NEGU LUZEA DUTE AURREAN

Kontzertu aretoak ataka estuan jarri ditu koronabirusaren krisiak. Birusa ez hedatzeko onartutako neurriek eta gaueko ostalaritzari ezarritako baldintza murriztuek itolarrian jarri dituzte gehienak. Ziurgabetasunez betetako egoera hau aldatu ezean, zail ikusten dute irautea, eta laguntza eskatu diete erakundeei.

Gasteizko Jimmy Jazz aretoa. Talde murriztu batekin ari dira ekitaldi gutxi batzuk antolatzen. RAUL BOGAJO / @FOKU.
aitor biain
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Negutik negura igaro dira kontzertu aretoak. Sasoi hotzetik giro hotzera, eta neguaren gorritik larritasunaren gorrira. Dozenaka musika talde eta sortzaileren abaro izan dira urteetan, eta epela eman diete gehien behar zutenean. Baina birusa hedatzeari aurre egiteko neurriek, batetik, eta gaueko aisialdiari jarritako mugek, bestetik, ataka estuan jarri dituzte aretoak. Itxialdia tarteko, hilabete gogorrak pasatu dituzte gehienek, baina egutegiak aurrera egin ahala gero eta ilunago dakusate panorama. Durangoko Plateruenaren itxierak erreakzio soka luzea ekarri du, baina haren segidan etor daitekeenak kezka eragiten du sektorean.

Bilboko Kafe Antzokiak martxoaren 12an itxi zituen ateak, itxiera ofiziala agindu baino lehen, hain zuzen ere. Eta hala jarraitzen du ordutik. Urduritasun eta ezjakintasun handiko uneak izan zirela aitortu du Mikel Urbeltzek, aretoaren arduradunak: «Egoerari erantzuteko erabakirik arduratsuena zen, gure iritziz. Ez genekien zer zetorkigun gainera». Gainera zetorkiena ziurgabetasun egoera handi bat eta krisi latz bat zen. Izan ere, Kafe Antzokian 300 ekitaldi inguru antolatzen dira urtero, eta gehienak atzeratu edo bertan behera utzi behar izan dituzte, horrek dakarrenarekin. «Lehen pausoan, udazken-neguetara pasatu genituen, baina egoera luzatzeak 2021. urteari begira ipintzera behartu gaitu».

Agindua heldu baino egun batzuk lehenago itxi zituen ateak Gasteizko Jimmy Jazz aretoak ere. Skabidean eta Trikoma taldeen kontzertuak izan ziren konfinamendua ezarri aurreko azken ekitaldiak, Iker Arronizek gogora ekarri duenez. «Martxoaren 7a, larunbata: hura izan zen gure azken eguna. Hurrengo ostegunerako eta ostiralerako ere kontzertuak geneuzkan iragarrita, baita larunbaterako ere, baina bertan behera utzi behar izan genituen guztiak. Gaueko aisialdian ari garenok badakigu gure gain dagoela irudia, eta bagenekien ez zela halako ekitaldietarako momentu aproposa».

Harrezkero ez dute zuzeneko emanaldirik izan. Ekitaldi pare bat bai —«gehienak ekitaldi instituzionalak izan dira»—, baina gehiago ez. Konfinamendua ezarri zenetik, 60 bat kontzertu atzeratu zituzten, eta horietako hamarri-edo eutsiko diete bakarrik urritik abendurako tartean; beste guztiak atzeratu egin behar izan dituzte berriz. Izan ere, Arronizek argi du aretoei ezarritako irekiera baldintzekin «ezinezkoa» zaiela bideragarri izango zaien ekitaldirik antolatzea. «Baldintza hauekin, ez da posible. Gutxi batzuei eutsi diegu ez zuelako zentzurik gehiago atzeratzeak, eta guk ere ez dugulako itxi-itxita egon nahi. Baina ziurgabetasun handia dago, eta ez dakigu honek zenbat iraungo duen».

Iritzi bera du Urbeltzek ere, Kafe Antzokiari dagokionez: «Baldintza murriztuekin martxan jartzea defizitarioa da, musika, antzerki, dantza talde, areto, sustatzaile... soka guztiarentzat». Azaldu du azken hilabeteetan egin diren kontzertuak gehienbat titulartasun publikoko aretoetan egin direla, edo sor zitekeen diru galera diru publikoz estalitako emanaldi eta jaialdietan. Haien kasuan, ordea, egoera oso bestelakoa da, lanaren «izaera publikoa» aldarrikatzen badute ere areto pribatuak direlako. «Gure defizita gure heriotza litzateke», ziurtatu du.

Horregatik, hain zuzen ere, ez dute bideragarri ikusten jarduna berreskuratzea, ez egunez —gastu «itzelak» ekarriko lituzkeelako—, ez eta gauez ere —01:00etan itxi behar dutelako, ekitaldien edukiera mugatua delako eta jesarrita distantziekin %10 inguru soilik delako. «Kafe Antzokia bere osotasunean zabaldu beharko genuke bideragarri izateko. Eta, momentuz, egoerak ez du zabaltzea ahalbidetzen». Urbeltzek zehaztu du 51 langile direla denera, eta denak daudela aldi baterako erregulazioan.

Jimmy Jazzen ere antzekoa da egoera. Hemeretzi langileetatik hamabost daude aldi baterako erregulazioan, eta, une honetan, 169 lagun sar daitezke gehienez 680 pertsona kabitzen diren areto horretan. «Baina aulkiak jartzen hasten garenean nabarmen txikitzen da kopuru hori: distantzia errespetatu behar delako edo oztopo arkitektonikoak daudelako. Ez du zentzurik».

Kezka nabarmena da sektorean, beraz. Kulturarentzat plaza bat gutxiago dira, baina aretoen iraupena dago jokoan. Batak zein besteak salatu dute ez dutela diru laguntzarik izan, eta ahal duten moduan ari direla egoerari eusten. Egunero ari dira kalkuluak egiten, galerari, hutsuneari eta isiltasunari zenbakiak jartzen. Eta zuloa handituz doa egunetik egunera. «250.000 euroko kaltea izan dugu gutxienez hilabete hauetan», dio Jimmy Jazzeko arduradunak.

Izan ere, Arronizek azaldu du aretoen gastu finkoak oso handiak direla: alokairua edo hipoteka dela, langileen soldatak, soinu eta argi ekipoen mantentze lana...«Batez beste, 10.000 eurokoa izan daiteke Euskal Herriko areto batentzat». Eta horri aurre egin beharrak itolarrian jarri ditu gehienak. «Urtarrilera arte eutsi nahi diogu, baina, hortik aurrera asko luzatzen bada kontua, ez dakit zer gertatuko den».

Kafe Antzokian ere egoera larria da. «Soilik esan dezakegu galerak itzelak izan direla. Eta izango direla», azpimarratu du Urbeltzek. Baina ohartarazi du galerak ez direla soilik ekonomikoak izango; izan ere, Kafe Antzokia ez baita kultur emanaldietarako areto bat soilik: «Euskaldunen harremanak eta sareak trinkotzeko, guztiz beharrezkoa da gune hau, euskalgintzaren mesederako sortua. Hauen galera, Durangoko Plateruena gogoan, kolpe handia litzateke euskal kulturaren sistemarako».

Horregatik, «bereziki zaindu beharrekoa» den ekosistema horri eusteko ahalegina egiteko eskatu die Urbeltzek erakundeei: «Hil ala biziko egoera honetan, gure instituzioei ardurari zor zaion laguntza eskatzen diegu, urteetan landatu dena ez dezan izurri malapartatu honek desagerrarazi». Arronizek ere «erreskate planteamendu bat» egin diezaietela galdegin die: «Badakite nortzuk garen eta nola gauden. Baina egora honetan ezin dugu iraun».

Larritasunean irauten

Egoera kezkagarria dela dio Lucas Irisarri Iruñeko Zentral aretoko arduradunak ere. Konfinamenduko egunez gain, udako egun gehienak ere itxita eman ditu aretoak. «Uztailaren 6an zabaldu genuen, San Fermin jaien bezperan. Eta gero beste asteburu batean ere bai. Gaueko aisialdiko klub moduan ireki genuen, baina ez zitzaigun gustatu ikusi genuena, eta hilaren 20an itxi egin genuen». Asteon ireki dute berriz, beste formatu batean, hori bai: eguneko taberna batean bezala, areto barruan jarri dituzte mahaiak eta aulkiak. «Berrasmatu egin nahi izan dugu, eta eguneko jardunera bideratu, gaueko aisialdiaren mugak zeintzuk diren ikusita», zehaztu du Irisarrik.

Zuzeneko diru laguntzarik gabe, kredituen babesean hartu dute aurrera egiteko erabakia«ez dakit kreditu horiek laguntzak edo ez-laguntzak ote diren», Irisarrik azaldu duenez. «Kafe antzokiaren hasierako formatura itzuli gara, hein batean. Ekitaldien errentagarritasuna zaildu digute, baina formatuari eusteko ahaleginean gabiltza, kulturari eusteko modu bakarra baita guretzat gaur-gaurkoz».

Azken hilabeteetan, halere, 40 ekitaldi baino gehiago atzeratu edo bertan behera utzi dituzte, eta, datozen egunetarako emanaldi batzuk antolatu badituzte ere, zalantza dute molde horretan irauteko gai izango ote diren. «Gure esku dagoen guztia egiten ari gara: eusteko formula berriak asmatzen, diru iturriak bilatzen... Baina, egutegiak aurrera egin ahala, zerumuga ilunduz doa; epemuga bat daukagu, eta hurbiltzen ari gara pixkanaka».

François Maton Miarritzeko Atabal aretoko arduradunak ere egoera «konplikatua» dutela dio, baina Hegoaldekoekin alderatuta uste du ez dela «horren larria». «Zona gorrian» da Ipar Euskal Herria, eta, horren ondorioz, muga asko dituzte ekitaldiak antolatzeko; dena ondo bidean, baina, datorren astean hasiko dira ekitaldiak antolatzen. «Oraindik zona berdean ez gaudenez, aulkien artean distantzia handiagoa izatera behartzen gaituzte, eta, beraz, 250 aulki jarri beharrean, 150-180 inguru jar ditzakegu», zehaztu du. Zazpiehun pertsona sar daitezke aretoan zutik, gehienez.

Martxoaren 16tik ekainaren 2ra bitarte, 25 ekitaldi inguru bertan behera utzizituzten, eta dozena bat inguru udazkenera atzeratu. Konfinamenduko hilabeteekin alderatuta, hala ere, nabarmen aldatu da egoera Atabalen, Matonen hitzetan, eta jarduna berreskuratzeko moduan dira orain. Irailean berrekin zieten, hain zuzen ere, musika eskolari eta estudioko entseguei ere.

Baikor dago Maton; izan ere, oraingoz, ekonomikoki eusteko moduan dira, Frantziako Gobernuak eta departamenduak emaniko zuzeneko diru laguntzei esker. «Dena ongi badoa, uste dut urtea galerarik gabe amaitu dezakegula». Argi du egoerak luze joko duela, eta ideia horrekin ari dira 2021eko apirilera arteko ekitaldiak antolatzen. Baina, ahal duten artean, kontzertuak antolatzen jarraitu nahi dute: «Urte guztian gurekin lan egin duten eta alboan izan ditugunei epela eman nahi diegu, gutxienez. Ez daukagu beste soluziorik: dagoena dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.