Madrilera,«hautetsontziak bete eta kartzelak husteko» helburuarekin

EH Bilduk 2.000 lagun elkartu ditu Iruñean, urriaren 12aren karietara eginiko mobilizazioan

Bel Pozueta Kongresurako bozetarako EH Bilduren Nafarroako zerrendaburua, atzo, Iruñean, Anaitasuna kiroldegiko ekitaldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Espainiaren «noraez autoritarioaren» aitzinean, azaroaren 10eko Gorteetarako bozetarako «hautetsontziak betetzeko eta kartzelak husteko» aldarria egin du EH Bilduk. Manifestazioa eta ekitaldi politikoa egin zituen atzo indar independentistak, Iruñean, Bagoaz! lelopean.

Antoniutti parketik abiatu zen manifestazioa. Lehen lerroan ibili ziren EH Bilduko zerrendaburu eta kargudunak, pankartari eusten: Mertxe Aizpurua, Iñaki Ruiz de Pinedo, Oskar Matute eta Bel Pozueta, besteak beste. Baionako etorbidean gora, Donibane auzoa zeharkatu zuten manifestariek, Anaitasuna kiroldegiraino. «Independentzia!», «alde hemendik, utzi bakean» eta «presoak kalera, amnistia osoa» oihuak entzun ziren ibilbide osoan. 2.000 lagun inguru batu ziren protestara, antolatzaileen arabera.

Anaitasunara iritsita, Pozuetak jaso zuen txalo zaparradarik handiena. «Altsasukoak askatu!» aldarriak burrunba egin zuen kiroldegi barruan. Espainiako hauteskundeetan EH Bilduren Nafarroako zerrendaburu izanen denak hunkituta erantzun zien maitasun keinuei: «Bi partida latz jokatu ditugu Madrilen azken urteotan. Biak ala biak etxetik kanpo jokatutakoak eta epailea kontra izanik». Hala ere, Madrilera itzuliko direla esan zuen Pozuetak, «justizia» exijitzera: «Euskal preso guztiak etxera itzul daitezela. 256 ohe huts, eta gehiago!... Jendeak galdetzen digu ea benetan sinisten ote dugun Espainiako Estatuak onartu eta aitortuko duela gure etorkizunaz erabakitzeko eskubidea. Argi dago ezetz. Gustatuko litzaiguke, baina ez. Eta, hori gabe, independentzia da herri gisa existitzen segitzeko modu bakarra».

Pozuetaren ostean, ekitaldian parte hartzekoa zen Arnaldo Otegi, baina ez zuen Iruñera joaterik izan, osasun arazoengatik. Haren ordez, Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburuak hartu zuen hitza: «Ez gara apurren truke tratuan ariko, eta ez ditugu eskubideak negoziatuko. Eskubideak ez baitira negoziagai. Eskubideak erabili egin behar dira».

Matutek azpimarratu zuen «galga» jarri nahi diotela «Espainiako Estatuaren noraez autoritarioari», eta orain arte «emandako hitza bete» dutela: «Esan genuen gure botoekin harresi bat eraikiko genuela eskuin muturraren aurka, eta hala izan da. Besteen zain gaude orain, euren esku zegoena noiz beteko». Bizkaiko hautagaiak gorazarre egin zien pentsiodunei, mugimendu feministari, gazteei eta baita Kataluniako, Ekuadorko eta Kurdistango herritarrei ere.

Amnistia eta antifaxismoa

EH Bilduk Iruñean antolatutakoa, baina, ez zen izan Urriaren 12aren karietara antolatutako protesta ekintza bakarra. Aurretik, eguerdi aldean, Iruñeko Alde Zaharreko karrikak zeharkatu zituen AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Euskal Herritik alde egiteko eskatu zieten «Espainiako eta Frantziako okupazio indarrei», eta amnistia aldarrikatu zuten euskal preso guztientzat. Antolatzaileek adierazi zuten Euskal Herria «herri okupatua dela, baina ez garaitua».

Bilbon, berriz, «alarde antifaxista» egin zuten. Eusko Gudarostea omendu zuten: 1936-1939ko erresistentzian parte hartu zuten miliziano eta gudarien antzera jantzita atera ziren antolatzaileetako batzuk. Martxa bat egin zuten gero. Ikasle Abertzaleek ere egin zuten atzo protestarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.