«Preso guztientzako» bide orri bat nahi du EPPK-k

Foro Sozialeko Agus Hernanekin bildu dira presoen kolektiboko bi kide Granadan. Orain Presoak martxak ibilbidearen erdia osatu du

Presoen eskubideen aldeko bizikleta martxako kide batzuk, atzo, Donostian eginiko ekitaldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jokin sagarzazu
2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Foro Sozialeko eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko ordezkariak bildu ziren atzo goizean Granadako espetxean; Espainiako Estatuaren espetxe politika aldatzeko egun dauden «aukerez» hitz egin zuten, eta, zehazki, «preso guztientzako» baliagarria izan daitekeen «gizarteratze plan bat» adosteari buruz. Foro Sozialeko Agus Hernanek azaldu duenez, EPPK-ko kideek ekarpenak egin nahi dizkiote hainbat eragile «zehazten» ari diren «bide orriari».

Hernanek eman du bileraren berri, Interneteko sare sozialetan zabaldutako mezu labur batzuen bidez. Jakinarazi duenez, Foro Sozialeko eta EPPK-ko mintzaidetza taldeko kideak hiru aldiz bildu dira aurten. Atzo, harekin batera Jon Olarra Guridi eta Ainhoa Mujika Goñi presoak izan ziren.

Etzi, Foro Sozialak, Sarerekin eta Etxerat-ekin, balorazioa egingo du azkenaldian instituzioekin, alderdiekin eta eragile sozialekin izandako harremanen inguruan,eta aipatutako bide orriari buruzko xehetasunak emango ditu.

«Konpondu beharrekoak»

Ibilbidearen erdia eginda, Donostiara iritsi zen atzo Sare plataformaren Orain Presoak dinamikako bizikleta martxa. Herenegun irten zen Mont-de-Masango espetxetik (Landak, Okzitania), eta Baionan gaua pasatu ostean, Donostiarako bidea hartu zuen atzo goizean. Lehen geldiunea Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan egin zuen, eta Oiartzualdera jo zuen gero 50 bat txirrindularik osatutako taldeak. Haiez gain, errepide bazterretan ere izan zen jendea babesa ematen. Eguerdian, Errenterian hartu zuten atseden, herriko festen hasiera aprobetxatuz; bertsolari batek egin zien harrera, eta Sareko kide batek hartu zuen hitza: presoen auzian «lehenbailehen konpondu beharrekoak» aipatu zituen: urruntzea amaitzea, larri gaixo daudenak aske uztea eta graduen progresioa ahalbidetzea. «Helburu» horiek lortzeko «denen» beharra dagoela azpimarratu zuen. «Elkarbizitzarako garaia da hau, batu ezin izan garenok batzekoa. Orain, presoen auzia konpondu behar dugu», esan zuen.

Errenterian egin zuten otordua, eta Donostiara jo zuten ondoren. Gipuzkoako hiriburua gerturatu ahala, jende gehiago batu zitzaien. Hiriko kale nagusi batzuk zeharkatu ostean, Zuloaga plazan egin zieten harrera, eta Sara Majarenas preso ohiak irakurri zituen mobilizazioaren eskaera nagusiak: azpimarratu zuen Ipar Euskal Herrian «gizarte zibilaren lanaz lortutakoa» Hegoaldean ere egin daitekeela. Jai giroan jarraitu zuten gero.

Gaur, Altsasura (Nafarroa) iritsiko da martxa, eta bihar amaituko da, Zaballako espetxean (Araba). Datorren larunbaterako, berriz, «itsas martxa» bat antolatu dute Plentzian (Bizkaia), Etxerat-ek deituta presoen eskubideen alde urtero egiten dituzten hondartzetako mobilizazioekin bat eginez.

Jose Javier Oses, aske

Presoen senideen elkarteak jakinarazi duenez, aske geratu daBurlatako (Nafarroa) Jose Javier Oses. 2012an atxilotu zuten, Albin (Okzitania). Iazko azaroan Mont-de-Marsango espetxera gerturatu zuten. Aurtengo urtarrilean Espainiaratu zuten, eta hil honen hasieran epaitu, kale borroka eraso batzuekin lotuta. Soriako kartzelatik (Espainia) irten zen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.