Albistea entzun

Gerra Ukrainan. Errefuxiatuak

Babesa ñabartu du Poloniak

Polonia da Errusiaren inbasioaz geroztik errefuxiatu ukrainar gehien hartu dituen EBko herrialdea: 1,6 milioi ia. Gobernua hasi da aterpetxe publikoetan jarraitzen dutenei partzialki kobratzen, horiek «enplegu bat onartzera akuilatzeko».
Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2023ko maiatzak 10

Europako Batasuneko herrialdeen artean, Polonia da errefuxiatu ukrainar gehien hartu dituena; UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren apirilaren 18ko datuen arabera, Varsoviako agintariek ia 1,6 milioi erregistratu dituzte iazko otsailaren 24an Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik. Kevin Allen da UNHCRk Polonian duen ordezkaria, eta azken hilabeteetan adierazi izan du erakundean daramatzan bi hamarkadetan ikusiriko «erantzunik bikainena» eman duela herrialdeak, «aparteko elkartasuna» erakutsiz.

Ikusi gehiago: Estella Kirsanova: «Errefuxiatuek ez dute bermatua ondo ordaindutako lan bat»

PiS Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadorea buru duen gobernuak, baina, errefuxiatuenganako babesa ñabartu du. Martxoaren 1etik, aterpetxe publikoetan 120 egun baino gehiago daramatzatenek egunero 40 zloty —8,7 euro inguru— ordaintzen dituzte janariagatik eta aterpeagatik. Errefuxiatuei babesa ematen dieten GKE gobernuz kanpoko erakunde batzuek kezka agertu dute horrek izan ditzakeen ondorioengatik.

Azaroan neurria aurkeztu zutenean, Mateusz Morawiecki lehen ministroak defendatu zuen esanez indarrean jarri nahi dutela «zerga ordaintzaile poloniarrak» ahalik eta gutxien ordain dezan «hurrengo olatu posiblean». Maciej Duszczykek posta elektronikoz erantzun duenez, ordea, hori egiteko arrazoiak ez dira ekonomikoak. «Erabakia hartu zuten gerra errefuxiatuak akuilatzeko asmoz enplegu bat edota beste jarduera batzuk onartzera. Ikusi zen bultzada bat behar zutela bizimodua aldatzeko». Varsoviako Unibertsitateko Immigrazioa Ikertzeko Zentroko batzordeko kidea da, eta, Donald Tusk lehen ministro izan zenean (2007-2014), haren aholkularia izan zen migrazio gaietan.

Gobernuak azpimarratu du adituen iritzietan oinarritu dela neurria hartzeko. Kabinetearen arabera, ia 1,6 milioi errefuxiatuetatik 80.000 bat daude 3.615 aterpetxe publikoetan. «Aterpetxeetan zeuden batzuek babesgabetasun ikasia delakoa garatu dute egoerari erantzuteko orduan. Hori oso larria da haien etorkizunerako», nabarmendu du Duszczykek. Haren esanetan, neurria ezarri zutenetik ez da egon «arazo handirik». Errefuxiatuei babesa ematen dieten bost GKErekin harremanetan jarri da BERRIA azken bi asteetan, baina ez du erantzunik jaso.

UNHCRek dioenez, errefuxiatuen %90 inguru emakumeak eta adingabeak dira. Gobernuaren lege erreformak baditu salbuespenak: besteak beste, adinekoak, adingabeak, haurdun daudenak, hiru adingabe baino gehiagoren edo urtebete baino gutxiago duen haur baten ardura dutenak, desgaituak, baita «egoera berezian» daudenak ere, nahiz eta ez duten zehaztu azken horrek zer esan nahi duen. Udaletxeetako gizarte zerbitzuetako langileek kudeatzen dituzte eskaerak.

Errefuxiatu gehienak, %80 inguru, lan merkatuan daude; hori diote datu ofizialek. «Askotariko sektoreetan» lan egiten dute, Duszczyk adituaren hitzetan. Varsoviako Unibertsitateko Immigrazioa Ikertzeko Zentroko Agata Gornyk eta Pavel Kaczmarczykek ikerketa bat egin dute Poloniako errefuxiatu ukrainarren egoera aztertuz. Besteak beste, gerra errefuxiatuek iazko udan zertan lan egiten zuten jaso dute. Horien herenek zuten lanaldi osoko lan bat, %10 inguru zerbitzuen sektorean ari ziren lanean, eta ia %40k ikerlanean «lan sinpleak» deitutakoak zituzten. GKEek ohartarazi dute errefuxiatuek nekez lor dezaketela lan kualifikatu bat. Iaz %22 handitu zen gizarte segurantzan izena emandako atzerritarren kopurua.

Jarrera, migrazioaren arabera

Inbasioa izan eta gero, EBk hartutako erabaki guztiak babestu zituen Varsoviak. Artean, iazko udaberrian, ultrakontserbadoreen suspertze plana onartu gabe zegoen Brusela; azkenean, ekainean desblokeatu zituen funtsak.

Aintzat hartu behar da, nolanahi ere, Poloniako Gobernuak hilabete batzuk lehenago atea itxi ziela Bielorrusiatik barrena iritsitako Afganistango eta, besteak beste, Kurdistango milaka errefuxiaturi. Are, larrialdi egoera ezarri zuen 2021eko udazkenean, eta deliberatu Bielorrusiarekiko mugan hesi bat eraikitzea. 2022ko ekainean bukatu zuten: 186 kilometro luze da, eta 5,5 metro garai.

Ukrainatik iritsitako errefuxiatuekin bestela jokatu du Varsoviak. «Poloniarren %70ek uste dute ukrainarrei laguntzen jarraitu behar dela. %10 bakarrik daude kontra. Portzentaje hori sei puntu besterik ez da handitu 2022ko otsailetik», azaldu du Duszczykek. Udazkenean hauteskunde orokorrak izango dituzte Polonian, eta, inkesten arabera, PiS-en aldeko boto asmoa %35etik behera ari zen jaisten iazko bigarren erdian —botoen %43 lortu zuen 2019koetan—; azken bizpahiru hiletan apur bat gora egin du atzera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, Miguel Diaz-Canel Kubakoa eta Antonio Garcia ELNren lehen komandantea, gaur, Habanako agerraldian ©Kolonbiako Presidentetza

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak aldebiko su etena adostu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor

Menia abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta urte erdi iraun beharko luke. Akordioak gizarte zibilaren parte hartzea jasotzen du negoziaturikoak arrakasta izateko.

Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon ©JULIEN WARNAND / EFE

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Ander Perez Zala

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean ©EFE

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

Igor Susaeta

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Belarra eta Diaz elkarrekin, iazko ekainean. ©EFE

Podemos ere Sumarren barruan aurkeztuko da hauteskundeetara

Igor Susaeta

Ione Belarrak nabarmendu du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Diazek, eta «bidezko akordio bat» galdegin du. Koalizioak erregistratzeko epea bukatu baino ordu batzuk lehenago aurkeztu dute. Podemosek zortzi diputatu eskuratzeko aukera izango du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.