Gaztetxeak. Instituzioekiko harremana

Autogestioa, hamaika aurpegi dituen borroka

Historikoki, gaztetxeen eta instituzioen arteko harremana gorabeheratsua izan da Euskal Herrian. Gune autogestionatuen aldeko aldarriak, maiz, talka egin du udalek ezarritako marra gorriekin; beste zenbaitetan, ordea, lankidetza gailendu da.
<b>Bilbo. </b>7Katu gaztetxea, Solokoetxeko eskaileretan.
Bilbo. 7Katu gaztetxea, Solokoetxeko eskaileretan. URIOLA

Ion Orzaiz -

2019ko urtarrilak 20
Gaztetxe bat dagoen leku orotan, dinamika berezi bat bada. Bistan da dinamika horretan sinesten dugula». Hitz horiek ez dira gune autogestionatuen aldeko ekintzaile edo ezker abertzaleko militante historiko batenak. Baionako auzapez Jean Rene Etxegaraik esan zituen, 2016ko urtarrilaren 23an, Zizpa gaztetxearen inaugurazio ekitaldian. Egun hartan, elkarlana eta autogestioa ahotan ibili zituzten erakunde publikoetako ordezkariek. Hamabost urte lehenago, Jean Grenet auzapez eta Etxegarai bera auzapezorde zirela, herriko etxeak ahaleginak eta bi egin zituen aurreko gaztetxearen alokairu kontratua eteteko. Izan ere, gaztetxeen eta instituzioen arteko harremana aldakorra izan da historikoki; gorabeheraz betea eta unean uneko egoera soziopolitikoari lotua. Hori dela eta, hamaika hitzarmen eta harreman mota daude udalen eta gune autogestionatuen artean. Okupatuak, utzitakoak, alokairua eta argindarra pagatzen dutenak, auzibidean direnak, zabaldu berriak nahiz urteen poderioz egonkortutakoak... Askotarikoa da gaztetxeen eta erakundeen arteko harremanen kasuistika.

Baionako Zizparen kasuan, esaterako, 160 metroko etxabea utzi zien herriko etxeak gazteei Lesseps kalean, geltokitik hurbil, eta erabilera hitzarmena sinatu zuten bi aldeek. Beste adibide bat: gaztetxerik zaharrenetako bat da Biltoki (Lakuntza, Nafarroa). Han, eraikina Lakuntzako Udalarena ez, artzapezpikutzarena da, baina erabiltzeko baimena emana die herriko gazteei. Gunearen 50. urteurrena ospatu zuten iaz.

Donostiako Antigua auzoan, udalak eta auzoko eragileek 2013an sinatutako hitzarmenetik jaio zen Txantxarreka gaztetxea, Villa Alegria izeneko eraikinean. Garai hartan, Bildu koalizioa zegoen agintean, eta parte-hartze prozesu baten bukaeran heldu zen ituna. «Aurretik bagenuen auzoan gaztetxe bat egiteko asmoa, baina, Bildu agintera iritsi zenean, haiengana jotzea erabaki genuen. Horretarako propio sortu genuen Villa Alegria Gazte Asanblada izeneko elkartea, legeak ezarritako baldintzetako bat zelako», azaldu du gazte asanbladako kide Asier Garikanok.

Hitzarmenean jasotzen dira, besteak beste, eraikinean kontzertuak egin ahal izateko betekizunak —maiztasuna eta zarata maila arautuak dauzka udalak— eta segurtasunari buruzkoak. «Hitzarmena egitea onartu genuen, argi izanda legezko tramite bat zela gure helburua lortzeko, baina guk autogestioan sinesten dugu, eta horrela jardun dugu hasieratik: bizilagunak errespetatuz, beti, baina gauzak gure kabuz eginez», gogoratu du Garikanok.

Txantxarrekako kidearen esanetan, 2015eko hauteskundeen ostean hasi zen okertzen gaztetxearen eta udalaren arteko harremana. Hainbat hedabideren laguntzarekin gazte asanbladaren gaineko irudi «distortsionatua» ematea egotzi diote EAJri: «Istiluak sortzen ditugula, beti parrandan ibiltzen garela, zarata egiten... Gezur mordoa esan dute gutaz. Berez, hilean behin antolatzen dugu kontzerturen bat, eta udalak jarritako ordutegiaren barruan, gainera. 23:00etan bukatzen dira, bizilagunei eragozpenik ez sortzeko. Antiguako auzokideek ezagutzen gaituzte, baina auzotik kanpo, irudi faltsu hori ari da hedatzen».

Gaztetxea aterpe bihurtuta

Garikanoren esanetan, «instituzioek egiten ez duten lana bere gain hartzen du gaztetxeak», eta horrek eragina izan du harremanen okertzean: «Iazko abuztutik, esate baterako, Afrikako 16 migratzaile ditugu gaztetxean aterpetuta, erakundeek ez dutelako deus egiten. Protesta kanpaina bat ere abiatu genuen, udalak migratzaileen auzian izandako jokabidea salatzeko. Ordutik, asko gaiztotu dira gure arteko harremanak. Udalak ez digu inoiz eskertu migratzaileekin eginiko lana; aitzitik, aurpegiratu digu gaztetxea ez dela toki egokia pertsona horiei aterpea emateko». Txantxarrekako gazteak hitzarmena berritzekotan ziren migratzaileen polemikak eztanda egin zuen momentuan: «Une honetan, ziurgabetasun egoera erabatekoan gaude, ez digutelako kontratua berritu, eta dena airean dago».

Altsasun (Nafarroa), gaztetxeko kideek ez dute inoiz kontraturik sinatu. «Ezta behar ere», dio gazte asanbladako kide Jon Kepak —ez du abizena eman nahi—. Guneak 30 urte beteko ditu datorren urtean. Hiru hamarkada horietan, gazteek ez dute «aparteko errepresio saiorik» pairatu, baina, aitortu dutenez, udal gobernuan «talde bat ala beste bat egon», aldea nabari da tratuan eta harremanetan. «Egungo alkateak, adibidez, ez du inoiz gaztetxearen kontrako erabaki zuzenik hartu, baina betekizun administratibo eta burokratiko gehiago ezarri dizkigu, eta horrek asko moteldu du gaztetxearen erritmoa».

30 urteko «okupazioa»

Gazteek herriko hiltegia izandako eraikina 1990. urtean okupatu zutenetik, hiru alderdik hartu dute Altsasuko aginte makila: PSNk, Bilduk eta Geroa Baik. «Urte horietan guztietan, saialdi batzuk egin izan ditu udalak gaztetxea administrazioaren egituraren barruan sartzeko edo burokratizatzeko, baina ez dute aurrera egin», azaldu du Jon Kepak. Hortaz, gaztetxearen eraikinak okupatuta segitzen du de facto, nahiz eta jada inork ez duen gunearen etorkizuna zalantzan jartzen: «Urteen poderioz, egonkortu egin da gure egoera, baina, legez, hasierako berbera da». Autogestio ereduari buruz, berriz, Altsasuko gazte asanbladako kideak uste du lehentasuna izan beharko litzatekeela gazteek euren proiektua gauzatzeko askatasuna edukitzea: «Norberak jakingo du zer jartzen duen balantzaren alde bakoitzean: guretzat, erakundeak tresna bat izan daitezke, eta, trabarik jartzen ez duten heinean, ez dugu arazorik lan instituzionalarekin, baina ez dira gure lehentasuna. Sistema kapitalistari eusten dioten erakundeak dira. Guri dagokiguna da gure potentzialtasun guztia garatzea kalean nahiz herri mugimenduaren barruan. Kontraboterea eraikitzea, alegia».

Altsasuko gaztetxearena baino apur bat gorabeheratsuagoa izan da Bilboko 7Katu gaztetxearen ibilbidea. Duela 12 urte okupatu zuten, 2007ko urtarrilean, Solokoetxeko eskaileretan. Ordutik, Bilboko Udalak lau aldiz hutsarazi du eraikina; eta gazteek, beste horrenbestetan okupatu. Gaztetxeko kide Marina Urkidi Gardek uste du 2007an gazteek zituzten behar eta arazo berberak dituztela gaur egungoek ere: «Alde Zaharrean, oso urriak dira gazteei zuzendutako guneak eta aisialdirako aukerak, eta espazio publikoa gero eta pribatizatuago dago, dena tabernaz betea. Bestelako aukerak eskaintzeko sortu zen gaztetxea».

Okupazioaren bidea hartu zuten 7Katu gaztetxeko kideek ere. «Udalak eta instituzioek bestelako eskaintzarik egiten ez duten bitartean, erabat zilegi ikusten dugu hutsik dauden eraikinak hartu eta, autogestioaren bitartez, horiei bizi berria ematea». Hala ere, Urkidirentzat, gaztetxeak «tresna bat» izan behar du: «Okupazioa ez da gure helburua, auzoko gazteei zuzendutako baliabidea baizik».

Instituzioekiko harremanei dagokienez, Bilboko Udalak gaztetxearekin «utzikeriaz» jokatu duela uste du Urkidik: «Ez dugu komunikazio biderik batere. Harremanik ez dago, eta dagoen bakoitzean, guri eraso egiteko edo gaztetxea husten saiatzeko da». Hainbat hedabide 7Katuren kontra lerratu izana ere kritikatu du gaztetxeko kideak: «Gure aurkako kanpaina darabilte, gaztetxea istiluekin edo delituekin nahasi eta kriminalizatu nahian; hain zuzen ere, gaztetxeak ekarpen handia egin dio auzoari, gune hori biziagoa eta seguruagoa bihurtu du eta».

Iruñea: aurkia eta ifrentzua

Nafarroako hiriburuaren kasua ezohikoa da: alde batetik, Maravillas eta Arrotxapeko gaztetxeek erakunde publikoekin duten harremana oso gatazkatsua da; bestetik, hiru autogestio gune berri bultzatu ditu Iruñeko Udalak: Antzara gunea, Mendillorri auzoan —ez da gaztetxe bat propio, auzoko herri mugimenduko eragile guztiek kudeatzen baitute—; Salestarren ikastetxe zaharra, Txantrean; eta Plazara gunea, Alde Zaharrean.

Gaztetxeek, ordea, «aldaketaren porrota» ikusten dute, Maravillasen auzian batez ere, eta «UPNk zituen jarrera autoritario bertsuak» izatea egotzi diote Uxue Barkosen gobernuari: «Aurreko asteetan, erabat militarizatu ziguten auzoa, eta 70etik gora zauritu eragin zituzten Poliziaren oldarraldiek; Barcinaren garaitik ez genuen halakorik ikusten», azaldu du Maravillaseko asanbladako kide Edurnek —ez du abizenik eman nahi—.

Gaztetxeen eta autogestioaren auziak aldaketaren indarrei «kontraesanak» eragin dizkiela uste du gaztetxeko kideak, eta gogoeta egiteko eskatu die: «Nola da posible Nafarroako Gobernuak gazteen kontrako jazarpena sustatzea eta gezurren bidez justifikatu nahi izatea? Zergatik eragozten die hainbeste gurea bezalako proiektu batek? Benetan uste al dute gaztetxe bat gobernuarentzat arrisku bat izan daitekeela? Galdera horiek guztiek hausnarketara bultzatu beharko lituzkete agintariak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna