Katalunia. Greba Bartzelonan

Dena geratuz altxatu dira

Aurreko egunetako mobilizazioetan bezala, Bartzelona izan da grebaren erdigunea. Geldialdiak eragin nabarmena izan du hiriburuan

Piketeak. Piketeak supermerkatu bai itxi nahian, Clot-Camp de L'Arpa auzoan. ORIOL CLAVERA.
Gurutze Izagirre Intxauspe - Jon O. Urain
Bartzelona
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Bartzelona erdigunean goizean oso nabaria zen geldialdia. Hiriburua zeharkatzen duten etorbide nagusietan oso trafiko gutxi zebilen, Etorbide Nagusia edo Gracia pasealekuan, kasurako. Denda eta komertzio txiki batzuk irekita zeuden lehen orduan erdigunean, baina Boqueria azoka plaza, esaterako, gehien-gehiena itxita zegoen, postu gutxi batzuk salbu. Eta haiek ere nahi baino genero gutxiago zeukatela zioten, errepide nagusiak itxita egon zirenez, ez zitzaielako iritsi. Grebak herrialde osoa astindu du, eta, azken egunotako mobilizazioetan bezala, hiriburua izan du erdigune.

Arloka, nabaria izan da grebaren eragina. Bartzelonako portuan zamaketariek greba egin dute, eta gutxieneko zerbitzuak baino ez dituzte egin. Unibertsitate guztiek eten dituzte eskolak. Ikastetxeetan, sei gelako irakasle bat ezarri dute, garraio publikoan %33ko zerbitzuak, eta metro eta Ferrocarrils de la Generalitat eta tranbiak puntako orduetan %50 ibili dira —gainerakoan, %25—. Metroan, lehen orduetatik antzeman da jendearen joan-etorria lanegunetan izaten dena baino eskasagoa zela. Ohiko jendetzarik ez da ikusi, ordea; eroso joan zitekeen metroan, beste egun batzuetan estututa joateko izaten diren orduetan. Osasun arloan, farmaziak %100 ireki dituzte, eta ospitaletako larrialdien zerbitzua normaltasunez aritu da.

Hedabide publikoek, berriz, %50eko zerbitzua dute ezarria ohiko informazioetan. El Punt, Ara eta Vilaweb hedabideek bat egin dute grebarekin, besteak beste, eta horri buruzko informazioa baino ez dute eman.

Goizean, beraz, Bartzelona erdigunean ohikoa baino askoz ere jende eta trafiko gutxiago dago. Unibertsitateko plazan gosaritarako geratu diren gazteak. Izenik eman nahi ez duen gazteetako batek BERRIAri azaldu dio grebarekin bat egiten dutela Espainiak ezarritako eskubide eta askatasunen murrizketengatik protesta egiteko: «Arazo hau konpontzea oso erraza da: preso politiko guztiak kalera eta hautetsontziak jarri. Eta amaitu da. Ez legoke ia harri bat gehiago, botila bat gehiago... esaten dute indarkeria sartu dela, baina ez da halakorik: gazte jendea da, nekatu dena ja: soldata duinik ez du, ezin du gurasoen etxetik atera, ezin du etxe bat erosi... miseria da. Badago lelo bat esaten duena 'miseria ereiten duenak gorrotoa jasotzen du', horixe gertatzen ari da hemen. Zapaltzen zaituzte etengabe, eta, azkenean, jendea altxatu egiten da».

Azken egunetan sortu diren istiluak ere izan ditu hizpide: «Indarkeriari buruz diotenarekin, astelehenean aireportuan eta asteartean Graciak pasealekuan poliziek hasi zituzten istiluak, barrikadak defendatzeko modu bat dira. Barrikadak egitea ez da indarkeria, defentsa da armatuta dauden gizon batzuen aurrean. Manifestaziorako eskubidea ere erreprimitu nahi dute, eta horregatik egiten dira barrikadak. Hori ez da indarkeria. Indarkeria Poliziak eragiten du».

Gosaria egin ostean, martxetara jo dute. Goizean, herritar asko ikusi dira kalean, ikur independentistak edo esteladak soinean hartuta, martxetarako bidean. Metroa hartzera doan laukote heldu bat, hain zuzen. Vicen egon da asteazkenean, eta, orain, Badalonara doa, handik martxa hartu eta Bartzelonan sartzeko. Rosa Fonek eta Jordi Padrok uste dute kalera atera behar dela: «Urte asko dira kalera aterarazten gaituztena. Bidegabekeria handia jasaten ari gara, eta egin dezakegun gauza bakarra hauxe da: modu baketsuan kalera atera, eta herri hau noizbait libre izateko lanean segi. Gaueko istiluak itzal handiegia egiten ari dira benetan dagoen mugimenduari. Horrek ez digu batere laguntzen. Eta hedabideek askoz ere garrantzia handiagoa ematen diete istiluei, baina ez dira inolaz ere gehiengoa. Milaka manifestari baketsu daude kalean, eta horiek ez dituzte ateratzen. Frankismoa ezagutu genuen, eta, orain, sententzia honekin, eskubideen murrizketak hain dira handiak. 40 urte hauek estali baino ez dute egin frankismoa».

Errepideak, libre

Greba deialdiaren oihartzuna handiagoa izan da erdigunetik aldenduago dauden beste auzo batzuetan. Santsen, esaterako, apenas egon den autoen zirkulaziorik etorbide nagusietan, eta pertsianak lurreraino jaitsita eduki dituzte saltoki gehientsuenek. Gauza bera gertatu da Collblancen, baina eremu horretan gero eta gehiago izan dira goizak aurrera egin ahala saltokia zabaldu dutenak. Nagusiki, kafetegiek eta saltoki handiek zabaldu dituzte ateak.

Are nabarmenagoa izan da jardueraren apalaldia Sagreran. Auzo horretatik igarotzen da Meridiana, Bartzelonako etorbide nagusietako bat, baina zaratarik eza izan da egunaren ezaugarri nagusia; autoen ohiko joan-etorriaren arrastorik ez da egon ia. Jendea ere tantaka ibili da, eta horietako hainbatek soinean ANC Biltzar Nazional Katalanak aurtengo Diadarako prestatutako kamiseta dutela.

Meridianan du bulegoetako bat Bartzelonako Udalak, eta, sarreran, egoera politikoaz eta ondorioez solasean aritu da langile talde bat. Gai bakarra zuten mintzagai: Bartzelonak eta Real Madrilek hilaren 26an jokatzekoa zuten futbol partida atzeratu egingo dutela, testuinguru politikoaren eraginez.

Errepide mozketa ugari izan dira goizean goizetik hiriburuan, eta hainbat pikete aritu dira gune zehatz batzuetan. Supermerkatu batean, mossoek indarrez kaleratu dute bertara joandako taldea. Datu bat, errepideetan izandako mugimendu eskasaren erakusgarri: Les Cortsen, bezperan izan zen kutsadura baino lau bider txikiagoa neurtu zuten atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.