Beste norbaitzuen 3.000 giltzatik gora

Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Eliza Katolikoak 3.000 immatrikulazio baino gehiago egin ditu 1978-2015 bitartean.

Beste norbaitzuen 3.000 giltzatik gora.
Javi West Larrañaga.
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun

Esteribarren 109. Iruñean 87. Baztanen 75. Longidan 64. Galozen 60. Ondasun asko immatrikulatu ditu Eliza katolikoak Hego Euskal Herrian. Denetarik erregistratu du bere izenean, baina batez ere elizak, ermitak, lursailak eta etxebizitzak. 1946ko Espainiako Hipoteka Legeak hala baimenduta, administrazio publikoaren pareko eskumena izan du ondasunak lehenengo aldiz erregistratzeko, hots: immatrikulatzeko.

 

Espainiako Gobernuak eta Eliza katolikoak akordio bat sinatu zuten iragan urtarrilaren 24an. Bertan, Eliza katolikoak onartu zuen 1998tik 2015era immatrikulatutako ia 35.000 ondasunetatik 1.000 inguru «beste batenak» direla edo ezin duela ziur esan bereak direnik, eta prest azaldu zen ondasun horiek erregularizatzeko.

Lehen begiratuan Elizaren immatrikulazioen aurka ari diren taldeen garaipena ematen badu ere, akordioa «fikzio» bat da, Andres Valentin Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako kidearen arabera; hots, immatrikulazioen afera «estaltzeko» saiakera bat: «Planteatzen ari dira 1.000 bakarrik daudela txarto, edo litekeena dela txarto egotea, eta beste 34.000k ondo daudela».

Antzeko iritzia du Europa Laica/Euskadi Laikoa taldeko koordinatzaile Mikel Gonzalez Sotok. Haren ustez, «publikoaren espoliazioa» egin da 1946tik hona, eta oraingo akordioa «maniobra politiko» bat besterik ez da. «Ostu dizutenaren %3 itzultzea albiste ona da? Elizari modua ematen dio aurpegia garbitzeko, eta [Espainiako] Gobernuari zerbait egiten ari den itxura egiteko».

Eliza katolikoak adierazi du ikerketa bat egin duela egiaztatzeko legearen barruan egin diren ala ez tarte horretan egindako immatrikulazioak, eta horren ondorioz onartu ditu orain 1.000 «errakuntza». Elizak 1998tik 2015era «erratuta» egindako immatrikulazioetatik 89 Hego Euskal Herrian daude: 75 Nafarroan, 14 Araban, eta 2 Bizkaian.

Orain, erregularizatu egingo ditu, baina horrek ez du esan nahi ondasunak itzuliko dituenik. Onartu dituzten nahastetako bat Olorizkoa (Nafarroa) da. Herriko «Santa Kruz ermita» immatrikulatu zuten, eta oraintxe konturatu dira ez dagoela izen hori daukan ermitarik herrian. Horrez gain, zerrendan dauden 51 ondasun jada salduta dauzkala onartu du Elizak: 50 Nafarroan eta bat Bizkaian. Azken bi hamarkadetan saldu ditu ondasunok. Nekazari lurrak, larreak eta mahastiak dira gehienak, baina badago olibadi bat, lokal bat, eta «sakratutasuna kendutako parrokia tenplu» pare bat ere bai. Valentinen arabera, Eliza ondasun horiek erregularizatzen ari da, eta itzultzen ari direla irudikatzen.

Zerrenda osatugabea

Zerrendan beste 27 immatrikulazio ageri dira, eta Eliza katolikoak berak ere ez daki zein diren. Izatez, Gasteizko sei etxebizitza eta lursail bat dira, eta Nafarroako hamazazpi ondasun, eta txostenean onartu du ezinezkoa zaiola zein diren jakitea. Zerrendak ez ditu kontuan hartzen XX. mendean egindako immatrikulazio gehienak. Izan ere, 1998tik aurrera egindakoak bakarrik erakusten ditu, Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak Hipoteka Legea aldatu eta gerokoak. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, Eliza katolikoak 3.169 immatrikulazio egin zituen Hego Euskal Herrian 1978tik 2015era arte. Gehien-gehienak Nafarroan: 2.668. Gipuzkoan 368 egin zituen, Araban 69, eta Bizkaian 64.

Nafarroako Gobernuak aurkeztutako txostenak datu gehiago ematen ditu, 1900etik 2021era arteko immatrikulazioak biltzen dituelako. Guztira, 2.979. Txostenak argi erakusten du trantsizioaren ostean egin zirela immatrikulazio gehienak. Iazko azaroan, datuak aurkeztean, Eduardo Santos Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak azaldu zuen immatrikulatutako ondasunen eremua guztira 4.107.000 metro karratu baino gehiago dela, «575 Sadar adina».

Oso desberdinak dira herrialde bakoitzeko datuak. Valentinek adierazi du oraindik asko dagoela ikertzeko, baina, bere ustez, pare bat faktorek azaltzen dute. Alde batetik, Nafarroaren demografia dago. «Oso ohikoa da udal batek hamabost herri edukitzea. Hamabost eliza, hamabost abadetxe, hogei edo hogeita hamar ermita…», azaldu du. Iruñea kenduta, Euskal Herrian immatrikulazio gehien izan dituzten udalerriak dentsitate eta biztanleria apalekoak dira Esteribar, Baztan eta Longida, adibidez.

Beste faktore bat gotzainen independentzia izan da. Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako kidearen aburuz, ez da kontsignarik egon Elizaren aldetik, ezta jarrera sistematikorik «ez denboran, ez espazioan». gotzainaren araberakoa izan da. Horrek azaltzen du, hein handi batean, Bizkaian 64 immatrikulazio egin diren tartean Nafarroan berrogei aldiz gehiago egin izana.

Pribilegioz pribilegio

1946an onartu zen Espainiako Hipoteka Legea, Francoren diktadura sasoian. Hortik etorri zitzaion Eliza katolikoari erregistratuta ez dauden ondasunak lehen aldiz inskribatzeko eskumena, hots, immatrikulatzekoa. Lege horrek mugak zituen, hala ere: Elizak ezin zezakeen gurtzarako lekurik immatrikulatu. Muga hori kendu zuen Aznarrek bere lehenengo legegintzaldian, 1998an. Ondorioz, elizak eta ermitak ere immatrikulatu ahal izan zituen Elizak, erakundeak berak egindako ziurtagiri bat horretarako nahikoa froga zela.

Hala ere, legeak ateak zabaldu baino lehen ere immatrikulatu zituzten gurtzarako leku batzuk. Jose Maria Setien Donostiako apezpikuak elizak eta ermitak eraikita zeuden orubeak immatrikulatu zituen 1980ko hamarkadan. «Guk uste dugu lege iruzurra egon zela, eta jabetza erregistratzaileek ez ikusiarena egin zutela», adierazi du Valentinek.

2015ean zarratu zieten atea Elizaren immatrikulazioei. Espainiako Gobernuak, Mariano Rajoy buru zuela, Hipoteka Legea aldatu zuen, eta, orduz geroztik, Elizak ez dauka eskumenik ondasunak froga barik erregistratzeko.

Espainiako Gobernuak eta Eliza katolikoak egin duten akordioari alde ona ere ikusten dio Gonzalez Sotok. «Atzerapausoa da, baina eztabaida zabalduko du gizartean, eta aukera emango digu ahotsa altxatzeko».

Valentinek adierazi duenez, immatrikulazioen aurkako ekintzaileek ez diote Elizari eskatzen ondasunik ez izateko, baina bere lurretan eta bere baliabide propioekin izatea exijitzen dute: «Guk ez diogu ukatzen Elizari ondasunak erregistratzeko eskumena, baina beste edozein pertsona juridiko bezala tratatzea nahi dugu. Joan dadila jabetzaren erregistrora eta beharrezko dokumentazioarekin egin ditzala tramiteak». Elizak eta ermitak ez dira Eliza katolikoarenak, herrienak baizik, Valentinen ustez.

Koordinatzaileak argi dauka orain zein den helburua: 1946tik 2015era bitartean immatrikulatutako ondasunak berreskuratzea. Hau da, Espainiako Presidente Pedro Sanchezek 2020ko inbestidura saioan zin egindakoa betetzea: «Egin ditzala beharrezkoak diren lege aldaketa guztiak ondasun hauek berreskuratzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.