Luizia Zaldibarren

Bertze gune batzuetara hedatu dituzte bilaketa lanak

Zaldibarko zabortegiari buruzko mahai teknikoa berriro bildu da, eta jakinarazi dute lurra egonkortzeko lanek segitzen dutela

Iñigo Urkullu eta Estefania Beltran de Heredia, atzo, Bilbon. EUSKO JAURLARITZA.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Eguraldia lagun eta suteak itzalita, aitzina doaz Zaldibarko zabortegiaren (Bizkaia) azpian gelditu ziren bi langileen bilaketa lanak. Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen gorpuen erreskatea kudeatzen duen mahai teknikoa berriro bildu zen atzo, Bilbon: jakinarazi zuten lurra egonkortzeko lanetan segitzen dutela eta bertze eremu batzuetara hedatu dituztela bilaketa lanak.

Goizetik ekin zieten bilaketa lanei atzo Zaldibarren, eta kamioi ugari ibili ziren ingurua egonkortzeko lurra eta zaborra ateratzen eta pistak egiten. Eusko Jaurlaritzak atzo eguerdian jakinarazi zuenez, bi gunetan jardun zuten lanean goizean: A-8 autobidetik hurbilen dagoen gunean «lurra» ateratzen ibili ziren, eta zabortegiaren goiko aldean, berriz, bi langileen gorpuen bilaketari ekin zioten, luiziaren ezker hegalean.

Pedro Anitua Eusko Jaurlaritzako Larrialdi zuzendariak jakinarazi du bi mila tona atera zituztela atzo goizean zabortegiko luiziaren ezker hegaletik, baina, lurraren ezegonkortasunaren ondorioz, bilaketa lanak egiteari utzi behar izan zioten eguerdi parterako. Orduan jo zuten eskuin hegalera: «Ezkerreko aldea egonkortzen den bitartean, bilaketa lanekin jarraitzeko, makineria guztia eskuineko aldera mugitu dugu, B gunea deiturikora», azaldu zuen atzo Anituak, mahai teknikoaren ondoren egindako adierazpenetan. Jaurlaritzako Larrialdi zuzendariak jakinarazi zuenez, bigarren gune horretan ere aukerak daude gorpuak aurkitzeko: «Han zeuden langileen autoak, eta probabilitateak daude desagerturiko pertsonetako bat atzemateko».

Anitua ez ezik, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua eta Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordea izan ziren atzo Bilbon egindako mahai teknikoaren bileran, gorpuen bilaketa lanetan ari diren teknikariekin batera.

Zaldibarko zabortegiko bilaketa eta egonkortze lanak eremu gehiagotara zabaltzen ari dira, beraz. Atzo, egunean zehar, langileak hainbat pista egiten ere ibili ziren, zona ezberdinetara iristeko, eta lur bide bat ireki zuten Zaldibarko Ibur Erreka industrialderantz, materiala mugitzeko.

Bertze suterik ez

Zaldibarko zabortegiko luizia gertatu zenetik oztopo ugari eduki dituzte Sololuzeren eta Beltranen bilaketa lanak aitzina eramateko. Zabortegian amiantoa zegoela jakinarazi zuten lehenik, eta azken egunotan suteak eta lurraren ezegonkortasuna izan dira bilaketa lanekin jarraitzeko traba.

Ortzegun gauean piztu zen azkeneko sutea, eta, horrekin batera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak segurtasun neurriak ezarri zizkien Ermuko (Bizkaia) Sallabente auzoko bizilagunei. Baina ortzirale eguerdirako itzali egin zuten sua, 15:00etarako, eta, horrekin batera, bertan behera utzi zituzten segurtasun neurriak ere.

«Lasaitasunerako deia» egin zuen Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak: «Une zehatz bateko egoera izan da, eta, gainera, gauez gertatu da, herritarrak babestuen daudenean». Haren ustez, sutearekin sortutako egoerak ez du arriskua areagotzen, dioxinen arazoa haiekin kontaktuan egondako denboraren arabera soilik baita «esanguratsua». Ernesto Martinez Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, dena den, «adi» egoteko erran zuen, erraz su hartzen duten materialak daudelako zabortegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.