Londresek «aldaketak» sustatuko ditu Ipar Irlandarako Protokoloan

ander perez zala
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Gobernuak atzo jakinarazi zuen Ipar Irlandarako Protokoloa «aldatzeko» legedia sustatuko duela «datozen asteetan». Erresuma Batuko hedabideek egunotan argitara ateratakoaren arabera, itun horren «parte batzuk» urratu nahi ditu Londresek; zehazki, Liz Truss Atzerri ministroak atzo Komunen Ganberan esan zuenez, enpresei hautua emango liekete «Erresuma Batuaren eta [EB] Europako Batasunaren araudien» artean aukeratzeko, lege proiektu hori onartuz gero —kontserbadoreek gehiengo osoa dute—.

Trussek azaldu zuen gobernuaren lehentasuna «oraindik ere» badela EBrekin irtenbide negoziatu bat lortzea, baina, aldi berean, premiaz aritzeko beharraz ohartarazi du hainbatetan, Londresi ez zaiolakoan «komeni atzeratzea». Atzerri ministroak adierazitakoaren arabera, gobernuak nahi du Ipar Irlandan sartu eta lurralde horretan kontsumituko diren produktuek kontrolik pasatu behar ez izatea.

Besteak beste, aldaketa horiek DUP Alderdi Demokratiko Unionistari begirakoak izan dira. Hain justu, Jeffrey Donaldson DUPen buruzagiak ongi etorria eman zion Londresek egindako proposamenari, eta Erresuma Batuko Gobernuari aitortu zion «hasiera ona» dela erabaki hori hartu izana. Ordea, iragan astean esan bezala, atzo ere mezu bera helarazi zion: «ekintzetarako garaia» dela, eta ez «hitzetarakoa».

Betoa, bere horretan

DUPeko buruak jakinarazi du bere alderdiak «mailaka eta modu arretatsuan» aztertuko duela legedia, eta edukiaren arabera kenduko diola betoa Ipar Irlandako gobernabideari.

Maros Sefcovic Europako Batzordeko presidenteordeak, berriz, «kezka» agertu zuen Londresek emandako pausoagatik, eta agerian utzi zuen lege proiektu hori onartuz gero gerra komertzial bat hasiko litzatekeela bi aldeen artean. «Eskura ditugun tresna guztiekin erantzungo dugu», esan zuen Sefcovicek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.