Durangoko 54. Azoka. Gogoetaren Plaza

Sorkariak ezin baitira jan

Sortzaile profesional gisa, beren kultur jardunean sumatzen dituzten ajeez eta aukerez aritu dira solasean Danele Sarriugarte, Jurgi Ekiza eta Maite Mutuberria, Gogoetaren Plazan

Gorka Bereziartuak gidatuta jardun zuten hizketan Danele Sarriugartek, Jurgi Ekizak eta Maite Mutuberriak, atzo, Gogoetaren Plazan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Durango
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Kultura lana da. Ebidentea dirudien esaldia mahai inguru baten izenburura eraman zuten Durangoko Azokako Gogoetaren Plazan, atzo eguerdian. Kulturgintzan dabiltzan sortzaileak langileak direla, alegia, batzuetan ez baitirudi hain ebidentea. Kultur lanaren profesionalizazioaz eta beren jardunaz aritu ziren solasean Maite Mutuberria ilustratzailea, Danele Sarriugarte itzultzaile eta idazlea, eta Jurgi Ekiza musikaria, Gorka Bereziartua Argia-ko kazetariaren gidaritzapean.

Nork bere arlotik begiratu zion auziari, orain arte egindako ibilbideak ekarri dien eskarmentutik. Ez baitira hasi berriak. Urteotan hainbat liburu ilustratu ditu Mutuberriak (Eltzaburu, Nafarroa, 1985), eta Lohia albuma ere plazaratu zuen iaz, bakarka. Sarriugartek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989), berriz, hainbat lan itzultzeaz gain, Erraiak (2014, Elkar) eta Azala erre (2018, Elkar) nobelak eman ditu argitara orain artean. Willis Drummond taldearekin Zugzwang diskoa kaleratu berri du Ekizak (Baiona, 1980), eta bakarka ere aritu izan da, abeslari eta gitarrista. Hirurak sortzaile, hirurak kultur munduko langile, hirurak profesional. Eta hirurek sumatu dute ajerik urteotan beren jardun profesionalean.

Sormen lana lan gisa aldarrikatu behar izatetik hasita. Edo, aldarrikatu baino gehiago, beren jarduna lan profesionala dela ulertaraztetik, bederen. Mutuberria: «Uste dut aldarrikatu behar dudala nire aukera dela egiten dudanaz bizitzea, eta lan bat dela, hainbatek ez baitu ulertzen ilustrazioa ogibide bat dela». Ez soilik kulturan, baizik oro har lanaz dagoen ikuspegi mugatu bati egotzi zion hori Sarriugartek, baina sormen lana ikusezinagoa izan daitekeela iritzi zion. «Eta hori ikusarazten saiatzen garenean, ikuspegi mugatu horretara moldatzen saiatzen gara, geure neurrira eginda ez dagoen jantzi batean sartzen».

Izan ere, nola zenbatu sorkari batek atzean dituen lan orduak? Nola, lan horretara iristeko sortzaileak pentsatzen, behatzen, irakurtzen, entzuten, aztertzen, probak egiten... elikatzeko beharrezko dituen horietan igarotako denbora? Zer ekarriko luke horiek aintzat hartzeak? Ipar Euskal Herrian, Frantziako intermitentzia sistemaren harira, musikariek badute langile estatusa Ekizak azaldu zuenez, eta badute langabezia saria jasotzeko eskubidea kontraturik ez duten garaietan. Baina azaldu zuen sistema horrek gabeziak ere badituela. Esaterako, areto batean eman beharrean, taberna batean kontzertu bat emateko. Edo lan zein emanaldi kopuru jakin bat egiteari begira. «Dena neurtzen bada, sormenari akatserako espazioa ere kentzen zaio, zeren denak balio behar duela baitirudi; kantu baten hitzak egiten ibili bazara, baina gero ez baduzu gustukoa, botatzea ere, horretan denbora pasatu duzunean... Behartu bezala egiten zaitu». Eta berdin kontzertuak edo lanak maiztasun jakin batekin egiteari dagokionean. «Azkenean, galdera ere bada: sentitzen duzulako egin duzu, edo erritmo hori jarraitu behar duzulako?».

Hego Euskal Herrian, autonomo gisa ari diren sortzaileei kuota ordaindu beharra kentzea lagungarria litzatekeela uste du Sarriugartek, eta, mugak baditu ere, intermitentziaren gisako sistemaren bat izatea ere bai. «Zerbait egin nahi baduzu zure barrenak hor jarrita edo kezka bati erantzunez, behar duzu denbora bat, eta beste lan batean arituta ezin diozu horri hainbeste denbora eskaini. Oreka zaila da». Bat etorri zen Mutuberria. «Enkarguzko lanak bilatu behar dituzu, eta egin nahi zenituzkeenak egiteko denbora gutxiago duzu, kuota pagatu behar duzulako».

Beren lanaren aitortzaz ari zirela, bizi izandako hainbat esperientzia ere kontatu zituzten. Mutuberriak: «Beti gogoratuko dut liburu bat egiteko proposamena iritsi zitzaidala, eta ordainketa zen ehun liburu emango zizkidatela. Esan nien ez nekiela zer egin haiekin, nik diruarekin ordaintzen ditudala erosketak, etxea...». Ez zuen egin. Diskoekin ere halakorik gertatu izan dela aipatu zuen Ekizak, eta promozioaren auzia ere atera zuen eztabaidara: disko berria ateratzean, agian jaialdi batean jotzeko deitu, eta ordaindu ez, baina promoziorako ona izan daitekeela entzuten dute maiz musikari ugarik.

Ehuna egunero elikatu

Beren jardunerako laguntzez ere aritu ziren, eta sorkuntzarako laguntza gehienek, ekoizpen gastuak bai, baina soldata baten gisakorik ez dutela aurreikusten aipatu zuten. Sormen egonaldiak egiteko aukera gehiago ere sumatzen ditu faltan Sarriugartek. Eta hainbat laguntzak markatzen dituzten epeei buruz, aurka ez, baina horiekin malgutasunez jokatzearen alde egin zuten.

Esperientzia kolektiboez ere hitz egin zuten hiru sortzaileek, eta denek jo zituzten positibotzat, beren jardunean babesa eta aberastasuna ekarri dizkietelakoan. Beren eskubideak aldarrikatzeko ere, beharrezkotzat jo zuten sortzaileen arteko harreman sareak eta elkarlana sendotzea.

Eta kultur politiketan, oro har, ekitaldi handien gainetik, sortzaileen ehuna egunerokoan elikatzearen alde agertu ziren. Euskaraz ari diren sortzaileen berezitasunak aintzat hartzeko beharrean egin zuten azpimarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.