Krisi anizkoitza aztertuz

Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzea egiten ari dira Elizondon. Egitarau oparoa osatu dute, eta 600 lagun inguru elkartu dira

Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzea, atzo, Elizondon. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Elizondo
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzea egiten ari dira Elizondon (Nafarroa), Mugimenduan gaude, lurrikara gara lelopean; atzo hasi zen, eta gaur amaituko da. Topaketek feminismoaren burrunba eta dardara hedatzea dute helburu; 600 lagun inguru elkartu dituzte, eta egitarau oparoa osatu dute horretarako. Besteak beste, krisi anizkoitzaren gaineko gakoak aztertu zituzten atzo, ikuspegi feministatik. Mahai inguru formatuan landu zuten gaia, eta jarraian ariketa bat egin zuten lantaldeetan.

Mirene Begiristain EHUko irakasle eta ikerlaria ekonomia feministaren inguruan aritu zen. Azpimarratu zuen egun dugun ekonomia kapitalista edo ekonomia neoliberala gizarte eraikuntzan oinarritzen dela, eta gaur egungo ereduak, gehienbat, androzentrismoan jartzen duela oinarria. Begiristainen arabera, garrantzitsua da ulertzea bestelako eredu ekonomikoak ere proposa daitezkeela: «Ekonomia feministak hori planteatzen du: gizartearen erdigunean bizitza jartzea, eta ez kapitala, merkatua. Baita ikusezin dauden beste hainbat aldagai ikusaraztea ere, eta hortik eraikitzea». «Ekonomia merkatua baino gehiago da, eta lanaren kontzeptua bera jarri behar dugu zalantzan», adierazi zuen, eta azaldu bereizi egin behar direla ekonomia feminista eta genero ekonomia.

Begiristainen esanetan, BPG barne produktu gordina adierazle sozioekonomikoa hartzen da aintzat, eta balioa ematen zaio bakarrik «merkantzien mugimenduari, merkatuari, kontuan hartu gabe estatuak nola bermatzen dituen zerbitzu publikoak, horien prekaritatea, nori eragiten dion eta nola eraikita dauden». Modu horretan, bizitzaren sostengurako «ezinbestekoak» diren beste kateak ez dira horren parte. «BGPa irizpide kapitalistaz, heteropatriarkalaz eta kolonialaz erabat blaituta dago, eta sistema kolapsatzen denean ikusten da azpian dauden alderdi horiek direla benetan ezinbestekoak bizitzari eusteko». Naia Torrealdai Bilgune Feministako kideak esan zuen aspaldi diagnostikatu zutela sistema ez dela jasangarria.

Haren arabera, mugimendu feminista «bizitza vs kapitala» logika horretan kokatu zenean hasi zen zaintzaren inguruan hausnartzen, baina azken lau urteetan sakondu dute zaintza kate globalaren inguruan, eta agendaren erdigunean jarri. Torrealdaik azaldu zuen egindako bi greba feministek irakaspen ugari utzi dituztela, eta inflexio puntutzat jo zituen. Adierazi zuen jardunaldi feministen ondoren dekolonialismoaren eztabaida ere agendan lehenetsi zutela.

Torrealdairen arabera, pandemiaren eragina nozitu dute. «Urteetan emandako aurrerapausoak erauntsi ditu». Nabarmendu zuen indarkeria izugarri ugaritu dela zentzu askotan: indarkeria matxista, arrazakeria, prekaritatea eta kaleen militarizazioa jarri zituen adibidetzat.

Bilgune Feministako kideak iritzi du funtsezkoa dela zaintza ereduaz hausnartzea. Bizitzak Erdigunean koordinakundearen lana azaldu zuen, eta adierazi euskal zaintza sistema publiko komunitarioa behar dela. Beraz, beharrezkotzat jo zuen zaintza sistemak berrantolatzea, baina esan zuen herritartasuna eta lan produktiboa nola ematen den ere aztertu behar dela.

Neska gazte subjektua

Maider Barañano eta Naia Kortaberria Euskal Herriko Neska* Gazteak sareko kideek ere hartu zuten hitza. Salatu zuten sistema kapitalista heteropatriarkalakzapaldu egiten duela gaztea, eta legitimatuta dagoela hori. «Neoliberalismo basatiaren oldarraldi berria» jasaten ari direla azaldu zuten. Adierazi zuten pandemiak arrastoa utzi duela, eta larritu egin dituela neska gazteek dituzten hainbat problematika. Halere, krisi garaia palanka moduan erabiltzeko aukera azpimarratu zuten, «eredu aldaketa baterantz» joateko. Hautu horren alde agertu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.