Hiritik at ere aske izateko

Nafarroako Foru Gobernuak Aniztasuna erein, askatasuna biltzeko kanpaina abiatu du Lizarraldean. Bigarrenez egingo da aurten, eta herriz herri ibiliko da abuztuaren 27ra arte.

Armairutik irtetea irudikatzeko ekitaldi bat egin zuten, Iruñean, iaz. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Nerea Lauzirika.
2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Lizarraldean (Nafarroa) egiten ari dira aurten Nafarroako Gobernuak antolatutako LGTBI kolektiboaren aldeko sentsibilizazio kanpaina. Atoi batekin ibiliko dira herriz herri, herritarrei informazioa eskaintzeko. Kattalingune Nafarroako Gobernuaren LGTBI arreta zerbitzuko profesionalak izango dira hartan. Saioa Petrizan Kattalinguneko sexologoaren hitzetan: «Sexologoak gara honetan ari garenak. Asmoa da informazioa ematea eta gure zerbitzua ezagutaraztea». Astelehenean hasi zuten bira, eta 27an bukatuko dute. Harrera ona izan du orain arte.

Bira horretan, Sexu eta genero aniztasunari buruzko oinarrizko gida banatuko dute: LGTBI komunitatearen inguruko hainbat kontzeptu azaltzen ditu. Aner Ansorena Lizarraldeko Hormak LGTBI elkarteko kidearen hitzetan, «Kattalingune zerbitzuko profesionalak daude; orduan, sexologiaren ikuspegitik ere laguntzen diote behar duenari».

Tania Gonzalez Tutera eta Erriberako Kukuluak LGTBI elkarteko kideak azaldu duenez, Nafarroan LGTBI kolektiboari zuzendutako laguntza eta programak beti egon dira Iruñean zentralizatuta. Hori dela eta, positiboa iruditzen zaie landa eremuaren mesedetan egindako edozein ekinaldi, kolektiboaren egoera ezberdina baita inguru horretan.

Gehienak Iruñean badaude ere, badira LGTBI kolektiboaren alde lanean dabiltzan taldeak Nafarroako landa eremuan ere. Duela gutxi, plataforma batean batu dira hiru elkarte: Hormak, Lizarraldekoa; Kukuluak, Tutera eta Erriberakoa, eta Laiak, Erdialdekoa. Aurkezpen ekitaldian izan ziren, ekinaldia babesteko.

Landa eremura egokitutako programak beharrezkotzat jo ditu Ansorenak: «LGTBIQ+ komunitatekoekin gaia lantzea zailagoa da herri batean hiri batean baino: errealitate oso desberdinak dira». Laiak elkarteko Carlos Montoya ados dago: «Hirian anonimotasunari euts diezaiokezu; herrian, ez».

Horrek hirietara alde egitera bultzatu ditu asko. Baina hori aldatu nahi dute: «Gure modura bizi nahi dugu gure herrian eta gure testuinguruan; ez dugu nahi inork epaitzerik». Txikitik lan egiteko beharra azpimarratu du Montoyak: «Landa eremutik eraiki nahi dugu, herrigintza egin: ez dugu alde egin nahi. Gure herrietan bizi nahi dugu, garen bezalakoak izanda».

Ikusten ez dena, ez dago

«Ikusten ez dena, ez da existitzen», azpimarratu tu Montoyak. Hain zuzen ere, ikusgaitasuna da kanpainaren ardatzetako bat, sentsibilizazioarekin batera. Montoyak azaldu duenez, Laiak elkarteak ibilbidea hasi zuenetik duela lau urte sortu zuten elkartea, egoera erabat aldatu da: «Elkartea sortu genuenean, bakarra zen inguruan; gaur egun, babesa sentitzen dugu, gazteen aldetik, batez ere». Kanpaina eraso LGTBIfoboen aurkako tresnatzat jo du Ansorenak: «Ezjakintasun handia dago gaiaren inguruan. Ez ulertzeak beldurra dakar, eta beldurrak agresibitatea».

Herritarrei informazioa helarazteko ez ezik, LGTBI komunitatekoei babesa agertzeko ere balio dute horrelako kanpainek, Tania Gonzalezen hitzetan: «Garrantzitsua da Nafarroako Gobernuaren pareko erakunde batek kanpainak egitea kolektiboa babesteko, kontuan hartuta gutxiengoa garela landa eremuan, eta landa eremua gune itxia dela pentsamoldeari dagokionez».

Bada beste arrazoi bat aurten kanpaina Lizarraldean egiteko. Uztailaren amaieran eraso homofobo bat jazo zen Lizarrako garraio publikoan. Bi gizon izan ziren erasotzaileak. Gertakarien harira, Ansorenak positibotzat jo du kanpaina aurten Lizarraldean izatea: «Pixkanaka lanketa hori egitea interesgarria da guretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.