Musika

Bizitza puskak

Willy Vlautinek eta Amy Boonek Mexikoko golkoaren inguruan bizi direnen inguruko istorio saminez bete dute The Delines taldearen hirugarren diskoa: 'The Sea Drift'.

The Delines taldekoak, sustapen argazki batean. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun

Willy Vlautin idazlea da. Ez bakarrik kantuen egile bat; baita literatur lanak idatzi eta argitaratzen dituen idazlea ere. Istorioak kontatzea du gogoko, eta liburuak nola kantuak, biak ditu horretarako tresna. Richmond Fontaine taldeko buru zela erakutsi zuen hori hogei urtez, eta bide beretik segitzen du Amy Boone kantariarekin konpartitzen duen The Delines proiektuan ere: istorioak kontatzen.

 

Colfax (2014) eta The Imperial (2019) bikainean ezarri zituen bere nortasun zeinuak The Delinesek, eta asko mugitu gabe segitzen du The Sea Drift-en ere. Hau da, soul-country lasaia, belusezkoa egiten segitzen dute, garaiz kanpokoa neurri handi batean, eta horretan ez dute zerikusi gutxi Boonek eta Vlautinek inguruan bildu dituzten musikariek: Cory Gray (teklatuak eta tronpeta), Tucker Jackson (pedal steel-a), Sean Oldham (perkusioa), Freddy Trujillo (baxua) eta John Askew (gitarra). The Sea Drift-en, gainera, erreferentzia aitortu bat izan dute soinuari dagokionez: Tony Joe White, eta, zehazki, Rainy Day in Georgia kantua.

11 istorio, 11 kantu

Vautlinen literaturak John Steinbecken lanetik edan izan du —berak aitortua—, eta baita Raymond Carverren ipuinetatik ere, AEBetako jende arruntaren istorio arruntak (edo) kontatzen dituen neurrian. Eta kantuak egiteko orduan ere, ez da bide horretatik aldentzen, are gutxiago The Sea Drift lan kontzeptual honetan.

Diskoa osatzen duten 11 kantuetako istorioak Mexikoko golkoari begira bizi diren herrietan girotu ditu Vlautinek. Eta Booneren ahotsetik jasoko ditu entzuleak boxeolari eta zerbitzarien arteko harremanei buruzko istorioak (Kid Codeine), lapurreta bat gaizki atera zaienei buruzkoak (Little Earl), edota lanetik irten eta Poliziak bere senarra atxilotu duela jakinda lur jota gelditzen den emakumearena (Surfers in Twilight).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.