Koronabirusa. Claudia Imaz. Southamptongo ospitaleko farmazialaria

«Ezin zaio kasuen igoera, itsu-itsuan, aldaera berriari soilik egotzi»

Imazek dioenez, Erresuma Batuan atzemandako birusaren aldaera izan da transmisioa azkartu duten faktoreetako bat, baina ez bakarra. Haren arabera, ospitaleratzeak etengabe hazi dira herrialdean, azaro amaieratik.

BERRIA.
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun

Larri dago Erresuma Batuko osasun sistema publikoa, eta zenbait ospitaletan gainezka egiteko arriskuaz ohartarazi dute osasun erakundeek. Mehatxu horretatik salbu da, oraingoz, Southamptongo ospitalea. Claudia Imaz (Habana, 1989) euskal herritarra farmazialaria da hango onkologia unitatean,

 

Zein da egoera zuen ospitalean?

Herrialdeko beste ospitale batzuekin alderatuta, nahiko ona da. Orain, koronabirusaz kutsatutako 306 lagun ditugu, eta horietatik 50 ZIUetan. Ospitaleak 1.100 ohe ditu, eta horietatik 60 zaintza intentsiboetakoak dira, baina badira beste hogei bat tartekoak direnak, beharra balego ZIUko pazienteak artatzeko erabil daitezkeenak.

Hasiak dira zenbait paziente herrialdeko ospitale batzuetatik besteetara mugitzen. Antzeko mugimendurik izan da zuenean?

Jaso ditugu zenbait paziente Londresko eta Kent konderriko ospitaleetatik. Datu onak izan ditu inguru honek hasieratik, baina ez da hala gertatu esandako leku horietan. Betetze mailagatik eta baliabideengatik baino gehiago, lan kargarengatik izan da. Karga arinagoa den lekuetara mugitu dituzte pazienteak; besteak beste, gurera.

Ospitaleratuen kopuruak nabarmen gainditu du Erresuma Batuan pandemiaren lehen hilabeteetan izandakoa. Zuen ospitalean ere hein berean hazi da?

Lehen olatu hartan, 180 inguru izan genituen eguni gogorrenean, eta, orain, kopuru hori bikoiztu ere egin zaigu. Gogoan dut abenduaren hasierako ostiral batean 70 positibo inguru genituela, eta astelehenean 120 inguru zirela. Azaro amaieran hasi zen nabarmen igotzen.

Erresuma Batuko osasun sistema «inoizko egoerarik prekarioenean» dagoela adierazi du Simon Stevens NHS Osasun Zerbitzu Nazionalaren buruak. Gainezka egiteko arriskua sumatzen duzu?

Zenbat eta paziente gehiago eduki, langileen estresa geroz eta handiagoa da, eta, egoera kontrolatu ezean, sistema kolapsa daiteke. Langileen artean kasu positiboak daudenean, adibidez, jarraipen zehatza egin behar izaten da, eta haiek bakartu beharra dago, baina, aldi berean, lan kopuruak bere horretan jarraitzen du, eta estresa sortzen da taldean.

Ospitaleratzeen kopuru altuak zertan baldintzatu du onkologia unitatean jarduten duzuenon lana?

Etengabe moldatu behar izaten dugu. Gure solairu bat medikuntza unitatekoen esku geratu da. Aldaketa nagusietako bat eguneko unitatea lekualdatzea izan da. Onkologikora datozen pazienteak eguneko unitatera etortzen dira tratamendua jasotzera, eta hori ospitaleko eraikin nagusiaren barruan zegoen lehen. Orain, ordea, unitate hori ospitaletik kanpora lekualdatu behar izan dugu, gure pazienteak ez daitezen medikuntza unitatekoekin nahastu. Bestalde, gertatu izan zaigu medikazioa jasotzeko zain zeuden zenbait pazientek itxaroteko lekurik ez izatea, haiek jaso beharreko medikazioa eskura ez geneukalako.

Koronabirusaren aldaera berria hartzen da Erresuma Batuko kasuen gorakadaren arrazoitzat. Hala izan dela uste duzu?

Faktore askok eragin dute; ezin zaio kasuen igoera, itsu-itsuan, aldaera berriari soilik egotzi. Neurri murriztaileak hilabete luzez izan osteko egoera batean agertu zen aldaera berria, eta, identifikatu eta berehala, Eguberriak iritsi ziren. Horrek guztiak ekarri du infekzioak igotzea, jende asko ospitaleratzea, hildakoak igotzea… Testuinguru horretan kokatuko nuke gorakada. Aldaera berriak sortu dira, eta horrek areagotu du transmisioa, baina aipatutako beste arrazoiek azkartu egin dute.

Pazienteen profilean aldaketarik sumatu duzue, aldaera berria agertu zenetik hona?

Hala jakinarazi didate lankideek eta beste unitateetako medikuek. Adinean nabaritu dute. Paziente gehienak 70-80 urte artekoak dira, baina ugaritu egin dira 50-60 urte artekoak. Aldaketa txiki bat sumatzen da hor, baina, oraingoz, ez dago nahikoa ebidentzia baieztatzeko jende gazteari gehiago eragiten diola.

Balizko kolapso sanitario batean osasun langileek hartu beharreko erabakiek lege ondoriorik izan ez dezatela eskatu zuten herrialdeko zenbait osasun erakundek, duela egun batzuk. Horren beldurrik sumatzen duzu erizainen eta medikuen artean?

Oheak bete ahala, arrisku hori handiagoa da, baina egun ere gerta daitezke halakoak; pazienteei ematen zaien oxigenoaren hornidurarekin, adibidez. COVID-19ak eskatzen du pazienteak oxigenoa kantitate handitan hartzea, baina oxigeno beharrean diren guztiek leku berberetik hartzen badute, gasaren presioa jaitsi egiten da, eta kontrolatu beharra dago zenbat jende dagoen une oro oxigenora konektatuta, eta zer kantitatetan. Paziente gehiegi dauden momentu batean gerta daiteke medikuek oxigenoa nork jasotzen duen aukeratu beharra. Halako erabaki bat hartzea ez da erraza, eta uste dut inork ez lukeela egon behar erabaki hori hartzera behartuta, baina oso egoera tristean eta deserosoan gaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.