EH Bildu, ERC eta BNG elkarrekin aurkeztuko dira Europako bozetara

EH Bilduk dio estaturik gabeko herriekiko «elkarlana sendotzea» izango dela koalizioaren xedea
Ana Ponton, BNGko bozeramailea, atzo, alderdiaren erabakiaren berri emateko agerraldian.
Ana Ponton, BNGko bozeramailea, atzo, alderdiaren erabakiaren berri emateko agerraldian. OSCAR CORRAL / EFE

Edurne Begiristain -

2018ko abenduak 16
Datorren urteko maiatzaren 26an egitekoak diren Europako hauteskundeetara elkarrekin aurkeztuko dira EH Bildu, ERC eta BNG alderdiak. EH Bilduko militanteek berretsi egin dute zuzendaritzaren proposamena. Ostiral iluntzean egin zuten batzarra Donostian, eta han aho batez onartu zuten Europako bozetara ERCrekin eta BNGrekin batera aurkezteko erabakia.

Josu Juaristi Europako hauteskundeetarako EH Bilduren hautagaiak atzo eman zuen erabakiaren berri, bideo baten bidez. Galiziako eta Kataluniako bi alderdi subiranistekin akordioa «ahalik eta lasterren» ixten saiatuko da EH Bildu. Akordio horretan bilduko dira alderdi txikiagoak ere, besteak beste, Asturias, Aragoi eta Kanarietako mugimendu subiranistak, eta negoziatzen jarraituko dute beste herri batzuetako «indar subiranista eta errepublikanoak» ere akordiora batu daitezen, koalizio zabalagoa osatze aldera.

Europako «indar progresistekin harremanak hobetzea» eta, batez ere, estaturik gabeko herriekiko «elkarlana sendotzea» izango da EH Bilduk, BNGk eta ERCk osatuko duten koalizioaren helburua, Juaristik azaldutakoaren arabera. Indarrak batuta, elkarrekin egin nahi diete aurre Espainiako eta Frantziako gobernuei, «konfrontazio demo- kratikoa» bultzatuta. Bruselan ere elkarren arteko «lan diplomatikoa» sustatzea izango da koalizioaren helburu nagusia, Europako instituzioen aurrean «lobby lana» egiteko.

ERC eta BNGren baiezkoa

ERCko eta BNGko zuzendaritzek ere ontzat jo dute Europako bozei begira subiranisten zerrenda bakarra eratzea. ERCko kontseilu nazionalak atzo onartu zuen EH Bildurekin eta BNGrekin koalizioa osatzea. Aldeko 122 boto jaso zituen proposamenak eta zuri bat; ez zen aurkako botorik egon. Indar subiranistek Europara «independentziaren eta justizia sozialaren ahotsa» eramatea defendatu zuen Pere Aragones ERCko presidenteordeak.

BNGko militanteek ostegunean babestu zuten balizko koalizioa, eta, atzo, zuzendaritzak berretsi egin zuen erabakia, aho batez. Ana Panton BNGko eledunak jakinarazi zuenez, hiru alderdien arteko indar batuketak berebiziko garrantzia izango du estaturik gabeko nazioen aldarrikapenei bide emateko. «Galiziako interesak defenditzeko modurik egokiena da errepublikanismoaren, estaturik gabeko nazioen eta erabakitzeko eskubidearen alde egiten duten beste indar batzuekin koalizioa osatzea».

Halaber, alderdiko buruak iragarri zuen Ana Miranda izango dela BNGko zerrendaburua boz horietan.

Europako Parlamenturako hauteskundeei begira, hiru alderdiek hasiera-hasieratik ezinbestekotzat jo dute nazioen erabakitzeko eskubidea eztabaidaren erdigunean jartzea. Helburu horiek adostuta ekin zieten hartu-emanei duela aste batzuk, eta akordioa sinatzea baino ez da falta orain.

Ez da lehen aldia Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako alderdi subiranistek aliantza egiten dutela Europako bozetara aurkezteko. 2009an, esaterako, Herrien Europa koalizioan aurkeztu ziren EA, Aralar, ERC, BNG, Berdeak eta Chunta Aragonesista alderdiak. 2014ko Europako hauteskundeetan, berriz, elkarrekin aurkeztu ziren EH Bildu eta BNG, beste alderdi txiki batzuekin batera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna