Martinezek Ahal Dugu jo du EAJri aurre egiteko alternatibatzat

Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak uste du PSE eta EH Bildu EAJren «makulu» direla. Estatus berriko oinarriak «mehatxu bat» dira PPrentzat

Alfonso Alonso, atzo, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko gazteekin eginiko topaketaren ostean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
jon olano
2018ko irailaren 2a
00:00
Entzun
«Arlo soziala lehenesten duen indar politiko bakarra gara, EAJri eta haren politikei aurre egiten dien bakarra. Herrialde honetan geratzen den ezkerreko oposizio bakarra gara EAJren politika atzerakoien aurrean». Esaldi bakarrean, kritikak ezker-eskuin banatu zituen atzo Lander Martinez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak, urte politikoa abiatzeko alderdiak Bilbon eginiko ekitaldian. Hiru alderdiei egotzi zien «beren herrialde miresgarriaz» hitz egitea, eta, hori horrela, azpimarratu zuen Ahal Dugu dela «benetan jeltzaleen alternatiba izan nahi duen indar politiko bakarra».

Martinezek uste du EAJk eta EH Bilduk estatus berriaren oinarrietan adostutako testua «oso identitarista eta baztertzailea» dela, eta EH Bilduri egotzi dio «soilik auzi nazionalean oinarritutako aliantza bat» eskaini izana EAJri, «gai sozialak, lan arlokoak, ingurumenekoak, feministak eta abar baztertuta». Erantsi du ez dezatela «denbora galdu» Ahal Dugu akordio horretara erakartzen saiatzen: «Argi dugu ez dugula egingo beti auzi nazionalaren erlojuari begira dagoen baina auzi sozialean berandu iristen den untxi zuriari jarraitzeko akatsa», esan du, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileari erreferentzia eginez.

PSE-EE ere kritikatu du: «Urduri dago, hautetsontzietan baino ez du pentsatzen, eta zeozer saltzeko behar larria dauka, egiazki hutsala bada ere». Gaineratu du PSE-EEren «garaia igaroa» dela eta EAJren «gehigarri» izatea besterik ez duela. PSEri eta EH Bilduri leporatu die bere burua eskaintzen dutela EAJren «makulu» izateko, eta, horrela, «ezkerrekoak izateari uko» egin diotela.

Hortaz, «arlo sozialean alderdirik indartsuena» Ahal Dugu izango dela ziurtatu du Martinezek, eta agindu urte politikoan «enplegua, diru sarrerak bermatzeko errenta, Naval, indarkeria matxistak, klima aldaketa, udalen finantza arazoak eta abar» izango dituela hizpide. Gainera, hitzeman du ez dutela «dardararik» egingo EAJren «klientelismo» kasu guztiak salatzeko: «Marguello auzia. De Miguel auzia. Eskola jangeletakoa... eta, noski, Osakidetzako lan eskaintza publikoak. Eta helduko direnak...».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPk, berriz, Gasteizen ekin dio urte politikoari. Alfonso Alonso presidenteak EAJri eskatu dio «zuzendu» eta «atzera» egin dezala Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean eginiko akordioan, iritzita EAJren eta EH Bilduren artean adostutako oinarriek «Euskadi amildegiaren ertzera» daramatela. Horren ordez, jeltzaleei eskatu die «estatutuaren aldeko» indarrekin negozia dezala estatutuaren «legezko» erreforma bat.

Izan ere, Alonsok uste du estatus berriaren oinarriek «proiektu erradikal eta legez kanpoko bat» proposatzen dutela, Espainiako Konstituziotik «kanpokoa», eta «Euskadin bizikidetza mehatxatzen» duela. Ostiralean, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak esan zuen EH Bildurekin adostutako oinarriak ez direla «dogma bat», eta hitz horiei erantzun die Alonsok: «Ez, ez da dogma bat:mehatxu bat da».

Alonsoren iritziz, EAJ eta EH Bildu «lasterketa batean» daude, «zein izango abertzaleago, zein egongo gehiago Espainiaren batasunaren aurka». Uste du EAJk «eman zitzakeen pauso guztiak» eman dituela «amildegiaren ertzera» iristeko, eta orain «bertigoa» daukala eta ez dakiela «nola irten» egoera horretatik: «[EAJ] Jabetzen da pauso bat gehiago emanez gero Kataluniaren amildegi berean eror daitekeela».

Aurrekontuetan, «zorrotz»

Autogobernuari buruzko eztabaida Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontuei buruzkoarekin nahastu du Alonsok. EAJri gogorarazi dio Jaurlaritza babesten duten alderdiek —EAJk eta PSE-EEk— gutxiengoa dutela Eusko Legebiltzarrean, eta, beraz, ez dutela bermatua aurrekontuak aurrera aterako dituztenik. Horregatik, kontuen negoziazioan, PPk jeltzaleei eskatuko die «sakon» alda dezatela beren jarrera autogobernuaren alorrean. Halaber, gogorarazi die PPk «bermatu» duela Jaurlaritzaren «egonkortasuna» azken bi urteetan, eta, beraz, «zorrotza» izateko moduan dagoela. Hain justu, Alonsok Urkulluri galdetuko dio ea zeintzuk izango diren bere «bazkideak» gobernuaren egonkortasunari eusteko.

Ahal Dugu-k eta PPk atzo ekitaldiak eginda, alderdi gehienek ofizialki ekin diote jada urte politikoari. EAJk, Geroa Baik, EH Bilduk eta UPNk ostiralean egin zituzten ekitaldiak. PSE-EEk oraindik ez du egunik zehaztu bere zuzendaritza batzartzeko, baina Idoia Mendia idazkari nagusiaren lehen agerraldi publikoa datorren larunbatean izango da, Errenterian (Gipuzkoa). Nafarroako Legebiltzarrean, bihar hasiko dute ohiko jarduna, eta hilaren 13an izango dute lehen osoko bilkura; Eusko Legebiltzarrean, berriz, urte politikoko lehen hitzordu nagusia irailaren 20an izango da: politika orokorreko eztabaida egingo dute orduan. Lehenago, hilaren 12an, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea batzartuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.