Musika

Bakarralditik taldera

Publikoaren babesik jaso ez zuen disko arriskatu bat kaleratu eta bost urtera itzuli da Arcade Fire, 'We' lanarekin. Ezagun egin zuten ezaugarriak berreskuratuta eta kolektibotasunari indarra emanda dator

Win Butler, 2018ko ekainean, Zurichen. ENNIO LEANZA / EFE.
mikel lizarralde
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun

Iragana eta oraina. Arcade Fire talde quebectarraren seigarren diskoa (We) bi denbora kontzeptu horien gainean dago ardaztuta. Pandemiaren aurretik gizakia izan zenaz, eta gaur egun denaz edo izan beharko litzatekeenaz. Jakinda mundua eta harremanak ulertzeko modua aldatu dela, baina eraldaketa horrek ekar lezakeen onena baliatzeko gogoz. Atzodanik kalean da diskoa, Win Butlerrek eta Regine Chassagnek gidatutako taldearen seigarrena.

 

Funeral (2004), The Neon Bible (2006) eta The Suburbs-ekin (2010) XXI. mende hasierako talde laudatuenetako bat bilakatu zen Arcade Fire, epika, erritmo aldaketa deigarriak, dramatismoa eta —batez ere hirugarren diskoan— ukitu sintetikoak uztartuta. Azken hamarkadan, ordea, taldearen norabide aldaketek ez zituzten ase jarraitzaileak, eta batik bat taldearen bosgarren diskoko doinu funk dantzagarriek (Everything Now, 2017) oso harrera epela izan zuten.

Alde horretatik, atzera-buelta baten gisa uler daiteke We; izan ere, elementu sintetiko eta dantzagarriei eusten dien arren, konexio agerikoagoak erakusten ditu taldearen lehen hiru diskoekin.

Pandemiaren garai gogorrenetan konposatu zuten We, eta aurreneko parteak konfinamenduak eragindako egonezinari, beldurrari eta bakardadeari erreparatzen die —Age of Anxiety I, Age of Anxiety II (Rabbit Hole), End of The Empire IV (Sagittarius A)—, pianoari protagonismo handia emanez baina aldi berean pasarte elektronikoak tartekatuz, eta dinamika aldaketak bilakatuz kantu askoren ezaugarri nagusi.

Bigarren parteak, ordea, komunitatearekin elkartu izanaren poza ekartzen du lehen lerrora, batzuetan bigarren jaiotza baten moduan irudikatuz (The Lighting I eta II). Amaierarako uzten du, berriz, baikortasunez nahiz zalantzaz beteriko kantu akustiko bat, We: «Dena amaitzen denean, egin ahalko dugu hau dena berriro ere?».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.