Koronabirusa

Positibo datuek okerrera egin dute: beste 1.142 kasu atzeman dituzte

Otsailaren 5etik erregistratu den daturik okerrena da. Positibo tasak ere gora egin du: %8,86

Jone Bastida Alzuru.
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Agerikoa da kutsatzeen goraldia. Birusa hanpatua da berriro, eta haren transmisioa nabarmen larriagotu da Euskal Herrian azken asteetan. Gora egin dute intzidentzia tasak eta ospitaleratzeek. Atzo emandako datuei erreparatuz, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 12.888 PCR proba eta antigeno test egin zituzten herenegun Hego Euskal Herrian, eta 1.142 positibo detektatu zituzten: Bizkaian, 436; Gipuzkoan, 343; Nafarroan, 222; eta Araban, 126. Beste hamabost kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira. Otsailaren 5etik erregistratu den daturik makurrena da hori, eta transmisioari buruzko datuak ilunak dira oraindik.

Positiboen ehunekoak ere gora egin zuen: %8,86 izan zen —osteguneko testetan %7,8k eman zuten positibo—. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko gehienezko muga, erreferentzia gisa. Beraz, egungo positibo tasak aise gainditzen du erakundeak ezarritako muga hori.

Kutsatzeen gorakadarekin batera, ospitaleetan ere presioa sumatzen hasiak dira. Kezkagarriak dira datuak: Hegoaldean 149 paziente daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, otsailaren 25etik izandako gehien, eta kurbak etengabe goraka segitzen du. Osakidetzak atzo adierazi zuenez, beste 93 pertsona ospitaleratu zituzten herenegun; Osasunbideak, berriz, beste hamazortzi ospitaleratzeren berri eman zuen. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariaren arabera, lurraldearen osasun egoera «oso kezkagarria» da, eta ospitaleratutako pazienteak gero eta gazteagoak dira: 60 urtetik beherakoa da Nafarroako erietxeetan dauden hiru pazientetik bat.

Nafarroak COVID-19aren ondorioz azken egunotan hil diren pertsona kopuruaren berri ere eman zuen atzo. Jakinarazi zuenez, 69, 80 eta 86 urteko hiru gizon hil ziren herenegun; eta aurreko egunetan 80 eta 83 urteko beste bi emakume zendu zirela ere adierazi zuen.

Neurriak

Datuen bilakaera ikusita, Jonan Fernandez Labi aholku batzordeko koordinatzaileak ohartarazi zuen datorren egunetan goranzko joera ez bada aldatzen egun indarrean dauden neurriak «egokitu» beharko direla. Aurretik, baina, esan zuen uste duela joera hori astebete barru etengo dela. «Espero dugu hurrengo egunetan goia jotzea goranzko joerak».

Bestalde, Jaurlaritzak bihar berrituko du eremu gorrian dauden tokien zerrenda, eta orduan jakingo da zer udalerri eta lurraldeetan ezarriko den itxiera perimetrala. Azken datuen arabera, Gipuzkoak eta Arabak gainditu egiten dute 400dik gorako intzidentzia tasa; Araban, mugak ezarrita daude dagoeneko. Biharamunean sartuko dira indarrean muga berriak, asteartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.