Koronabirusa

Positiboen ehunekoa %6,5era igo da Hegoaldean

426 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Osakidetzak baheketa bat egingo du Bilboko Deustu auzoko Alta Fit gimnasioan

Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Datuak etengabe okerrera egiten ari dira Hego Euskal Herrian, eta horren seinale da positiboen portzentajea. Herenegun Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako 6.593 probetan 426 positibo atzeman dituzte; hortaz, egindako proben %6,5ek positibo eman dute. Beraz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolatuta izaten hasteko jarritako %5eko mugatik nabarmen gora dago.

Egoeraren errepasoa lurraldez lurralde egiterakoan ikus daiteke Bizkaian atzeman dituztela positibo gehienak (168), eta kopuruak apalagoak direla Gipuzkoan (110), Nafarroan (100) eta Araban (47). Gainera, Jaurlaritzak Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa ez den kasu baten berri ere eman du.

Erietxeetara begira jarrita, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobenuak jakinarazi dute herenegun beste 29 lagun ospitaleratu behar izan zituztela. Nafarroan, 72 gaixo daude ospitaleratuta COVID-19agatik. Gainera, 91 gaixo larri daude Osakidetzako zainketa intentsiboetako unitateetan, baina ez dute jakinarazi guztira zenbat gaixo dauden ospitaleratuta.

Gaitzak gogorren jo dituen eremuetako bat zahar etxeak izan dira. Atzo elkarretaratzea egin zuen Gasteizen Babestu zahar etxeetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen senideen elkarteak, horietan hildakoak gogoratzeko eta «zaintza eta baldintza duinak» eskatzeko. Zaintza eredua aldatzeko eta langile gehiago kontratatzeko beharra ere azpimarratu dute, baita ratioak murrizteko eta zaintza hobeak bermatzeko eskatu ere. Nabarmendu dute adinekoek pandemiagatik jasandako bakartzeak «sufrimendua» eragin diela, eta uste dute egoerak hobera egingo lukeela zahar etxeak Osakidetzaren menpe egongo balira. Azkenik, eskatu dute senideei informazio gehiago helarazteko, baita haiekin kontaktuan gehiago jartzeko ere.

Alta Fit gimnasioan, PCRak

Egoera ikusita, Eusko Jaularitzako Osasun Sailak beste baheketa bat egingo du egunotan. Hain zuzen, PCR probak egitera deitu ditu Bilboko Deustu auzoko Alta Fit gimnasioko erabiltzaileak eta langileak. Zehazki, martxoaren 9aren eta herenegun artean gimnasioan izan zirenak deitu ditu. Gimnasioa ixtea ere erabaki zuten herenegun.

Ohar batean dio zaintza eta kontrol lana izango dela. Basurtuko Ospitaleko Arrupe pabiloian egingo dituzte PCR probak. Atzo goizean hasi ziren probak egiten, eta gaurko 20:00ak arte arituko dira zeregin horretan. Ez dago txanda eskatu beharrik, eta emaitza sakelako telefonora bidaliko due.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.