Martxoaren 8a. Mundua

Kaleak berreskuratu dituzte

Emakumeek mobilizazio jendetsuak antolatu dituzte mundu osoan, izurriak eragindako etenaren ondoren. Manifestazio jendetsuenak Hego Amerikan eta Europan izan dira

Mobilizazioa Nairobi hiriburuan. DANIEL IRUNGU / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragindako pandemiak azken bi urteetan emakumeen aldarrikapenen olatutzarra baretu bazuen ere, ez du apurtzea lortu. Aurtengo Martxoaren 8a izan da horren erakusle argia. Manifestazio jendetsuek bete zituzten atzo munduko bost kontinenteetako kale eta zoko ugari, aldarri ozen batekin, beste guztiaren gainetik: andreei gizonen eskubide berak aitortzea. Bada, olatuaren ur masak handitzen jarraitzen du.

Bereziki handiak izan ziren Hego Amerikako herrialdeetako mobilizazioak. Argentinan azken urteetako lemari eutsi zioten. Paro (geldialdi) feminista goizean hasi zuten indarkeria matxistaren aurka, eta arratsaldean manifestazio erraldoia egin zuten Buenos Airesen, baita gainerako hiri nagusietan ere, bi urteko izurriaren ondoren «kalea berreskuratzeko» helburuarekin.

Argentinan bezala, Venezuelako hiriburu Caracasen ere gizarteko hainbat eragilek goizean goizetik bat egin zuten mugimenduarekin, eta Moreloseko eta Asanblada Nazionalaren aurreko bi plazak lotzen dituen kale luzea hartu zuten. «Mobilizazioen helburua da emakume langilea ohoratzea. Egunero borrokan ari da, lanean, etxean edota eskolan», nabarmendu zuen Venezuelako Berdintasun ministro Diva Guzmanek.

Espainian ere milaka emakume kalera atera ziren, berdintasunerantz aurrera jarraitzeko beharra aldarrikatzeko. Martxoaren 8ko manifestazio ofizialaz gain, hainbat erakundek martxa alternatiboak ere antolatu zituzten hogei bat hiritan, «onartezina» iruditzen baitzaie manifestazioa printzipio feministak errespetatzen ez dituztenekin partekatzea, antolatzaileek adierazi zutenez. Horiek, hain zuzen, prostituzioaren eta pornografiaren abolizioa ardatz hartu zuten, eta Berdintasun Ministerioaren politikak kritikatu: bereziki, trans legea eta genero autodeterminazioa. Espainiako Gobernuko hainbat ministrok parte hartu zuten arratsaldean Madrilen egin zen manifestazio ofizialean.

Herrialde Katalanetan ere emakumeak ez ziren etxean geratu, eta arratsaldeko mobilizazioetan jende ugari bildu zen. Bartzelonakoak, zehazki, erantzun zabala izan zuen. Unibertsitate plazatik abiatuta, hiriburuko kale nagusiak hartu zituen. «Emakumerik gabe ez dago iraultzarik» eta «elkarrekin indartsuagoak gara» izan ziren oihu nagusiak manifestarien artean. Generalitateko presidente Pere Aragones mobilizazio horretan izan zen, haren gobernuko kideekin batera.

Turkian, atxiloketak

Turkian, berriz, agintariek debekatu egin zituzten Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldi publikoak, Istanbulgo Taksim plazan, Bosforo hiriko plaza nagusian eta inguruetan. Turkiako Gobernuak ohar baten bidez adierazi zuen: «Ezingo da bilerarik, martxarik, prentsa komunikaturik, eserialdirik edota kanpaldirik egin eremu publikoetan». Halere, agintariei entzungor egin, eta kalera atera ziren beren eskubideak aldarrikatzera, harik eta Polizia oldartu zitzaien arte. Feminizidioa gelditu plataforma sozialaren arabera, 280 emakume erail zituzten iaz Turkian.

Asian ere martxa jendetsuak egin zituzten: Pakistanen, Indian, Filipinetan, Indonesian eta Thailandian, besteak beste. Emakumeen eskubideak aldarrikatzeaz gain, manifestariek desberdintasunaren eta oligarken aurkako protestak egin zituzten, baita amatasuna hobetzearen eta emakumeen eta gizonen soldatak parekatzearen aldeko aldarriak ere. Kirgizistanen, berriz, Poliziak Femen emakume mugimenduko hainbat ekintzaile atxilotu zituen, herrialdeko Bixkek hirian Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko manifestazio batean parte hartzen ari zirela.

Afrikan, Martxoaren 8ko aldarrikapenak ugariak ez baziren ere, zenbait herrialdetan mobilizazioak antolatu zituzten. Nigeriako Abuja hiriburuan, esaterako, hainbat emakumek manifestazio batean parte hartu zuten, emakumeen eskubideen aldeko kantak abestuz. Hain zuzen, Nigeriako Parlamentuko behe ganberak erabaki zuen genero berdintasunerako bost lege proiektuetatik hiru berriz aztertzea, herrialde osoan ehunka emakumek egindako protesten ondoren.

Nairobin ere, Kenyako hiriburuan, andre ugari atera ziren kalera, emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko. Manifestariak Uhuruko parkean bildu, eta Jogoo Houseraino joan ziren, Kenyako Poliziaren egoitza nagusira. Han, eskaera bat aurkeztu zuten abusu mota guztien aurkako babesa eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.