«Denok migratzaileak gara»

Irungo harrera sareak deituta, manifestazio bat egin dute: jendetsua. Irun eta Hendaia lotu dituzte. Bideoa albistearen amaieran. 

Hendaia atzean utzi, eta Irunerako bidean, atzo migratzaileen eskubideen aldeko manifestazioa. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Irun
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Migratzaileen eskubideen aldarriak ozendu egin dira azken hilabeteotan Irunen; Lapurdirako muga igarotzeko zailtasunak izan dituzte gizon eta emakume askok, aparteko presentzia hartu dute hirian, eta elkartasun sare indartsua ehundu da haien inguruan. Atzo aparteko bultzada jaso zuten; izan ere, aski jendetsua izan zen Irungo harrera sareak antolatuta egin zen manifestazioa. Deialdia nazionala zen, eta jendearen erantzuna indartsua izan zen: manifestazioa trinkotuz joan zen bidea egin ahala, eta antolatzaileek bukaeran egin zuten balorazioaren arabera, 5.000 lagun inguru elkartu zituen. Jendea erruz batu zen San Juan plazan protestaren amaieran, eta hilabeteotan aldarrikatzen ari diren mezuak berritu zituzten. Harreraren alde: «Elkartasunaz ari gara, ez karitateaz; elkarrekiko babesaz, besteen azal eta begietan errekonozitzeaz». Migrazio politikek dakartzaten oztopoen aurka: Europa «gotortzeko» ahaleginak antzuak direla adierazi zuten; politikak aldatu behar direla. Ororen funtsak elkartasuna izan behar duela uste dute: «Denok migratzaileak gara ala izan gara».

Martxa Ficobatik abiatu zen, Lapurdiko mugatik oso-oso gertu;hain justu, manifestazioan batu zirenek lehenbiziko egin zuten keinua izan zen, muga igarotzea: natural-natural egin zuten migratzaile askok egin ezin dutena. Izan ere, hilabeteotan ugaritu egin dira mugan bertan egindako kanporaketak; hainbat erakundek salatu dute lege euskarririk gabe egin direla kanporaketa horietako asko, eta, gainera, «arrazakeria» agerikoa erakutsi dutela: kontrolak egin zaizkie soilik ustez migratzaile itxurako gizon eta emakumeei. Hendaian polizia etxerainoko bidea egin zuen manifestazioak; hantxe, atzean, migratzaileak atxikitzeko zentro bat dago, eta ozendu egin zituzten han migratzaileen aldeko oihuak. Polizia etxearen atarian, poliziak: dozena bat.

Aldarriak izan ziren, batez ere pertsona guztientzako aukera berdintasuna eskatzeko, EB Europako Batasuneko migrazio politikak arbuiatzeko, arrazakeria baztertu behar dela oroitarazteko eta Euskal Herriak «harrera herria» izan behar duela nabarmentzeko. Euskal Herri osoan ugaritu dira azkenaldian tankera horretako mugimenduak, baina Irunen aparteko indarra hartu du migratzaileen harrerarako propio antolatutako herritar sareak. Muga ondoan egonda, migratzaileen joan-etorria ohikoa da hirian, eta aste honetan bertan jakinarazi dute, esaterako, urte hasieratik 315 pertsonari eman behar izan dietela arta. Udatik hona indartu dute, bereziki, mugimendua, migratzaile asko noraezean zebiltzala ikusi, eta haiei oinarrizko baliabideak bermatzeko: janaria, arropa, inguruari buruzko informazioa... Behin baino gehiagotan nabarmendu dute instituzioek egin beharreko lana egiten ari direla. Manifestazio amaieran irakurri zuten oharrean, berritu egin zuten iritzi hori. «Beste behin ere, herri ekimenak aurrea hartu die instituzioei eta politikari profesionalei. Konponbideak jartzea eta arazo berririk ez sortzea eskatzen diegu: harrera duin eta integral orokorra».

'Aita Mari' ontzia gogoan

Manifestazioaren buruan joan zen pankartak Euskal Herria, harrera herria aldarria zeraman idatzita, eta migratzaileentzako eskubide osoak eskatu zituzten. Protestaren erdialdean Aita Mari ontzia martxan jartzeko eskatzeko pankarta bat eraman zuten hainbat lagunek; izan ere, propio prestatu dute itsasontzi hori Mediterraneoan salbamendu lanetan aritzeko, baina Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioaren esku dagoen baimen bat falta zaio jardunbide horri ekin ahal izateko. Hainbat oihuren bidez salatu zuten egoera hori.

Mezuen artean, «faxismoaren» aurkakoak ere ozendu ziren hainbatetan. Amaierako hitzaldian ere, hanpa-hanpa dabiltzan mugimendu ultraeskuindarren arriskuaz ohartarazi zuten. Afrika etorkizunik gabe uzten duten «espoliazio eta arpilatze politika neokolonialistak» ere arbuiatu zituzten: «Horiek planetako milioika lagun miseriara edo migraziora eramaten dituzte».

[youtube]https://youtu.be/9vFZ5fExjUk[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.