Lehen akordioak lortu ditu Memoria Lantaldeak

Berria -

2019ko martxoak 16
Memoria eta Bizikidetza Lantaldeak hilabeteak zeramatzan ez aurrera eta ez atzera. Atzoko bileran, ordea, aurrerabidea topatu zuten, lantaldearen lehendakari Ana Oregiren inguruko iturriek berri agentziei jakinarazi dietenez. EAJk eta Elkarrekin Podemosek hainbat gaitan «hastapeneko akordioak» lortu dituztela azaldu dute, baina ez dute horiei buruzko xehetasunik eman. Elkarrekin Podemoseko iturriek ere baieztatu dute aurrerabide hori: «sintonia» bat badagoela esan dute, eta «diskrezioz lanean» jarraitu behar dela.

Espero dute lehen akordio horietara talde gehiago ere biltzea, eta EH Bilduk esan du «borondate politikorik» balego haiek egindako ekarpenak egon litezkeela akordio zabalago horretan, «bateragarriak» baitira garai batean Ana Oregik idatzitako sintesiarekin.

PSE-EE joaten da lantaldearen bileretara, baina jakinarazi dute ez dutela bozketetan parte hartzen, haiek garai batean plazaratu zuten testua Oregiren sintesiari aurkeztutako «osoko zuzenketa» delako, eta joan den legegintzaldian adostutako «zoru etikoa» errespetatzea nahi dutelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna