«Kontzertu politikoan» ados

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak akordioa lortu du eskumenen atalean. Hitzaurrearen eta atariko tituluaren babes bera izan du: EAJk eta EH Bilduk onetsi dute
Talde politikoetako ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen bilkuran.
Talde politikoetako ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen bilkuran. JUANAN RUIZ / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko ekainak 21
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak itxi egin du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus politiko-juridikoari buruzko eztabaidaren hirugarren atala. Taldeek eskumenen gaia zuten mahai gainean, eta hiru astez aritu dira hizketan, adostasuna aurreko ataletan baino zabalagoa izan zedin. Elkarrekin Podemosek, baina, ez du babestu, eta EAJ eta EH Bilduren oniritziarekin onartu dute agiria.

Hitzaurrearen eta Atariko Tituluaren oinarrietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Estatuaren arteko harremana «alde bikoa» izateko beharra dago jasota, eta ildo beretik doa atzo onartutako testua ere. Bertan, «Kontzertu Politiko» bat proposatu dute, «eskumenen jarraipenerako eta trataera politiko eta instituzionalerako tresna» izan dadin. Halaber, adostu dute euskal instituzioek politika publiko «propioak eta osoak» garatu ahal izango dituztela hainbat alorretan; besteak beste, «bizikidetzan eta demokraziaren sakontzean» —berariaz jaso dute erreferendumak egiteko ahalmena—, lan politiketan eta Gizarte Segurantzan, kultur, kirol, hezkuntza eta hizkuntza politiketan eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alorrean.

Bestalde, EAJk eta EH Bilduk agirian jaso dute euskal erakundeek «eskumen zabalak» izatea kanpo politikan, eta ordezkaritza izatea Europako Batasuneko eta nazioarteko erakundeetan. Espetxe politika propioa ere ageri da eskumenen artean. Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak bilera ostean xehatu zuenez, testuan 1979ko estatutuko eskumenak berretsi dituzte, eta proposatu dute hamarkadotan Espainiak epai edo lege organiko bidez murriztutako eskumenak berreskuratzea eta «ahalmen konpetentzialak zabaltzea».

Datorren asteazkenean, talde politikoek bi atal izango dituzte mahai gainean, akordioa ixten saiatzeko: botere publikoak, eta ogasuna eta ondarea. Orain arte EAJ eta EH Bildu bat etorri diren arren, litekeena da botere publikoen alorrean adostasun hori haustea. Atzo, Joseba Egibar EAJko bozeramaileak agerian utzi zituen arlo horretan EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin dituen desadostasunak, eta zabalik utzi zuen boto partikularra emateko aukera: «Saiatuko naiz konbentzitzen Laugarren Botere izenburu horrek ez duela zentzurik. Temati jarraitzen badute, guk gure posizioa azalduko dugu, baina ez da ezer pasatzen».

Eskubideen atalari buruzko sintesi dokumentua Elkarrekin Podemosek egingo du, eta datorren asteko bileran aurkeztuko du. Koalizioaren proposamenetako bat da estatus politiko berriak atal bereizi bat jasotzea emakumeen eskubideen inguruan. Proposamen «berritzailea» da, Lander Martinez koalizioko bozeramailearen esanetan: «Estatutu feminista argi bat behar dugu».

Datarik zehaztu ez zuten arren, talde politikoek uztaileko lehen hamabostaldian itxi nahi dute estatus politikoaren oinarriei buruzko eztabaida. Aditu talde baten esku geratuko da testua, eta zortzi hilabeteko epea izango dute testu artikulatua idazteko. Dokumentua legebiltzarrera itzuliko da gero, lege proposamen gisa eztabaidatzeko.

Sanchezekin, astelehenean

Hain justu, autogobernua «eguneratzeaz eta sakontzeaz» hitz egin nahi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin. Datorren astelehenean bilduko dira, eta, Urkulluk atzo azaldu zuenez, «hitz egiteko eta entzuteko asmoz» joango da. Solasaldi «positiboa eta eraikitzailea» espero du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna