Uholdeak

Euria ibaika, ibaiak gainezka

Arakil, Arga, Ega, Ibaizabal, Oria, Urumea eta Zadorra ibaiak bidetik atera dira. Alerta egoera ezarri dute Euskal Herri osoan. Ebro eta Ega inguruko herrietan, gaurko espero dute ur emaririk handiena

Arga ibaia gainezka eginda, Funes eta Milagro herrien artean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Zerura begira. Azken egunotako euriteen ostean, alarma piztu da Euskal Herriko hainbat ibairen emari handia dela eta. Atzo arratsaldean gainezka egin zuten Arakil, Arga, Oria, Ibaizabal, Urumea eta Zadorra ibaiek, eta, euri jasak etenik ez zuela ikusita, larrialdi planak indarrean jarri zituzten Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, uholde arriskuagatik. Pirinio Atlantikoetako Departamentuak, bestalde, alerta laranja ezarri zuen, euriteengatik.

Araban, Uribarri Ganboako urtegia husteak eragin zuen urak gainezka egitea Zadorra ibaiaren ibilbideko hainbat lekutan. Besteak beste, Gasteizen eta Iruña Okan. Gasteizko Abetxuku auzoaren parean, esate baterako, ibaiaren maila 3,5 metro hazi zen 48 orduan: 0,83 metrotik 4,64 metrora. Atzo arratsaldean, Uribarriko urtegia bere edukieraren %93an zen, eta, ur gehiago bildu ezinik, segundoko 60 metro kubiko askatzea erabaki zuen Zadorraren Sistemaren Erakundearteko Mahaiak.

Nafarroan, berriz, Arakil eta Arga ibaiek gainezka egin zuten hainbat tokitan atzo arratsaldean. Arakilen uraldiaren ondorioz, bi errepide itxi zituen Foruzaingoak: NA-2410 Sakanan, eta NA-7520 Arbizu eta Lizarragabengoa artean. Ega, Ebro eta Arga ibaiek ere inguruko eremuak hartu zituzten Lizarran, Tuteran eta Funesen hurrenez hurren, baina uholde txikiak izan ziren, eta ez zuten ondorio nabarmenik izan.

Bardeako eremua kudeatzen duen batzordeak ere ibilgailuen zirkulazioa debekatu zuen parke osoan, ibilbide eta uharrak urak hartuta baitzeuden euriteen ondorioz. Izan ere, Erriberan eta Nafarroa erdialdean, metroko 40 litro bota zituen atzo arratsaldean. Pirinioetan, gainera, elurteak iragarri zituzten atzoko zein gaurko 900 metrotik gora, eta, ondorioz, uren mailak gora egitea espero zuten. Hori guztia kontuan izanik, Nafarroako Gobernuak larrialdi aurreko egoera ezarri zuen lurraldeko zenbait eremutan, Larraun, Arga, Ega, Aragoi eta Ebro ibaien uraldiagatik.

Iruñeko Udalak, bestalde, Larrialdiko 02 maila ezarri zuen, Argak 300dik gora metro kubiko har baitzitzakeen segundoko, aurreikuspenen arabera. Ibaitik gertu dauden eremuetan aparkatzea debekatu zuen, uholdeak espero baitzituzten, besteak beste, Arrotxapea auzoan.

Ega ibaiak gaur eguerdi partean izango du mailarik handiena Lizarra parean, eta uholde arriskua egon daiteke arratsaldean Andosillan eta Funesen ere. Erriberan, berriz, gaur iluntzerako eta gauerako espero da Ebroren ur mailarik handiena. Arga eta Egaren emari handiaren ondorioz, 2.000 metro kubiko ur har ditzake segundoko Castejonen—atzo iluntzean, 1.533 metro kubikoko emaria erregistratu zuten—. «2.000 metro kuboetara iristen bada, arazoak hasiko dira. Uholdeak kaltetu ohi dituen puntuak zaindu beharko ditugu», zehaztu zuen Babes Zibileko zuzendari Isabel Anautek.

Ez da arazorik espero, ordea, Irati eta Aragoi ibaietan, horien emaria Esako urtegiarekin kontrolatzen ari baitira Nafarroako Gobernua eta Ebroko Ur Konfederazioa.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ere alerta egoera ezarri zuen atzo, uholde arriskuagatik, eta Larrialdi Plan Bereziaren lehen maila jarri zuen indarrean. Gipuzkoan gaur arte luzatu dute alerta laranja. Ekialdean espero da euri gehien. Metro koadroko 85 litro pilatu dira azken orduetan. Bizkaian, berriz, alerta horia jarri zuten indarrean, metro koadroko 60 litro espero baitzituzten atzo eta gaur artean.

Oria eta Urumea, hazita

Añarbeko urtegiak (Arano, Nafarroa) astelehenean hasitako huste prozesua eten egin zuen atzo. Urumea ibaira ura askatzeari utzi zion 12:30ean, eta ohiko emariari eutsi zion soilik. Donostialdea hornitzen duen urtegia bere edukieraren %88,5era iritsi zen. Hala ere, neurri hori ez zen nahikoa izan Urumearen uraldia eragozteko. Atzo arratsaldean, hainbat lekutan gainezka egin zuen; Hernanin, esate baterako.

Oria ibaiak ere indar eta abiadura handiz egin zuen gora: bidetik atera, eta inguruko bazterrak hartu zituen Andoain, Usurbil, Villabona eta Lasarte parean, besteak beste. Atzo iluntzean, alerta gorria ezarria zuten Oria, Urumea eta Zadorra ibaien ertzetan.

Bizkaian, Bilboko itsasadarraren egoera «egonkorra» izan zen egun osoan, eta euriteak ez zuen arazorik sortu, Bilboko Udalak jakinarazi zuenez. Ibaizabal ibaiak, berriz, gainezka egin zuen Galdakaon, Zuazo eta Laminarreta auzoen pare. Udalaren arabera, uholdeak ez zuen kalterik eragin etxebizitzetan, ezta azpiegituretan ere. Izan ere, ibaiaren ertzetik gertu dauden lursailak bakarrik hartu zituen urak; hortaz, larrialdi zerbitzuek ez zuten etxebizitzarik hustu behar izan.

Basauriko ibiltokia, erorita

Basauriko Soloarte pasealekua hondoratu, eta harresiaren zati bat Nerbioi ibaira erori zen atzo goizean, euriaren eraginez. Soloarte ikastetxearen eta Mercabilbaoren pareko zatia izan zen hondoratu zena. Zati hori itxita zegoen iaztik, harresian antzemandako pitzadurengatik eta ibiltokiaren beraren egonkortasun ezagatik. Atzoko gertaeraren ostean, ikastetxeko beheko patioa ere ixtea erabaki zuen atzo Basauriko Udalak. Atzo ohar bidez azaldu zuenez, pasealekuaren zati hori konpontzeko proiektua idazten ari da udala, eta, aldi berean, Uraren Agentziak eman beharreko baimena tramitatzen ari da, konponketa lanak abiatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.