Haurren kontrako sexu abusuak. Justizia

Sinesgarritasuna irabazten

Delituen preskripzioa arazo izaten da sexu abusuak epaitzeko, usu berandu salatzen baitira; umeen hitza froga gisara onartzea ere, ume horiek ongi zaintzea, erronka da.

arantxa iraola
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Gauza bat da legeak zer eman dezakeen; bestea, zuk, herritar gisara, zer egin dezakezun. Bada jendea ahots ozenean kontatu nahi duena zer gertatu zaion, eta hori publikoa izatea nahi duena. Salaketa bat jar dezakete horretarako. Gero esango diete: 'Preskribatu egin da, edo ez duzu aski froga ekarri, edo nik ba al dakit ba zer... Ados'. Baina pertsona horrek egin du urratsa». Pilar Polo ari da solasean. Psikologoa da Vicki Bernadet fundazioan; bi hamarkadatik gora daramatzate umetan sexu abusuak jasan dituzten pertsonei arta ematen, Katalunian. Eraso horiek justiziaren aurrean preskribatuta badaude ere, zenbaitetan salaketa jartzeko pausoa ematea aholkatzen dutela onartu du. Zer gerta daitekeen «oso ongi» azaldu behar zaie, ordea, pertsona horiei; izan ere, egun, Espainiako legerian, preskripzio epea hasten da kontatzen biktimek 18 urte betetzen dituztenean. Delitu arinentzat bost urtekoa da; larrienentzat, hamabostekoa. Aski eza, kasurik gehienetan. Frantziako legerian iaz egin zuten aldaketa: 20 urtean hasten zen lehen preskripzio epea, eta 30era igo zuten.

Bada preskripzio epea biktimek 50 urte betetzen dituztenean kontatzen hasteko eskea; sustatzen ari direnek horren aldeko 520.000 izenpe lortu dituztela esan dute berriki. Juan Cuatrecases ari da, esaterako, borrokan. «Biktimek sarri kontatzen dute ahal dutenean», azaldu du. Ondo daki zertaz ari den; izan ere, biktima baten aita da, Leioako Gaztelueta eskolan (Bizkaia) irakasle batek umetan abusuak egin zizkion gaztearena. Azkenaldian ezagun egin diren kasuak arazoaren adibide direla esan du: Bilbon, Deustuko Salestarren eskolan asteotan ezagun eginiko kasuak, esaterako, preskribatuta daudela jakin berri da. Halakoak, oro har, justiziak zedarrituriko eremutik «kanpo» daude: ezin dira epaitu. Augusto Maeso epailea da Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, zigor arloan. Preskripzio epea usu arazo dela onartu du: «Zenbait kasutan, epea pasatu da, eta eraso bat jasan duela uste duen pertsonak ez du salaketa jarri; ez dago prest, edo ez du gogorik une horretan». Hala ere, justizian arazo horien gaineko ezagutza handitzen ari dela uste du, eta ez du dudarik: ongi deritzo preskripzio epea luzatzea. «Aldiz, kentzearen alde ez nago». Preskripzioa justizia sisteman aski «errotuta» dagoen figura bat dela uste du: ezin da kendu. «Hilketak, giza hilketak, bortxaketak... Horiek ere delitu oso larriak dira; horietan preskripzioa utzi, eta adingabeen sexu abusuetan kenduko genuke?».

Ezagutzen du argudio hori Polok: «Juridikoki esplikatzen digute ezin dela preskripzioa erabat kendu; ados, teknikoki horrela izango da, baina behar duen orori salaketa jartzeko era ematea garrantzitsua da». Izan ere, jendeak denbora asko behar du zer jazo zitzaion kontatzen hasteko; askotan, hamarraldiak. «Maiz gertatzen da, adibidez, hedabideetan oihartzuna duten kasuak agertzen direnean, jendeak bere burua ikusten duela horietan... Ez dute adorerik izan bidea urratzen lehenak izateko, baina, besteen lekukotasunak entzunda, ikusten dute besteek ere izan dituztela beraiek izan zituzten egoerak: askotan igual-igualak... Eta orduan adorea sentitzen dute. Beste jende asko, berriz, horrelako bultzadarik gabe heltzen da guregana: bizitzaren zikloek bultzatuta. Normalean, bi unetan heltzen dira: amatasunaren unean, edo gurasoen ardura hartu behar, eta gurasoetako bat abusatzailea izan denean... Ia beti 35 urteak ongi igarotako pertsonak dira». Preskripzio epea zabaltzea ezinbestekotzat du horregatik. «Egun 40 urte baino gehiago izan eta umetan abusuak jasan dituzten pertsonak hor daude; ez duten izan erarik entzuteko laguntza eskatzeko eskubidea zutela, eta izan behar dute bizi kalitatea hobetzeko era. Beraz, bai: preskripzioak hasi beharko luke 50 urte betetzean».

Ahotsa ozentze hutsa, biktimentzat sarri «terapeutikoa» dela argi du: «Izan ere, abusuaren muinean botere dinamika bat dago; kasuon gaineko isiltasuna dakar horrek. Behin hitz egiten hasita, ordea, dinamika apurtzea lortzen dute: beraien buruaren jabe izaten hastea, berriz bizitza kontrolatzea».

Aurrez emandako froga

Beste hainbat eske lotuta daude auzibideetan sartuta dauden biktimei arta emateko moduak fintzeko proposamenekin: batez ere, adingabeei so. Eskaeretako bat da, adibidez, ahal dela behin bakarrik deklaratzea haurrek, eta auzitegi aretotik kanpo egitea, gainera: arloan espezializatutako psikologoekin. Helburua izaten da ahozko epaiketako eguna heltzen denean deklarazio horixe —instrukzio aldian hartutakoa— grabatuta ipintzea auzitegi aretoan. Justiziak ahalbidetutako tresna bat dira aurrez emandako frogak; kasuotan, lekukotasunak aldez aurretik hartzeko zeinen ongi funtzionatzen duten ikusita, zaurgarri dauden salatzaileekin erabiltzea defendatu egiten du Maesok. «Legeak baimentzen digu adingabeen deklarazioa aurrez emandako froga bat izatea, eta grabatzea; edozein delitutan». Kasu zenbaitetan, adin nagusikoekin ere erabil daiteke.

Ororen gainetik, salatzaileak kontakizun bera behin eta berriz kontatu beharra saihestu nahi da: «Izan ere, aintzat hartzen badugu min egin duen zerbait dela, hori astakeria bat da», onartu du magistratuak. Xehetasun asko hartzen dira kontuan froga hartzeko: «Esaterako, gela egoki batean egiten da, eta umeak aukera izaten du, adibidez, konfiantzazko norbait ondoan izateko. Psikologoak erabakitzen du hori. Batez ere, bilatu behar da umeak askatasun osoz deklaratzea». Froga hori oso ondo hartu behar da, ahozko epaiketan gero balekotzat eman behar baitute aldeek: «Berme guztiekin hartutako deklarazioa izan behar du».

Delitu motaren ezaugarriengatik, gainera, salatzailearen deklarazioa izaten da askotan froga bakarra sexu abusuen kasuetan: biktimaren hitza, akusatuarenaren kontra. Zaildu egiten ditu horrek auziak. Hala ere, alorrean aurrera ari direla dio Maesok, eta kondenak ere ipintzen dituztela: «Badira kondenak. Gure kasuan, sententzia gehienek zigor bat jartzen dute. Ikerketa zientifikorik ez dugu, baina gehienek. Jakina, absoluzioak ere badira: egon behar dira». Bidean ere kasu asko geratzen dira, ordea: gehienak. Save The Childrenek 2017. urtean sexu abusuez argitaratutako Ikusi nahi ez duten begiak txostenaren arabera, kasuen %90 ez dira ahozko epaiketara heltzen EAEko epaitegietan; Nafarroan, %94.

Bi hamarkada daramatza sexu abusuak salatzen dituzten adingabeen ebaluazioak egiten Raquel Raposo psikologoak, Andaluzian (Espainia). Ikerketa lanak ere eginda ditu aurrez emandako frogaren inguruan. Halakoak oso ondo prestatu behar direla berretsi du. «Aurrez emandako frogak funtziona dezan, ongi ezagutu behar da haurra, baita kasua ere; jakin behar duzu, adibidez, zer galdera mota egin diezazkiokezun».Instrukzio epailearen esku egoten da, beti ere, horrelako bideren bat hautatuko den ebaztea. Ohiko bihurtzen ari direla esan du Maesok. «Gero eta gehiago egiten dira; gure epaitegian, kasuen erdietan-edo...». Save The Children elkartearen txostenaren arabera, EAEn aztertu zituzten auzibideen %13an hautatu zen bide hori.

Ildoa lantzen jarraitzea defendatzen du Maesok: «Umeen onurarako da». Defentsa egiten du Polok ere: «Katalunian dezente erabiltzen da. Guri oso praktika ona iruditzen zaigu. Izan ere,maiz haurrek ez dute gehiago hitz egin nahi. Diote: 'Ez dut gehiago kontatu nahi...'. Askotan, gainera, ez dute ulertzen. Pentsatzen dute: 'Nik zerbait kontatzen badut, eta egia bada, zergatik galdetu behar didate lau aldiz?'. Eta orain ezagutzen ez duten pertsona batengana? Gero beste batengana?».

Denboraren joanaren aurka

Froga emateko era horren onuren artean, beste bat ere nabarmentzen dute adituek: denboraren joanaren ondorioak arintzen ditu. Polok: «Zuk 4 urteko ume baten kontakizun nahi baduzu, 4 urte dituenean hartu behar diozu. Memoria traumatikoak bere prozesuak ditu, eta, jakina, haur horrek eskubidea du, gainera, bere bizitza kalitatea hobetzeko prozesu terapeutiko bat izateko. Ondorioz, gero berriz 7 urterekin hitz egiten badu, kontakizuna ezberdina izango da». Sinesgarritasunarentzat eragozpen bat da hori. Bat dator Raposo: «Lekukotasuna ez da egonkorra: umea aldatzen ari baita. Bere eboluzioaren ondorioz, eta bizitzan dituen esperientziengatik» Eta denbora amesgaiztoa izaten da maiz auzibideetan. «Gure gaixotasun kronikoa da geldotasuna», onartu du Maesok. «Eta denbora ez da pasatzen berdin adin nagusikoa den batentzat, edo haur batentzat», onartu du. Sistemaren sakoneko arazoa dela argi du: «Baliabide gehiago behar ditugu».

Haurrentzat ez ezik, biktima nagusientzat ere oso prozesu gogorrak direla oroitarazi du Cuatrecasesek, semearen esperientzia oinarri: «Instrukzioan, adituen aurrean... Gertatutakoa auzitegian hainbeste aldiz errepikatu beharra! Bide duinagoak behar dira». Semearen kasua argitzeko epaiketan —urrian izan zen, akusatua zigortzea lortu zuten— ikusi zuen: akusatua aretoan zela deklaratu zuen semeak. «Ez da aski zuresi bat jartzearekin... Aurrerapen teknologikoak non daude? Edo areago; une hartan haren medikua ondoan izatea oso garrantzitsua litzateke nire semearentzat». Biktimek, ahal dela, aparte deklaratzea oso garrantzitsua dela adierazi du Polok ere: «Atera kontuak, egon dira kasuak zeintzuetan ukatu egin duten abusu bat egon dela, umeak, adibidez, irri egin diolako akusatuari, edo besarkada bat ematera joan zaiolako... Horrek esan nahi du ez ulertzea zer den abusua, ez ulertzea zer den anbibalentzia, eta beste gauza asko». Epaitegietan, hala ere, halakoak saihesteko kontzientzia handitzen ari dela esan du Maesok; aparteko esfortzua egiten dutela, esaterako, haiek beti auzitegian biktimak eta akusatuak elkar ikustea saihesteko: «Denbora asko daramagu gai horretan ahalegintzen».

ISLARIK GABEKO INDARKERIA

«Abusua ahaztua dute biktimen erdiek, baina ondorioak dituzte»

«Sendabide» baten bila

«Ez nekien sexua ote zen, baina bai ez zela normala»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.