Torturaren aitortzaren zain oraindik

Duela 25 urte hil zen Gurutze Iantzi, Guardia Zibilaren esku. Familiaren auzi medikuak zioen ubelduak zituela. Azkar artxibatu zuten auzia
Gurutze Iantziren hiletako irudi bat, Urnietan, 1993ko irailaren 26an.
Gurutze Iantziren hiletako irudi bat, Urnietan, 1993ko irailaren 26an. L.ARZUAGA

Enekoitz Esnaola -

2018ko irailak 23
«Ez zen ETAko kidea edo kolaboratzailea», agindu judizialik gabe eraman zuten atxilotuta, ez dago haren polizia deklaraziorik, «torturatu» egin zuten, auzi medikuak telefonoz artatu zuen, hil egin zen, kasua ez zuten ikertu eta auzitegiek azkar artxibatu zuten. Gurutze Iantziren kasua da, eta haren sendiak, heriotzaren 25. urtemugan, berriro egin du salaketa jendaurrean. «Posible al da horrelako zerbait gertatzea demokrazia batean?», galdetu du Izaskun Iantzik. «Gertatzen da. Gainera, gero justiziaz hizketan entzuten dituzu politikariak eta ordezkari publikoak. Oso haserre gaude. Ez dute ezer egin. Guk hau entzun nahi dugu: Gurutze torturatu egin zutela, eta auzia ireki, ikertu eta epaiketa egingo dutela».

1993ko irailaren 24an hil zen Gurutze Iantzi (Urnieta, Gipuzkoa), 31 urte zituela, Guardia Zibilaren komisaria batean. Hiru egun lehenago haren bikotekide Julen Irastorza atxilotu zuten, Urnietan, ETAren aurka egun haietan egindako lehen operazioan. Elkarrekin bizi zen bikotea, Iantziren amarekin eta Izaskun ahizparekin, eta han atzeman zuten Irastorza, goizaldean. «Gurutze urduri jarri zen, eta Josean anaiaren etxera joan zen gaua pasatzera, Andoainera [Gipuzkoa]», esan du Izaskunek. «Tamalez, hurrengo egunean etxera bueltatu zen».

Eta atzeman egin zuten: irailaren 23an, goizeko ordu biak aldera, etxean. «Nik ez dut ezer egin! Nik ez dut ezer egin!», esaten zuen, haren ahizpak gogoratzen duenez. «Epailearen atxilotze agindua eskatu nien guardia zibilei, ez baitzuten erakutsi. Ez zuten. Barrez erantzun zidaten, eta Gobernu Zibilera deitzeko. Handik urte askora ikusi nuen Gurutzeren sinadura agindu judizialean, baina ez dakigu noiz sinatuko zuen eta nola; etxean ez, behintzat».

ETAk garai hartan bahituta zeukan Julio Iglesias Zamora industrialaria, eta hedabideetan zabaldu zen Urnieta inguruan ote zuen, Adarran. Gurutzeren anaia Agustinek dio herria hiru bat astez Guardia Zibilak hartuta egon zela —Eibarren (Gipuzkoa) askatu zuen ETAk Iglesias, Arraten, urte bereko urriaren 29an—.

Iantzi sendiak «seguru» dio Gurutze ez zela etakidea. Hauteskunde batzuetan HBren udal zerrendan aurkeztu zen; ez zen atera zinegotzi. Libre utziko zutelakoan zeuden. Ordea, irailaren 24an, goizez, albisterik okerrena: Gurutze hil egin zen. Izaskun: «Lagun bati eskatu nion gure etxean egiteko lo, nire bila etortzen baziren ere ama bakarrik ez geratzeko. Amaren oihuarekin esnatu nintzen: telegrama bat ekarri zion postariak, eta han jartzen zuen Gurutze hil egin zela. Goizeko zortziak ziren. Handik bost bat minutura, dei bat jaso genuen Madrildik, horixe esanez. Ezin genuen sinetsi». Handik pare bat ordura, berriro deia Madrildik familiari: auzi mediku bat izendatzeko autopsiarako. Iantzi Igerategi sendia «shock» batean zegoen, eta abokatuen esku utzi zuten hainbat kontu. Horrela izendatu zuten sendiaren auzi mediku Jorgen L. Thomsen danimarkarra.

Telefonoz artatu

Guardia Zibilaren Tres Cantosko (Madril) komisarian hil zen Gurutze Iantzi. Bertsio ofizialaren arabera, berezko heriotzagatik. Bestelakoa da sendiarena: torturen ondorioz zendu zen. Izaskun: «Txosten ofizialak dio berehalako heriotza izan zuela. Era berean, esan zuten Gurutzek bi aldiz abisatu zuela bularreko minagatik. Lehen abisuaren ondoren, auzi mediku ofizialak ez zuen bertan artatu, telefonoz baizik! Agindu zuen Mucorex emateko. Hilabete bat lehenago, mediku azterketa bat egin zuen Gurutzek, eta dena ondo zeukan. Gure auzi medikuak txostenean dio biolentzia fisikoa jasan zuela. Atxiloaldian, haren oinaze garrasiak entzun zituzten beste atxilotuek».

Atzeman zutenean, sendiak abokatuen bidez-eta habeas corpus eskatu zuen, baina ukatu egin zion Madrilek. Garbi dute inkomunikaziorik ezean ez zela hilko. Hilaren amaieran, Jose Luis Corcuera Espainiako Barne ministroak ukatu egin zuen Iantzik tratu txarrik jaso zuela atxiloaldian. Gorenak 1995ean artxibatu egin zuen auzia —familia eta Urnietako Udala ziren akusazioak—.

Irailaren 25ean Madrilera joan ziren Izaskun eta Josean Iantzi, beste kide batzuekin batera. Hotel batean zirela jakin zuten aske geratu zela Irastorza —auzitegiek libre uztean jakinarazi zioten bikotekidea hil egin zela—. Egun berean identifikatu zuten gorpua hirurek, Colmenar Viejoko (Madril) hilerrian. Plastikozko zaku batean zegoen; ireki zuten, aurpegia ikusi, eta azkar alde egin zuten gelatik. Ondoren egin zioten autopsia, hantxe, eta senideen auzi medikuak esan zuen gorpuak ubelduak zituela bi besoetan eta bularrean, eta bi odolbildu buruan.

Irailaren 25ean bertan itzuli ziren Urnietara hilotzarekin. Alkateak baimenik eman ez arren, herritarrek udaletxean sartu zuten hilkutxa. Hurrengo egunean, hileta elizkizuna eta omenaldia.

HBk Gipuzkoako greba deitu zuen irailaren 27rako, Gudari Egunerako. Oro har, klase politikoaren jarrera deitoratu du familiak, ez zutelako bisitarik edo deirik jaso. Herriko apaiza joan zitzaien etxera, Iglesiasen bahiketa garaiko xingola urdinarekin, eta familiak ez zuen ongi hartu.

Agustin Iantzik nabarmendu du etxekoentzat «tortura» ez zela orduan bukatu: «Handik urte gutxira, hilabete batzuetan sarri-sarri deitu izan zuten gure etxera ezezagun batzuek, goizaldean. Amak hartzen zuen, eta eskegi egiten zuten telefonoa. Tortura bat izan zen gure amarentzat».

Berdintasun eske

Sendia duela dozena erdi bat urte hasi zen babes bat izaten, Egiari Zor fundazioa sortzean. Bestela, ordea, «25 urteko isiltasuna» izan dute agintari publikoen aldetik. Joan den uztailean, dei bat jaso zuten Urnietako Udalaren Bizikidetza Batzordetik. «Oraindik ez dakigu zer egin nahi duten. Joko politikoa egin nahi badute, gu ez gara hor sartuko. Esan diegu oso berandu datozela», azaldu du Josean Iantzik. Ez dute ezer askorik espero Eusko Legebiltzarraren polizia indarkeriaren biktimen legetik, eta garbi daukate estatuak ez duela sekula onartuko tortura erabili duenik. «Hainbeste urtetan Madrilen eta Jaurlaritzan agindu eta gero, PSOEk ez al du ezer esateko?», galdetu du Izaskunek. «Gurutze hil zutenean, bietan zen. 'Zoru etikoa' aipatzen dute... Torturatzaileak indultatu izan ditu PSOEren gobernuak».

Agustinek azaldu du beste biktimekiko berdintasuna eskatzen duela sendiak. «ETAren biktimak aitortzen dituzte erakunde publikoek, baina gure kasuan ez dute ezer egiten. Oso behe mailako biktimak gara haientzat».

Bihar, Urnietan, 25. urtemugako ekitaldi batean (San Juan plaza, 19:30), egia, justizia eta oroimena aldarrikatuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna