Estatus politikoari buruzko galdeketak. Zelai Nikolas. Gure Esku Dago-ko eleduna

«Beste 30.000 lagun ditugu prest datozen urratsetan laguntzeko»

jokin sagarzazu
2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Datozen galdeketei begira jarrita dago jada Zelai Nikolas Gure Esku Dago-ko bozeramailea (Barrika, Bizkaia, 1968). Herenegun eginikoetatik asko ikas daitekeela dio.

Espero zenituzten emaitzak dira herenegungoak?

Pozik egoteko moduko datua da 30.000 pertsonak parte hartu izana. Aurrekaririk ez daukagu Euskal Herrian, lehen aldia da burujabetzaren erabilerari buruz galdetzen dena. Ariketa hurbilena da Kataluniakoa. Hango batezbestekoa %20 izan zen, eta Euskal Herrian hortik gora ari gara. Dena den, horrekin ezin gara konformatu. Asko falta zaigu eta estrategiak pentsatu behar ditugu parte hartzen ez dutenengana iristeko.

Kataluniako prozesua zertan da zuentzat eredugarri?

Guk gure bidea egin behar dugu, baina han esaten diguten bezala, eta galdeketei kasuan, portzentajeak baino gehiago, hemen ere kontuan hartu behar dugu zenbat pertsona aktibatzea lortu dugun. Hau prozesu bat delako, bide bat delako, eta hurrengo urratsak egiteko gizartea beharko dugulako: orain, beste 30.000 lagun ditugu prest aurrera egiteko.

Lehen aldiz hiri handi batean egin da kontsulta: Errenterian—ia 40.000 biztanle—.Zer esan nahi horrek zuentzat?

Erronka eta eredu bat izan da eta da Errenteria. Orain artekoekin konparatuta, oso soziologia diferentea dauka. Herri txikietan lanketa errazagoa izaten da, baina Errenteria modukoetan jende pilo bat bizi da gai honen inguruan sekula hitz egin ez duena, eta, neurri batean, lortu dugu familietara, tabernetara, lantokietara, kalera... ekartzea horrekiko interesa. Horretarako, lanketa berezi bat egin da; prozesuan parte hartu du, esaterako, alderdi sozialistako jendeak, Podemosekoak. Beste toki batzuetan egiten ez den ahalegin berezia egin da Errenterian. Prozesua bera oso aberatsa izan da, elkarren artean ezagutzeko balio izan duelako, tabu batzuk hausteko, ikasteko, eta egin da metodologia demokratiko baten bidez. Eredu bat da hiri handietako galdeketei begira.

Hamar egun barru, lehen aldiz, Bizkaiko eskualde batean egingo da galdeketa. Bizkaia erronka modura ikusten duzue?

Bai, eta bereziki Bilbo. Galdeketa horiek dira Bilbora iristeko modu natural bat. Bizkaian erakutsi nahi dugu gure egiteko modua. Ziurrenik Bilbon izango da zailena; horregatik iritsi nahi dugu hara urratsez urrats. Adibideak eta ereduak sortzen ari gara. Errenteriakoak, esaterako, lagun dezake hiriburuetarako.

Eta kontsulten ondoren, zer?

Galdera hori bera jarri diegu mahai gainean galdeketak egin dituzten herrietan. Erabakitzeko eskubidearen aldeko Itun Herritarra izango dugu beste erronka nagusia aurten: ekainaren 10ean aurkeztuko dugu. Eta ariketa honetan parte hartzera gonbidatzen ditugu orain hartze parte hartu duten guztiak. Itun hori beste eragile eta instituzioekin partekatzea da helburua, zoru komun bat lantzeko, eta herrietan badago zertan lan egin horri begira. Galdeketa prozesuen bidez lortu da herritarrak ahalduntzea eta Gure Esku Dago-ren sarea zabaltzea. Hori baliatu behar dugu.

Eta zer espero duzue alderdi eta instituzioen aldetik epe motz eta ertainera begira?

Fase honetan oso garrantzitsua da herritarrok sortzea baldintzak eztabaida normalizatu bat egiteko, Eskozian egin zen bezala. Euskal Herrian adostasun handia dago jada erabakitzeko eskubidearen inguruan, eta erakundetze maila bat ere bai —hiru legebiltzar eta hiru gobernu—, zeinak balio dezakeen borondate demokratikoa plazaratzeko eta kudeatzeko. Ari dira piezak agertzen; puzzlea denon artean osatu behar dugu. Behar dugu prozesu deliberatibo serio, sakon, garden eta demokratiko bat aukera guztiak mahai gainean jartzeko eta bakoitzak zer suposatzen duen azaltzeko. Horretarako tresna eta metodologia bat adostu behar da. Guk baldintzak eta jarrerak sortu ahal ditugu, baina erakundeek ere beren partea egin behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.