Zeelanda Berria. Atentatuak

Eskuin muturrak gogor jo du

Zeelanda Berriko bi meskitari eraso egin, eta 49 lagun hil eta 48 zauritu dituzte. Poliziak lau pertsona atxilotu ditu, eta horietako bati hilketa leporatu diote. Gobernuak larrialdi egoeran jarri du herrialdea
Al-Noor meskitan izan zen erasoetako bat; 41 lagun hil dituzte han. Irudian, zaurituek erabili dituzten lotailuak.
Al-Noor meskitan izan zen erasoetako bat; 41 lagun hil dituzte han. Irudian, zaurituek erabili dituzten lotailuak. MARTIN HUNTER / EFE

Ander Perez Zala -

2019ko martxoak 16
Zuzenean emititu zuen Facebook sare sozialean, hamazazpi minutuz, soinean zuen GoPro kamera erabilita: autoan sartu zen, meskita bateraino gidatu zuen, autoa aparkatu zuen, ibilgailutik atera zen, atzeko atea ireki zuen, arma bat hartu zuen, eta eraikinera sartu zen, helburua argi zuela. Horiek dira atzo Zeelanda Berriaren hegoaldeko Christchurch hirian bi meskitari eraso egin, gutxienez 49 lagun hil eta 48 zauritu zituen erasotzaileetako batek eman zituen lehen pausoak. Eguna ez zuen kasualitatez hautatu: ostirala otoitz eguna da musulmanentzat, eta horiek zituen jomugan, bere ideiek bultzatuta. Facebookeko bideoan agertzen den erasotzaileak sarraskiaren egile zela aitortu zuen, eta erasoa egin aurretik Twitter sare sozialera igo zuen musulmanen aurkako manifestu bat, 74 orrialdekoa: Ordezkatze Handia. Honako hau dio testu horretan: «Gizon normal bat naiz, familia normal batekoa, nire herriaren etorkizuna segurtatzeko neurriak hartzea erabaki duena». Eta manifestuan bertan aurkeztu zituen bere ideiak: «faxista» eta «etnonazionalista» da. Bost milioi biztanle inguru daude Zeelanda Berrian, eta horietako %1ek dute bere burua musulmantzat.

Herrialdeko Poliziak atzo jakinarazi zuenez, hogei bat urteko susmagarri bat atxilotu zuten, erasoekin zerikusia duelakoan, eta gaur pasatzekoa da epailearen aurretik —Euskal Herriko goizeko ordu txikietan—, hilketak leporatu baitzizkioten. Mike Bush Poliziaren komisarioak ez zuen baieztatu atxilotu hori erasoa emititu zuen pertsona ote zen, baina Bushen agerraldiaren aurretik Australiako lehen ministro Scott Morrisonek jakinarazi zuen haren herrialdeko herritar bat dela: «Australiarra da. Eskuin muturreko terrorista bat da, biolentoa. Izularrituta gaude». Facebookeko zuzenekoan agertu zen gizona ere australiar gisa aurkeztu zen.

Atzo, ordea, ez zegoen argi pertsona bakar bat ote zegoen erasoaren atzean. Bushek adierazi zuen beste hiru pertsona ere atxilotu zituztela, hirurek armak zituztelakoan, eta horietako batzuen autoetan lehergailuak itsatsita aurkitu zituztelako; gerora, horietako bat aske utzi zuten. Halere, Poliziaren Komisarioa zuhur agertu zen: «Faltsua litzateke pentsatzen hastea inor gehiagok ez duela zerikusirik izan».

Poliziak ez zuen hildakoei buruzko informaziorik eman; Migrazioen Nazioarteko Erakundeak (IOM), aldiz, jakinarazi zuen «hildakoen eta zaurituen artean daudela hainbat errefuxiatu eta migratzaile», eta Bangladeshen Zeelanda Berriko kontsul Shafiqur Rahmanek azaldu zuen hiru bangladeshtar hil direla erasoan. Hain justu, herrialde horretako kriket taldea Al-Noorreko meskitara iristear zegoela hasi zen lehen tiroketa, eta garaiz ihes egitea lortu zuten. Zeelanda Berriko Gurutze Gorriak, berriz, webgune bat ireki zuen desagertuen izen-abizenekin, eta Afganistango, Bangladeshko, Indiako, Jordaniako, Pakistango eta Saudi Arabiako herritarrak daude horien artean. Atzoko, finantzaketa kolektiboko kanpaina batek 751.000 euro bildu zituen biktimentzako.

Lekukoen arabera, Al-Noor meskitan 300 eta 500 pertsona artean zeuden erasoa hasi zenean; han hil ziren 41, eta beste zazpi Linwoodeko Zentro Islamikoan, Bushek azaldu zuenez —6,5 kilometroko distantzia dago bi meskiten artean—. Azkena ospitalean hil zen. Erasoaz geroztik, larrialdi egoerarik gorenenean dago herrialdea; gobernuak meskita guztiak ixteko agindua eman du, eta musulmanei eskatu die ez joateko otoitzerako guneetara.

«Ondo» antolatua

Zeelanda Berriko lehen ministro Jacinda Ardern biktimez oroitu zen: «Biktimek, agian migratzaileek eta errefuxiatuek, Zeelanda Berria euren herrialde bilakatzea erabaki dute. Gu dira. Indarkeria hau gure kontra egin duen pertsona, aldiz, ez da». Erasoaz, honako hau adierazi zuen: «Dakigunaren arabera, ondo antolaturiko erasoa izan da. Gaurkoa [atzokoa] gure historiako egunik beltzenetariko bat da». Izan ere, Zeelanda Berria ez dago ohituta mota horretako erasoetara —47 pertsona hiltzen dituzte urtero—. Are, eraso gutxi izan ditu bere historian, eta, atzo arte, herrialdearen historia modernoko erasorik larrienean hamahiru lagun hil zituzten, 1990ean. Horren ondorioz, 1992an armen jabetza are gehiago mugatzea erabaki zuten. Lehen ministroaren arabera, atxiloturiko lauak ez zeuden susmopean, eta Poliziak ez zeuzkan fitxatuta.

Lehen tiroketa Facebook bidez emititu zuen erasotzaileak nazioarteko eskuin muturreko beste hainbat erasotzaileren izen-abizenak eta gertaera historiko jakin batzuetako erreferentziak idatzita zeuzkan tiroketetan erabili zituen armetan; besteak beste, Josue Estebanez Espainiako armadako militar galdakoztarrarena —espetxean dago, 2007an Carlos Javier Palomino labankadaz hiltzeagatik Madrilen —; baita Alexandre Bissonnetterena ere, zeinak 2017ko urtarrilean eraso egin zion Quebeceko meskita bati. Beste izen-abizen eta data batzuek kristauek musulmanen aurka egindako borrokei egiten zieten erreferentzia.

Remembering Srebrenica (Sbrenica Gogoratzen) taldeak, gainera, atzo baieztatu zuen gertaturikoa zuzenean emititu zuen erasotzailea Radovan Karadzic Bosniako serbiarren buruzagi ohia goraipatzen duen abesti bat entzuten ari zela haren autoan.

Nazioarteko erreakzioak

Bi meskiten aurkako erasoak oihartzun handia izan zuen munduan. Besteak beste, Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusi Antonio Guterresek tiroketak gaitzetsi zituen: «Islamofobiari aurre egiteko eta intolerantzia amaitzeko, denok elkarrekin hobeto lan egin behar dugu».

Turkiak, aldiz, ezbeharra erabili zuen Europako Batasunari (EB) eskari bat egiteko: «Gertakari terrorista hau ez dute soilik erasotzaileek egin, ardurarik gabeko politikariek ere eragin dute, musulmanen aurkako gorrotoa eta xenofobia zabaltzen dituztenek. Eraso horretatik lezioak atera behar dira; batez ere EBk, EBko estatu kideek», adierazi zuen Turkiako Atzerri ministro Mevlut Çavusogluk, talde komunitarioaren diplomaziaburu Federica Mogherini alboan zuela.

Munduko hainbat gobernuren babesa jaso zuen Zeelanda Berriak atzo. Horien artean, Frantzia harago joan zen, eta neurriak hartzea erabaki zuen; besteak beste, haren lurraldeko erlijio eremuen zaintza areagotzea. Christophe Castaner Barne ministroak eman zuen erabakiaren berri, Twitter bidez: «Zuhurtziaz eskatu diet prefeturei zaintzarik handiena aplikatzeko, eta kultu eremuen zaintza indartzeko». Zehazki, patruilak jarriko dituzte eraikin horien inguruan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna