Koronabirusa

1.549 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

15.587 proba egin dituzte; %9,93k eman dute positibo. Ospitaleetako gela arruntetan jende gutxiago dago. Nafarroan lau pertsona hil dira. Intzidentzia tasa handiena Nafarroak du, eta, haren atzetik, Gipuzkoak

1.549 positibo atzeman dituzte Hegoaldean.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian, atzoko datuak oinarri hartuta, 1.549 positibo atzeman dituzte, aurreko egunean baino 52 gehiago. Horretarako, 15.587 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta egindako proben %9,93k eman zuten positibo. Kasu gehienak Bizkaian erregistratu zituzten: guztira, 506 positibo egon ziren. Gipuzkoa ere ez zen urrun ibili: 490 pertsonak eman zuten positibo, eta Nafarroan, 429k. Bigarren olatuko joerari jarraituz, Araban atzeman zuten kasu gutxien: zehazki, 113 positibo.

Intzidentzia tasetan, gaur-gaurkoz, Nafarroak du tasarik handiena, milakoa gaindituta: 100.000 biztanleko 1.108 positibo ditu bi astean. Hala ere, behera egin du, bezperako datuekin alderatuz gero. Gertu du Gipuzkoa ere. Bertan 937 da intzidentzia tasa. Bizkaian 608 da, eta Araban oraindik ez du 500ekoa gainditu: 470 da.

Datuen arabera, behera egin du ospitaleratutakoen kopuruak ere, baina, soilik, gela arruntetan. Egun, 916 pertsona daude ospitaleratuta, aurreko egunean baino hogei gutxiago. Horietatik, 749 gela arruntetan daude, eta 167, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Hala ere, ZIUetako gaixoen kopurua gero eta handiagoa da; oraingoan aurreko kontaketan baino bost gehiago daude eremu horietan gaixo.

Hildakoen berri ere bada. Nafarroako Gobernuak beste lau heriotzaren berri eman zuen. Hain justu, 51 eta 81 urteko bi gizonezko eta 85 eta 86 urte arteko bi emakumezko hil direla jakinarazi zuen. Arabako Foru Aldundiak ere zahar etxeetako egoeraren berri eman zuen, eta gaineratu aurrez beste zenbait patologia zituen egoiliar bat hil dela birusaren ondorioz. Beraz, dagoeneko, 25 erabiltzaile hil dira lurralde horretan. Are, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere adierazi zuen zahar etxeetako bi egoiliar hil direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.