urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Bigarren erreferendumerantz

2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Urte erdi beteko da datorren astean Kaledonia Berriak hauteskundeak egin zituela, eta badira zortzi hilabete lehen autodeterminazio erreferenduma egin zutela. Maiatzeko hauteskundeetatik irtendako legebiltzarrak eta haren ostean eratu den gobernuak izango dute bigarren erreferenduma antolatzeko ardura, baita hirugarrena ere, bigarrenean berriz ere independentziari ezetz esaten badiote. Hala dakarte gatazka armatuari amaiera eman zioten Noumeako akordioek: 2020a amaitu aurretik.

Lehen galdeketa amaitu eta bigarrena egitea joan den maiatzean bozkatu zen parlamentuaren esku zegoen, baina, independentistek badutenez hura bultzatzeko aski indar, eta 2024ra arte ez dutenez berrituko ganbera hori, hirugarren erreferendumera deitzea ere parlamentu horri legokioke. Roch Wamytan legebiltzarreko presidentea Nazio Batuen Erakundean egon berri da, kanak uhartearen deskolonizaziorako urratsak azaltzen. Handik Parisera joan da Wamytan, Frantziako Gobernuarekin batzartzera. Kaledonia Berriko buruzagi unionistak ere egon dira Edouard Philippe lehen ministroarekin, Sonia Backes Hegoaldeko probintziako presidentea buru. Eta lehen ministroari esan diote bigarren erreferenduma nahi dutela.

Ekainean bertan egin zuten deialdia Etorkizuna Konfiantzaz koalizio unionistako hemezortzi hautetsiek: ez independentzia nahi dutelako, noski, horren aurkako motiboengatik baizik, iazko azaroko galdeketa baietza hain indartsu ibilita, Noumeako akordioetan aurreikusitako beste bi galdeketak ahalik eta bizkorren irabazi nahi dituzte, auzia horrela, behin betiko ez bada, luzaroan behinik behin finkatuta geldituko delakoan, eta Parisekiko lotura atxikita. Iragan maiatzeko hauteskundeetan, independentistek emaitzak hobetu zituzten, baina ez zuten gehiengo osorik lortu. Hautetsi independentistek ere 2020ko erreferenduma prestatzen hasteko agiria sinatu dute.

Elkarren aurkako bi iritzi nagusiak bat datoz, beraz, 2020an bigarren erreferenduma egiteko. Paradoxikoki, loialistek ahalik eta bizkorren nahi dute, lehen seihilekoan, eta independentistek uztailetik aurrera hobesten dute, erroldarekin dauden arazoak konpontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.