TRAIZIOAREN ITZULBIDEAK

Atzerriko hizkuntzaren eta xede hizkuntzaren arteko negoziazio etengabean bizi da literatur itzultzailea; jatorrizko obra traizionatuz sarri, hain justu, harekin fidel izateko. Itzaletako lanbidea da haiena, eta baldintzak makurtzen ari dira. Langintzarekiko pasioak eusten du ofizioa.

BERRIA.
itziar ugarte irizar
2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Traduttore, traditore. Itzultzaile oro da traidore. Hala dio adierazpen italiar ezagunak. Itzultzaileak traidorea behar duela izan; baldin eta jatorrizko obra bere ñabardura eta jite guztiekin eramango badu bere hizkuntzara. Paradoxikoa izan daiteke: batik bat, fidel jokatu behar baitu jatorrizko obrarekin itzultzaileak, itzulitako lanak ere originalak besteko eraginak sor ditzan irakurlearengan. Noraino askatu jatorrizkotik, noraino mantendu hari estu loturik; tentsio horretan bizi da literatur itzultzailea. Nahiko itzalpean bizi ere; ikusezina baita sarri askotan haren lana.

Juan Garzia Garmendiaren hitzetan (Legazpi, Gipuzkoa, 1955) , «traizionatzeko modu asko daude, literaltasun itsutik hasita, eta ez dira itzultzaileak, esaeraren kontra, traidore bakarrak edo zitalenak». Hamaika literatur lan ekarri ditu euskarara Garziak —Borgesen Ipuin hautatuak-ekin hasi eta William Shakespeareren Sonetoak arte, besteak beste—, eta, edozein modu eta moldetan, gauza bat argi dauka: itzulpen oro dago ezintasunera kondenatuta. Jatorrizko obraren «bertsio bat» izango da itzulpena. «Itzulgai den obratik moldaketak egiterakoan noraino jo daitekeen, edo jo behar den, obraren izaerak eta erabilerak seinalatuko du kasuan-kasuan, eta ez du zentzurik aurretiaz doktrina itxi bat izatea horretaz», azaldu du. Hala, itzulpena «arte praktiko bat» da Garziarentzat.

«Hortik abiatu behar gara; beste obra bat da». Itzulpena ez da inoiz jatorrizko obra izango, argi du hori Bego Montoriok (Bilbo, 1959). Aurrenekoz, Tahar Ben Jellounen Bakarkako isolamendua ekarri zuen euskarara, 1990ean, eta ordutik era askotako lanak itzuli ditu. Azken boladan, batez ere, komikiak itzuli ditu; gaztelaniatik eta frantsesetik. Haren ustetan, «zintzo» jokatu behar du itzultzaileak jatorrizko obrarekin, beharrezko «lizentziak» hartuta, lerro artekoa ere ekartzeko; dela musikalitatea, erritmoa, edo testuaren tonua. Metafora batekin osatu du azalpena: «Marmolezko eskultura bat daukazu aurrean, eta egurretan berregin behar duzu. Egurraren berezko ezaugarrietara egokitu behar zara. Ezin da berdin landu egurra eta marmola, eta hori da gure lana».

Beste modu bateko traiziotzat har daiteke jatorrizko testutik ez, beste itzulpen batetik abiatzen badu bere lana itzultzaileak. Amaia Apalauza Ollo (Iruñea, 1979) ohituta dago horretara. Dovlatoven Filiala itzuli du Aroa Huarterekin, katalanezko, gaztelaniazko eta ingelesezko itzulpenak erabilita. «Egongo da esaten duenik jatorrizkotik itzultzen ez bada, ez dela fidagarria. Baina obra asko itzuli egin dira zubi hizkuntza bidez», adierazi du. Edonola, zubi hizkuntza bidez itzultzean jatorrizkoan zehatz zer esaten den jakiteko beharra izaten du berak. «Kasu honetan, errusierazkoak zer zioen jakiteko jo nuen Aroa Huarterengana, eta berak lagundu zidan ilun xamarrak ikusten nituen esaldiak argitzen. Punta ateraz, punta ateraz, lortzen duzu bertsiorik fidagarriena», dio. «Azkenean, irakurri beharko genuke euskaraz Dovlatov, Dovlatovek euskaraz idatzi izan balu bezala. Ez genuke itzultzailearen ahotsa nabaritu behar, baina guretik ere ematen dugu, dudarik gabe».

Itzulpena «beste obra bat» dela ez du hain argi ikusten Gerardo Markuletak (Oñati, Gipuzkoa, 1963). «Guk ezin dugu beste obra bat idatzi, berbera idatzi behar dugu; jatorrizko hizkuntzak eta itzuli hizkuntzak uzten diguten neurrian, zeren beti dira hizkuntza diferenteak, mediazioak behar dira, eta horretarako dago, hain justu, itzultzailea».

Aberatsa, dirutan salbu

«Gerardo izango da gurean literatura itzultzetik biziko den bakarrenetakoa, bakarra ez bada», aipatu du Montoriok. Eta hala baieztatu du Markuletak berak: «Bizi, gainbizi, biziraun. Oso modu apalean. Literatura itzultzea oso lanbide aberasgarria da, baina zentzu metaforikoan bakarrik. Nik, hala ere, oso maite dudan lan bat da; etxean egiten dut lan, literaturaz eta idazlez inguratuta... Barrutik oso aberasgarria da». Ez da literatur itzultzaile gehienen egoera, ordea. Montorioren esanetan, literatur itzultzaileak «nahitaez» egin behar ditu beste lan batzuk; egun, itzulpen irakaskuntzarekin bateratzen du berak. Apalauzak berretsi du: «Literatura itzultzea beti da lan orduetatik kanpo egiten dugun zerbait, beste plazer bat ematen dizuna, noski, baina diruz ez da errentagarria ateratzen».

Aho batez diote azken urteetan lan baldintzak okerrera egin dutela. Egungo aldarrikapen nagusiak, batik bat, epeei eta ordainketei lotuta aipatzen dituzte. Montorio: «Hori gabe ezin da ezer lortu. 150 orri bost egunetan eskatzen dizute, eta ez da posible». Ildo bertsutik Apalauza ere: «Askotan sentitzen dugu nahi dutela azkar, ongi eta, gainera, merke». Tarifekin dute, gaur egun, borrokarik handienetako bat.«Merkatua, oro har, prekarizatu da; ez itzulpengintzarena bakarrik». Apalauzaren esanekin bat dator Markuleta: «Azkenaldian, krisiaren aitzakiarekin, baldintzen kaskartze sakon bat egon da. Baina inoiz ez da ondo ordaindu lan hau. Eta, gainera, esango nuke Euskal Herrian apurtxo bat hobeto ordaintzen dela. Euskaratik gaztelaniara itzuli dudanean, merkatu handiago batera joanda uste nuen baldintzak hobeak izango zirela, baina ez, askoz okerragoak aurkitu ditut». Horren atzean lanbidearekiko aitortza falta ikusten du berak: «Ez zaio ematen daukan garrantzia. Itzultzaile gabe ez dago literaturarik, baina inor ez da horretaz ohartzen. Sartzen dugun ordu pila ez da ordaintzen. Kalkulua egingo banu nire ordu batek zenbat balio duen konparatuta beste edozein langilerenarekin, eta ez dut egiten beldurragatik, seguru nago galtzen aterako nintzatekeela».

Batik bat, enkargu bidez egiten du lan itzultzaileak. Enkargurik gabe ez dagoela itzulpenik dio Markuletak. «Idatzi eta gero hastea argitaratuko dizun norbaiten bila sorkuntza lanekin gertatzen da, baina itzulpenekin ezin da halakorik egin». Enkargurik izan gabe, ez du sekula gustuko obra bat osorik itzuli. «Behin gertatu zait enkargua eta argitaratzeko promesa izan, kobratu eta gero ez argitaratzea. Kaxoi batean geratu zen. Platero eta biok zen lana, Juan Ramon Jimenezena. Labankada larria izan zen».

Itzulpen lan bat argitaratzea, oro har, «nahiko zaila» dela iruditzen zaio Apalauzari. «Muturra sartzea da kontua, eta ez etsitzea», dio, eta Literatura Unibertsala bilduma «tranpolin bat» dela horretarako: «Mundu horretara jauzi egiteko, eta norbere burua trebatzeko. Halako aukerak aprobetxatu egin behar dira gurean».

Errezeloak eta ekarpenak

Argitaratzen diren itzulpenak kalitate mailan asko irabazi dutela ados dira. Aldiz, euskarazko itzulpenekiko «nolabaiteko aurreiritziak» bizirik dirauela uste du Montoriok. «Jendeak nahiago du euskaraz jatorriz idatzitakoa irakurri, euskarara ekarritakoa baino. Literatura Unibertsaleko liburuek, adibidez, oso salmentatxikia dute, ez dugu lortzen irakurlearengana heltzea». Urrunago joan da Garzia: «Euskaldun askorentzat, euskarak bere txoko diglosikoa baino ez du betetzen. Sintomarik nabarmenena, baina ez inondik ere bakarra, filmen bikoizketen porrot etsigarria da. Hizkuntza guztietan bezala, prozesu bat da hizkuntza horretan mundu zabal osoa adieraztera iristea eta hiztunak ohitu eta normalizatzea; gurean, hala ere, hainbatek harro baztertzen ditu bere txokoko arrunkeriatxoetatik haragoko guztiak; gainerakoetarako, erdara du noski».

Ustezko zailtasuna eta ohitura falta «sorgin gurpil bat» da Montoriorentzat. «Unibertsitatean ikusten dut: euskaraz ikasketak egin dituzten euskaldunek askotan gehiago landu dute irakurtzeko gaitasuna erdaretan euskaraz baino, eta horrek baldintzatzen du euskarazko irakurketa. Arazo bat da, euskaldunok balio altuko kultura hori euskaraz jasotzea ere garrantzitsua baita».

Apalauza ez da hain ezkorra. Euskarazko itzulpenekiko errezeloak gainditzen ari direla uste du, eta lan itzuliak irakurle taldeetan maizago irakurtzen direla da horren erakusgarri harentzat.

«Lehen baziren aurreiritzi kaxkar batzuk, etxekoa literatur itzulpenaren aurretik jarri behar zela, eta itzulpenak ez zirela benetako euskara... Hori asko leundu da», erantsi du Markuletak. Euskarazko literatura itzuliarekin gozatzen dutenak gero eta gehiago diren inpresioa du hark ere.

Neke berezi eta sarriak

Euskararen «garapen fasean» ekarpen handia egin badu ere itzultzaileak, hori berori oztopo izaten da aldiro euskal itzultzailearentzat. Hala azaldu du Garziak: «Euskararen garapen fasea kontuan harturik, aurretik landu gabe dauden erregistro eta estiloak berak sortu eta irakurleari ahalik eta sinesgarrien egitea da neke berezi bezain sarria gurean, kultura hizkuntza helduagoetako itzultzaileekin alderaturik». Hizkuntza bikote bat edo beste izan, Garziarentzat, alderik handiena ez du hizkuntzak markatzen, idazkerak baizik. Nolanahi ere, itzultzaileak hizkuntza bakoitzarekin duen harremanak ere baldintzatzen du itzulgaiarekiko lana, Garziaren esanetan. «Batzuetan, gehiegi tira egin lezakete itzulgaiaren ñabardurek ondoegi ezagutzen dugun hizkuntza batean datorrenean, eta ondo dator, beharbada, arrotzago izatea hura, xehekerietan ez galtzeko».

Montorioren kasuan, erdaretatik euskarara ekarri lan bat, edo alderantziz, alde handia igartzen du. «Nola planteatzen dudan itxaro Borda erdaratzea, edo Edorta Jimenez, ez dauka zer ikusirik». Nolanahi ere, formarekiko tentsioa izaten da, harentzat,itzultzaileren erronketan zailena. Forma ekartzeko xede hizkuntzan oinarri sendoa behar dela dio, hargatik. «Lana gehiago izaten da askotan egiaztatzea zuk uste duzun ñabardura hori duen hitzak, edo corpusetan begiratzea ea hala erabili izan den», aipatu du.

Markuletarentzat ere korapilo askatzenzailenak «testualak» izaten dira: doinua harrapatzea, erritmoak imitatzea. «Euskaratik gaztelaniara harrapatua diot musika, baina frantsesetik edo katalanetik euskarara tokatzen zaidanean zailtasun handiagoak ditut musika hori gurean emateko. Erlatibozko famatuak ere hor daude, hizkuntza erromanikoetan etengabekoak dira, eta euskaraz ez du zentzurik», zehaztu du.

Apalauza Kazuo Ishiguroren The Remains of the Day itzultzen ari da orain, Iñigo Roquerekin batera —Literaturako nobel saridunak euskaratzeko Jokin Zaitegi lehiaketa irabazi ostean—. Itzulpen honetan, erronka erregistroan asmatzean dute: «Ezin dugu idatzi Axularrek idatziko lukeen bezala, ez luke zentzurik, baina estilo jaso bat izan behar du, goi klaseko giroa jasoko duena. Dena oso hierarkizatua dago: maiordomoa, laguntzailea, neskamea, bizkartzaina... eta giro hori euskaraz Euskal Herrian ez dugu ezagutu. Badago terminologia bat berrixka dena guretzat. Erabakitzen ari gara».

Erabakiak hartu. Horretara beharturik dago itzultzailea. Eta itzulgaia zein generotakoa den ere, bada aldea. «Eleberri bat eta poesia liburu bat irakurtzen dituzunean dauden alde berberak», laburtu du Markuletak. «Poesia itzultzeko ez da derrigor poeta izan behar, baina bai izan behar da poesia irakurle amorratua», gehitu du gero. «Daukagun lexikoa daukagu, eta beti bilatuko dugu laburrena, eta laburrena segur aski ez da oso erabilia izango, eta hor hasten gara tranpak egiten, eta poema beste leku batzuetara eramaten. Inportanteagoa da poeman gertatzen den komunikazio ekintzari eustea, errima eta neurriari ez hainbeste».

Azkenaldian, euskal idazleen lanak gaztelaniara eramateko enkarguak jaso ditu Markuletak; Harkaitz Canoren Twist eta Anjel Lertxundiren Zu, esaterako. Kasu horietan, lanaren autorea gertu izatea laguntza handia izan daitekeela dio Markuletak. «Zatika bidaltzen joaten naiz, eta bueltan ohartxoak jasotzen ditut. Baina 'itzultzailea hi haiz e' esaten dizute. Azken hitza itzultzailearena izaten da. Behin edo behin, epearekin presaka genbiltzala-eta, bukaera aldera, egileak berak itzuli zizkidan kapitulu pare bat, eta zoragarri imitatu zuen itzultzailea, ez da ezer igartzen. Canoren Twist zen».

Itzultzailea ere idazle

Markuletaren lehen itzulpenak bere poema propioak izan ziren; gaztelaniaz idatzitakoak euskaratzen hasi zen itzultzen. Egun, itzultzetik atseden hartzen duenean jar daitekeela sortzera dio; itzulpena ez da sormenarentzat atseden bide bat harentzat, kontrakoa baizik. «Etengabe ari naiz literatura itzultzen; nobela bat ez bada, poema liburu bat, haur literatura... Halako batean enkargurik gabe geratzen banaiz, orduan jartzen naiz paper zaharrak arakatzen, poema berriak idazten». Hori bai, itzulpenari esker jantziago sentitzen du bere burua sortzeko orduan. «Itzultzean aurkitutako baliabideak nire ganbarara doaz, eta sortzean aldez edo moldez atera egiten dira».

Garziak lau narrazio liburu eta eleberri bat argitaratu zituen 1987-1996 bitartean. Haren ustez, literatura idatzi nahi duenarentzat entrenamendurik onena izan daiteke itzultzearen ariketa, «hizkuntzaren alde teknikoa lantzeko eta garatzeko behintzat». Ikuspegiari buelta emateari ere ikusten dio zentzua: «Genero jakin bateko itzulpen bat egiteari ekiten dionak aurretik trebaturik egon behar luke genero horretako testuak berak sortzen». Ofizioarekiko «obsesio puntua» ere behar dela dio.

Asko eta denetik irakurri, idatzi, eta itzuliz ikasten dela itzultzen, hori da Markuletak atera duen ondorioa; hori izan da, bederen, bere eskola. Hizkuntzen arteko zubia nola, irakurle berriaren eta obra originalaren artekoa ere bada itzultzailea, eta hor dago sekretua harentzat. «Askotan esaten da traduttore, traditore, itzultzailea traidore. Normalean, jatorrizko testuarekiko erabiltzen da, egilearekiko, eta uste dut leialtasuna beharrezkoa dela alde bietara; itzultzaileok tratua daukagu egilearekin, baina baita testu itzuliarekin ere. Ezin dugu jokatu jatorrizko testuarekin fidelegi edo irakurlearekin fidelegi. Jasoko duena irakurlea da, eta ezin gara jarri filologiko planean ezta ere. Irakurleak behar du iritsiko zaion testu bat. Oreka horretan dago gakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.