du plaza Mendiluze eta Elortzak ekin diotenean: euri zaparradak. Plaza aterkiek estali dutenean, bertsolariak umetako etxea hustean dituzten sentimenduez mintzatu dira, eta honela esan du Mendiluzek: «Gurea bukatu da, etxea akabo/ lainoak bezelaxe, ni re triste nago». Berehala atertu du, eta aterkia itxi du Ane Belokik ere, bere aitarekin bertsoak entzutera joandako bertsolari legazpiar gazteak: «Aukera polita da goi mailan dabitzan bertsolariak izatea plaza honetan».

Lujanbiok turismoaz kantatu du, eta Gaztelumendik beste bertsokideekin Donostian eginiko parrandez, oso umoretsu. Lujanbiok eta Mendiluzek bikote kimikari baten rola hartu dute, harreman «toxikoarekin». Beste pare bat bertsoren ondoren, txaloka agurtu dute elkar bertsolariek eta bertsozaleek, saioaren amaieran.

Atzealdean, Tere Arizti zutik dago, txaloka, aterkiari hala moduz helduz. Legazpiarra da, baina aspaldian Donostian bizi da. Senarrarekin joan da bertso saiora: «Donostiako kaleetan askotan ez da euskal giroa sortzen, eta Easo plazan izaten diren bertso saioek pentsarazten didate Donostia, hiri oso euskalduna ez bada ere, euskalduna izan daitekeela». Euskara arnasten da Easo plazan, eta usaindu, «txorizo perfumea» usaintzen da gehienbat. Mieltxo talogileak irribarre egin du bertsolariek bere taloen «propaganda» egin dutenean.

Azken lerroan eseritako adineko gizon batek ere gogotik egin du txalo; aspaditik urtero etortzen da Easo plazara: «Lehenago egunero jartzen zituzten bertso saioak hemen. Orain, hiru egunetan bakarrik: penagarria da».

Gaur, 12:30ean, Easo plazan Unai Agirre, Unai Gaztelumendi, Alaia Martin eta Aitor Sarriegi arituko dira bertsotan, eta Inaxio Usarralde gaiak jartzen. Etzi, berriz, ordu eta leku berean, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Oihana Iguaran eta Beñat Mujika izango dira, Saroi Jauregi gai jartzailearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.