martxelo otamendi
BERRIAk hamabost urte. ANALISIA

Komunikatzen segituko dugu

2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Hamabost urte bete ditu BERRIAk, indarrez itxi ziguten Euskaldunon Egunkaria-ren segida izan zenak, sorreran babes animiko eta ekonomikoa eskaini ziguten eta hamarkada eta erdi honetan bultzada eman diguten milaka eta milaka euskaltzaleri esker. Aipamen berezia merezi dute etxeko langileek eta kolaboratzaileek, kalitatezko informazioa eta zerbitzuak irakurle eta erabiltzaileen eskura jartzean ahalegin handia egiten dutelako. Ez, zoritxarrez, baldintza egokietan.

Iragarleak —handiak eta txikiak— gure zutabe nagusietako bat izan dira urteotan, bereziki 2007ko krisiaz geroztik, publizitate sailetan dirua urri zenean, iragarkiak jartzeko modua topatu dutenak. Beste horrenbeste diru laguntzak ematen dizkiguten erakunde publikoak.

Zuek, irakurleok, egunero bide batetik edo bestetik gurera hurbiltzen zaretenok egiten duzue posible BERRIA. Zuengatik gaude, eta zuentzako ari gara daukagun onena emanez, eta Euskal Herrian eta munduan gertatu dena, eta gertatu ez dena, era azkar eta argian hainbat euskarritan azaltzeko ahalegina egin dugu eta egiten segituko dugu. Munduko interesgune askotan egon da BERRIA hamabost urteotan, han-hemen gertatu denaren berri zuei emanez; ez duzue gutxiago merezi.

Duela bi mende jaio zirenetik, munduko negoziorik aurreikuserrazenetako bat izan da egunkariena, aldaketa teknologiko mantso batzuk kenduta, negozio ereduak oso aldaketa gutxi eduki dituelako. Digitalizazioaren etorrerarekin, erabateko aldaketak ezagutu ditugu lan moduan eta negozioaren ereduan. Dena ez da, ordea, txarra izan aldaketarekin; digitalizazioak, merkeago izatearen ondorioz, laburtu egin baitu hedabide aberatsen eta diruz urri gabiltzan hedabideon arteko tartea. Dena eskuragarriago da orain, digitalizazioari esker.

Saio handia egin dugu teknologia horiek ahalik azkarren gureganatu eta zuen eskura jartzen; oso garbi eduki baitugu hasieratik euskarak, gure kasuan euskarazko informazioak, lehen lerroan egon behar zuela zabaltzen ari zen mundu berri eta ezezagun horretan. Ardura kontu bat izan da.

Oso urte gutxian, lanbide eta negozio aldakaitz bat izatetik, erabat aldakorra eta igarrezina den jarduna izatera pasatu da gurea, inork ez dakiela nola, eta zertan, egongo garen bizpahiru urte barru. Ezin esango dugu ez dela interesgarria bizi dugun suspense film hau. Datorrena aurreikustea ondo zaila denez, presta dezagun geure burua, behin etorrita, gureganatzeko; betiere, kalitatezko zerbitzuaren helburuarekin.

Beharrezkoa da sektorea eta erakunde publikoak, unibertsitateetako adituen aholkularitzarekin, hurrengo urteetan gure tamainako herri moderno batek, komunikabideen alorrean, osatu beharko lukeen ezinbesteko eskaintza zehaztu eta adostea: lehentasunak markatu produktuen eskaintzan eta inbertsioetan. Ezer sobra ez denez, zer faltako den irudikatu behar dugu. Azpiegituretan bezain moderno izan gaitezen komunikabideen alorrean.

Irakurleen, erabiltzaileen eta BERRIAlagunen bultzadarekin, datorrena datorrela, informatzen segituko dugu. Albistea dagoen lekuan egongo da, orain arte bezala, BERRIA. Horretan ez dudarik eduki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.