Hamarkada bat berdez

Gasteiz Hiri Berde izendatu zutenetik hamar urte bete dira. Ingurumenean ez ezik, mugikortasunean eta hiriaren birgaitzean ere egin dituzte proiektuak, jasangarritasuna helburu, udalaren esanetan. Ekologistak Martxan taldeak, ordea, bestelako ikuspegi bat du.

Andre Maria Zuriaren plaza. Vitoria-Gasteiz belarrezko panela da hiriaren erakargarritasun turistikoetako bat. JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Hamarkada bat bete da Gasteizek European Green Capital izendapena eskuratu zuenetik. Europako Batzordeak ematen du sari hori, hiriek ingurumenaren alorrean praktika onak sustatzen dituztela aitortzeko. 2012ko otsailaren 7an izan zen inaugurazio ofiziala, eta ordutik hainbat izan dira egindako proiektuak. Hala ere, esku hartze horiek guztiek iritzi ezberdinak sortu dituzte herritarren artean.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak adierazi du hamarkada bateko lanak balio izan duela «jasangarritasunaren aldeko politikak sendotzeko», eta udal politikak ere ikuspuntu horretatik jorratu dituztela.

Ekologistak Martxan taldeko kide Andres Illana ez da iritzi berekoa, eta azken hamar urteotako ibilbidea izan du gogoan: «Gasteizek gauza garrantzitsuak egin zituen hasiera hartan ingurumenean, eta baziren saria jasotzeko zutabeak ere, hala nola mugikortasun jasangarrirako plana eta eraztun berdearen proiektua, baina egoera aldatu egin da». Haren arabera, hartutako zenbait erabakik egoera «leherrarazi» dute.

Alkateak mugikortasunean, ingurumenean eta hiriaren birgaitzean eginiko proiektuak azpimarratu ditu. «Garraioan, tranbiaren luzapena egin da, eta hor dago autobus elektrikoa martxan jartzea ere; gainera, egin dira lehen probak ere, gutxieneko zerbitzu bat ematen dute, eta nahiko ondo atera dira». Horrez gain, gaineratu du azken urteotan oinezkoentzako eta bizikletentzako gune berriak ere sortu direla. Hala ere, Illanaren ustez, nahiz eta garraio publikoa elektrifikatzeko erabakia «ondo» egon, hasierako mugikortasun plana «ezerezean» gelditu da. «Orduan pertsonentzako espazioa irabazteari ematen zitzaion garrantzia; orain, berriz, gaitasun handiko garraioari». Gainera, zehaztu du ez zela egin autobus elektrikoaren obren ingurumen inpaktuaren ebaluaziorik.

Bizikletak eta pertsonak

Ekologisten arabera, mugikortasunari dagokionez, garraio horren alde egiteak «hankaz gora» jarri du egoera, beste batzuen kalterako. «Udalak bizikletaren gainetik jarri du, eta, egun, bizikleta da gaitasun handiko garraio publikoaren etsai nagusia». Azaldu duenez, udalak «ez du interesik» jendea bizikletan ibiltzeko, ez delako «bere apustua» izan, baina, hala izango balitz, uste du «erreferentea» izango litzatekeela.

Gasteizko alkateak, berriz, jakinarazi du bizikletentzako «aparkaleku seguruagoak» egiten dabiltzala, eta azpiegiturak ere moldatu beharko dituztela, hala nola daudenak «hobetuta» eta bide gorrien sarea luzatuta. Are, zehaztu du garai batean bizikletak alokatzeko zerbitzua martxan jartzea izan zutela hizketagai, baina, laster bederen, ez dagoela horretarako asmorik: «Ezetz erabaki zen, hirian gehienek badutelako bizikleta».

Hiriaren birgaitzean ere egin dira proiektuak, eta, besteak beste, Santa Barbara plaza berregokitu zuten duela urte batzuk; Urtaranen esanetan, pertsonentzako «azpiegitura berdeak eta atseginagoak» sartu zituzten bertan. Baina Illanak azaldu du proiektuak harrabotsa ere sortu zuela: «Berdea lehenesten den lekutik zementua nagusitzen den batera igaro gara; plaza hori, adibidez, beroaren uharte bat da». Alkateak ere adierazi du azken hilabete hauetan «hausnarketa bat» egon dela «ea eremu publiko berria ez ote den zementuzkoa», baina esan du eztabaida politikoa baino gehiago teknikoa dela. «Garrantzitsua da eremu publiko zabalak izatea, eta pertsonentzako eginak; horrek ez du esan nahi hor berdeguneak egon behar direnik». Hala ere, gaineratu du beren asmoa «oreka bat mantentzea» dela; espazio publikoa jendearentzat izatea eta egitura berdeak txertatzea, alegia.

Bada, asmo horri tiraka, badira aurten egin nahi diren proiektuak ere: Herrandarren kalearen egokitzapena, adibidez. «Ingurua birgaituko dugu, birnaturalizatzeko, berdatzeko eta Gasteizen CO2a xurgatzeko gune berriak sortzeko», azaldu du Urtaranek. Haren esanetan, oinezkoentzako ibilbideak egongo dira, baina baita berdeguneak eta urtegitxo bat ere. «Proiektu oso erakargarria da». Ekologistak, berriz, aitortu du ez daukala horren nondik norakoen berri, baina orain arte jakin duenarengatik «itxura ona» duela proiektuak. «Hiria berdatzea asmo duen guztia iruditzen zaigu ondo; gainera, ezinbestekoa da horrelako neurriak hartzea». Izan ere, zehaztu du klima aldaketari aurre egiteko «erresilienteak» diren hiriak sortu beharra dagoela.

Proiektu horretaz gain, biek ala biek izan dute gogoan eraztun berdea ere. Alkatearentzat, ingurumenaren arloan «nabarmenduko lukeen» proiektu bat da, eta, gainera, azaldu du zenbait esku hartze egin dituztela, hala nola Jundiz aldera zabalduz. Garai batean bazegoen eraztuna hiri barnera sartzeko asmoa ere, eta saiakera bat ere egin zen, Gasteiz Hiribidearen parte bateraino bederen, baina Urtaranek jakinarazi du horrekin jarraitu nahi dutela. Illanak, gainera, uste du luzapen hori eginez gero posible litzatekeela hiriko eremu eta auzo guztiak batzea.

Hartutako norabidea

2012an jaso zuen Hiri Berdea saria Gasteizek, baina gerora ere etorri dira beste batzuk. «Global Green City saria jaso genuen 2019an, Nazio Batuetatik datorrena; helmuga turistiko jasangarriaren izendapena jaso zuen Euskadiko lehen udalerria ere izan ginen, eta, gerora, jaso ditugu hainbat aitortza paperaren, plastikoaren eta beiraren jardunengatik ere». Hiriko alkatearen arabera, horiek guztiak «bide onetik» doazen seinale dira, eta, besteak beste, hirian jasangarritasuna lantzen delako adibidea.

Udal politikak ere ikuspuntu horretatik jorratu dituztela ziurtatu du Urtaranek, nahiz eta aitortu oraindik gauza asko «egin gabe» daudela. Dena den, aipatu du Europak bost misio dituela martxan jarriak, eta horiek lehenetsi dituztela. «Tren horretara igo behar dugu, eta garai hau aprobetxatu behar dugu gauzak aldatzeko, hiria pertsonentzako erosoagoa egiteko, berdeagoa, errespetu handiagoa izateko naturarekiko, mugikortasun jasangarria sustatzeko, bizi kalitatea hobetzeko, eta ekonomia berderanzko trantsizioa sustatzeko». Eta hori erdiesteko gakoa non dagoen argi du: «Gasteizko hiriaren helburu nagusia orain klima neutraltasuna lortzea da».

Hain justu, iazko abenduan egin zuen bat Europatik datorren Klimatikoki neutralak diren hiriak 2030ean adierazpenarekin, eta horrekin lortu nahi den helburuetako bat da helmuga horretara iristen diren Europako lehen ehun hirietako bat izatea.

Erabakiak erabaki, Illanak uste du udala «galduta» dagoela, eta ez duela «politika argirik». Haren iritziz, duela hamar urteko Gasteizek eta egungoak ez dute antzik, baina uste du puntu horretara itzultzea «beharrezkoa» dela, hiria jasangarritasunaren «erreferente» zenekora. Are, aldarrikatu du kaleek pertsonentzat izan behar dutela, eta ez soilik zirkulaziorako. Baina erabaki horiek hartzeko funtsezkotzat jo du kontsentsu bat egotea: «Lehen zegoen adostasun politiko eta sozialera iritsi behar dugu ingurumen politiketan, klima aldaketa ere hemen dago eta».

Horri tiraka, Urtaranek ere nabarmendu du atzera eginez gero adostasuna egon izan dela Gasteizen ingurumen politiketan, «bai, behintzat, teorian», eta hori «mantendu» egin beharko litzatekeela gerora ere, nahiz eta azaldu duen gauzak martxan jartzerakoan kritikak egon daitezkeela talde politiko eta elkarte batzuen partetik.

Oztopoak oztopo, ordea, «goi mailako dimentsio bateko bateratasunetik» ekin, eta hausnarketan jarri du arreta. «Ikusi behar da zer egin dugun, klima neutraltasunarekin batera zeintzuk diren oraingo helburu berriak; gure apustua berretsiko dugu, gure konpromisoa Lur planetarekiko, naturarekiko eta herritarrekiko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.