Literatura

Behatzailearen inplikazioaz

1966. eta 1996. urteen bitartean Frantziak Hiti-Tatau-Mai atoloian egindako ehunka proba nuklearren ondorioak dira Lilliam Howanen 'The Charm Buyers' lanaren ardatzetako bat. Baita kolonialismoa ere.

Frantziak 1970eko uztailaren 3an Hiti-Tatau-Mai atoloian egin zuen proba nuklear bat. BERRIA.
2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun

Ozeano Barearen hegoaldean, Tahititik 1.250 kilometrora dagoen Hiti-Tautau-Mai atoloia Moruroa deitua polinesiarrak ez direnen artean— albiste iturri bilakatu zen 1966an, lau urte lehenago Frantziako Gobernuak adostutakoari jarraituz arma nuklearrak probatzeko lehen saioen kokaleku bihurtu zenean. Ordutik 1996ra bitartean, nazioartean zabaldutako protestei entzungor, arma nuklearrekin ia berrehun proba egin zituen Frantziak atoloiaren inguruan. Lehen saiotik bertatik argi geratu zen ingurumenari begira kalte nabarmena eragingo zutela probek, nahiz eta goizegi zen hondamendi ekologikoaren sakontasuna, zabalera eta iraupena neurtzeko. Hamarkada batzuk igaro dira ordutik, eta proba nuklearrei loturiko fenomeno zein gaixotasun kopuruak ez du behera egin; eta baliteke hala izatea hurrengo hamarkadetan ere.

Hiti-Tautau-Mai atoloiaren inguruan egindako proba nuklearretan kaltetuetako bat da Marie-Laure Li, Lillian Howanen The Charm Buyers (Kutun erosleak) nobelako (2017) pertsonaia. Probak hasi eta urte batzuetara, Tahititik Frantziarako bidea hartu zuen goi mailako ikasketak egiteko asmoz, baina uhartera itzultzera behartuta ikusten du bere burua medikuek azalpenik eta osatzeko modurik ikusten ez dioten gaixotasun akigarri baten sintomak azaltzen dituenean. Lehengusinaren itzulerak neurrigabeki pozten du Marc Antoine Txen; Mari-Laurek alde egin zuenez geroztik, Aurore du Chatelet margolari aberatsarekin mantendu duen amodio afera distrakzio bat besterik ez da izan, lehengusina baita benetan maite duen bakarra. Haren gaixotasuna, ordea, oztopo bat da bien arteko harremanari begira, eta, Mari-Laureri laguntzearren, ahal duen guztia egiteko prest dago Marc. Horregatik, ez zaio batere burugabea iruditzen azken urteetan bere lehengusu Radishen laguntzarekin aurrera eramandako kontrabando lanekin egindako dirutza xaman baten esku uztea, Marie-Laureri osatzen lagun diezaiokeen kutunaren truke.

Kolonialismo geruzak

XX. mendeko kolonialismo nuklearrak pisu handia du The Charm Buyers-ek eskaintzen digun istorioan, baina ez da hura azaltzen den ondorio luzeko kolonialismo eredu bakarra. Marie-Lauren eta Marcen presentzia Tahitin, esaterako, ezin da ulertu aurreko kolonialismo garaiak kontuan hartu gabe. Bata zein bestea 1865ean, artean uhartea Britania Handiak babesturiko erreinu subiranoa zela, Hong Kongetik Tahitiko kotoi, azukre eta kafe plantazioak ustiatzen zituen konpainiarentzat lan egiteko asmoz abiatutako Hakka etniako txinatarren ondorengo dira. Arrazakeria eta jazarpen handia jasan zuten hakkatarrek britaniar kolonoen aldetik, eta frantziarren etorrerak konpainiaren jarduera, eta, oro har, britaniarren eragina, eten zuenean, haietako askok Txinara itzultzea erabaki zuten. Uhartean geratu ziren gutxien egoerak hobera egin zuen frantziar aginte kolonialaren pean, tahitiar indigenenak okerrera egin bitartean. Urteekin, hakkatar batzuk —Txenen familia haien artean— uharteko aberatsenetakoak bihurtu ziren.

Europar kolonialismoaren testuinguruan hasieran, eta estatubatuar inperialismo militarrarenean ondoren, bere etnizitatekoek lortutakoaren aurrean zinismoa eta nekea baino ez du erakusten Txenek. Aberats izateari ez dio eragozpenik ikusten; horixe da bere helburua, hain zuzen. Bere kabuz lortu nahi duen zerbait da, ordea, familiarekiko inolako morrontzarik gabe. Bizi den garaiaren eta geografiaren konplexutasunaren isla da Txenen jarrera. Bata besteari kontrajarrita baino gehiago, bata bestearekin gurutzatuta eta nahastuta existitzen dira lehengo eta oraingo egitura politiko eta ekonomikoak, baina gehiengoak hala ez balitz bezala jokatzen du, akaso sistema handiegia eta ondorioz aldatu ezinezkoa iruditzen zaielako edo, besterik gabe, axola ez zaielako. Txen bi joeren artean kokatuko litzateke: egoeraz ohartu arren, distantziatik egiten du diagnostikoa, berarekin loturarik ez balu bezala. Hortik bere pertsonaiak flâneur edo hiri ibiltariaren antza izatea.

Baudelaireren kronikariaren antzera, behatzaile inpartzialaren trebetasunarekin nabigatzen du Txenek Tahitiko historian, gizartean zein familian bertan. Behatzailea, ordea, ez da hutsune historiko batean existitzen. Hots, behaketa oro kokagune eta egoera jakin batetik gertatzen da. Baudelaireren kronikariaren kasuan, egoera ekonomiko eta genero jakin bati lotuta dago —XIX. mendeko Parisko kaleetatik nahierara ibiltzeko askatasuna eta, ondorioz, behatzeko aukera eta modua bera—. Txenekin beste horrenbeste gertatzen da. Tahitiri buruz eskaintzen digun erretratua Hakka komunitatearekin duen harremanari lotuta dago ezinbestean. Azken hori agerian geratzen da Marie-Laureri laguntzearren birramonarengandik ikasitako botere magikoetara jotzen duenean. Horrekin, ez du bakarrik kolonialismoaren eta kapitalismoaren logikak isildutako —baina ez desagerrarazitako— mundu ikuskera berriro ere azaleratzen; bestelako inplikazio eta konplizitateak sortzeko aukera ere badagoela erakusten du baztertutako diskurtso eta historiatik abiatuta —Ma'ohi edo Polinesiako jatorrizko jendearen independentzia borroka, esaterako—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.