Hertzainak, 35 urte geroago

ETB1eko 'Ur handitan' programan taldeko musikariak elkarrizketatuko dituzte asteartean

Gari eta Josu Zabala elkarrekin kantuan arituko dira astearte gauean, ETB1eko Ur handitan saioan. BALEUKO.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Pakean utzi arte, Sigarrillos amariyos, Drogak AEKn, Si vis pacem, Kamarada... Euskal Herriko belaunaldi batentzat ereserkiak bihurtu dira kanta horiek. Hertzainak taldeak Hertzainak diskoan jaso zituen guztiak, duela 35 urte. Gasteizen sortu zen taldea: 1980ko hamarkada zen, eta mugimendu konformagaitzak sortzen ari ziren Arabako hiriburuan. Garai hartako Gasteiz eta Hertzainak taldearen sorrera gogoratuko dituzte asteartean, ETB1eko Ur handitan saioan.

Xabier Madariagak Josu Zabala eta Gari elkarrizketatuko ditu; saioak iragarri duenez,agerian geratuko da bakoitzaren bizipenen desberdintasuna. Madariagak bien eskuzabaltasuna eskertu du: «Zabalari tipo zorrotzaren irudia ematea gustatzen zaio, eta berarekin hasieran dena da 'ez'. Baina gero den-dena izan da 'bai'. Gari oso eskuzabala izan da gurekin. Biek asko eman digute». Kostatu zaien arren, Ur handitan saiokoek elkarrekin kantuan jarri dituzte Gari eta Josu Zabala. «Grabazioaren egunean, gure erredakzioan dena gelditu, eta ahal izan genuen guztiok grabaketara joan ginen. Hunkigarria izan zen, oso berezia».

Baina saioan izango dira ezusteko gehiago ere. «Taldekide guztiak bildu ditugu, Tito Aldama zendua izan ezik, eta taldearentzat esanguratsuak izan ziren tokiak bisitatu: taldearen jaiotza ikusi zuten lokalak... Era berean, 1980ko hamarkadan kultur arloan eta sozialki pil-pilean zegoen Gasteiz hartan murgilduko gara». Horretarako, Ruper Ordorikarekin, Itxaro Bordarekin, Karra Elejalderekin, Puri Altzelairekin eta Marino Goñirekin hitz egingo du Madariagak.

Saioko aurkezleari iruditzen zaio musika taldearen jarraitzaile izan ez direnentzat ere erakargarria izango dela saioa: «Programari esker, garai bat ulertzen da: rocka eta kontzientzia soziala uztartu zituzten urteak».

Astearteko atalaren ostean, hurrengo hiru asteetan ez da Ur handitan egongo, ETB1ek hauteskunde eztabaidak emango dituelako. Madariagak iragarri duenez, maiatzaren 28an abortuaren inguruko erreportaje bat ikusi ahalko da. «Ekainean, esperimentu berezi bat egingo dugu: hiru egunez, Arantzazuko santutegian sartuko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.