Musika

Klasiko berreskuratua

Hanky Panky Bilboko zigiluak Jack Nitzsche konpositore eta ekoizleak 1974an grabatu baina argitaratu gabe gelditu zen diskoa kaleratu berri du Mapache diskoetxearekin elkarlanean: 'Jack Nitzsche'.

Nitzsche ekoizle eta konpositore ezaguna izan zen 70eko hamarkadan. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Haren izena 1970eko hamarkadako disko inportanteenetako batzuetan azaltzen da, eta haren sinadura daramate hainbat soinu banda arrakastatsuk ere, baina Jack Nitzsche ezezaguna da oraindik ere publiko orokorrarentzat. Nahiz eta Phil Spectorrekin, The Rolling Stonesekin eta Neil Youngekin lan egin —harenak dira Harvest (1972) diskoko orkestra konponketak— eta The Exorcist, Performance eta One Flew Over the Cuckoo's Nest filmen musikak sortu.

Konpositore, ekoizle eta moldatzaile lanengatik ezagunagoa izan arren —besteak beste, hamaika bertsio dituen Needles and Pins kantuaren egilea izan zen—, Nitzsche interpretea ere izan zen, eta, oihartzun handirik lortu ez bazuen ere, haren talentua agerian gelditzen da grabatu zituen disko bakan baina apart horietan.

Horietako bat izan zen Jack Nitzsche, Robert Downey underground zinemagile eta kantu-hitzen egilearekin elkarlanean 1974ko urtarrilean grabatutako diskoa. Urte hartako apirilean ziren argitaratzekoak, baina Nitzschek Morris Ostin Warner Bros zigiluarekin hainbat gatazka izan ondoren, azken horrek diskoa ez kaleratzea erabaki zuen. Horrela, Jack Nitzsche almazen batean gordeta gelditu zen, harik eta Rhino diskoetxeak 2001ean Three Piece Suit: The Reprise Recordings 1971-1974 bildumaren barruan argitaratu zituen arte diskoa osatzen zuten 11 piezak.

[youtube]https://youtu.be/tRchHnGSzew[/youtube]

Orain, LPa grabatu eta 46 urtera, Hanky Panky eta Mapache zigiluek Nitzschek pentsatu bezala atera dute diskoa, biniloan eta lan haren gaineko informazio osatua biltzen dituzten oharrak lagunduta; eta argitalpenak balio du Nitzsche, moldatzaile eta ekoizle handia izateaz gain, konpositore eta interprete bikaina izan zela erakusteko. Brian Wilsonen eskolako melodiek, ukitu mariatxiek (New Mexico), R&B ikonoklastak (On The Moodus Run) eta bestelako joerek bat egiten dute disko sailkaezin bezain aipagarri honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.