Euskal kultura(n) ko-eraketan

2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Euskarak, artefaktu sozio-tekniko gisa eta ko-eraketaerlazioan komunitatearekin, gizarte garaikidean dituen balioez, beharko lituzkeen hizkuntza-politikez eta dituen beste hainbat erronka teknologiko zein sozioekonomikoez gogoeta batzuk plazaratu ditugu sail honetan hainbat hilabetez, zazpi iritzi-artikuluren bidez. Eta euskal kulturak? Zein balio eta funtzio ditu euskal kulturak gizarte garaikidean XXI. mendearen hirugarren hamarkadaren atarian?

Kulturaren esparrua zabala eta anizkoitza da oro har, geruzak baititu gizarte garaikidean, hala nola: munduarekin erlazionatzeko tresna eta adierazpide multzoa da; dimentsio politikoa du eta aldaketa sozialerako aukera ematen duen gatazka-etxea da; kontsumo-gizarteak kulturaren merkantilizazioa ekarri du; izaera edo funtzio bikoitza du, izan ere, esperientzia indibiduala da eta guztiok partekatzen dugun ondarea ere bada; eta kulturak gu egiten gaitu. Kultura bakoitzak bere zeinu eta sinesmenak ditu, kideek transmisioz jasotzen dituztenak identitate jakin bat osatzeko elkarren artean. Era berean, edozein kultura beste kulturekin harremanetan dago fenomeno desberdinen baitan (multikulturalitatea, transkulturalitatea, akulturazioa, etnozentrismoa,…). Prozesu kulturalak ere baditugu, eboluzioaren eta aldaketaren bide direnak. Izan ere, kulturaren eta gizakiaren arteko harremanako-eraketakoa baita, interakzioan eraiki eta eraldatzen dutelarik elkar.

Euskal kultura, zehazki, minoritarioa da, eta bi kultura hegemonikok inguratzen dute; kultura-anitza den kontinentean. Zeinu nagusia eta bereizgarriena hizkuntza da, euskara; eta biztanleriaren erdiak ia ezagutzen du. Modernizatu zen eta iruditeria eta bizimodu propioa (arteak, literatura, folklorea, ondarea, ohiturak, artefaktuak, eraikuntzak…) sortuz joan da.

Milurtekoaren lehen hamarkada 2008ko krisi finantzarioarekin itxi zen; bigarren hamarkadaren amaiera, berriz, osasun-krisiarekin itxiko da. Ez dira garai lasaiak, ezta samurrak ere. Aldaketak azkar doaz, mundu mailako krisiak sortzen ari dira bata bestearen atzetik, eta guztion ahotan dagoen hitza ziurgabetasuna da. Horrekin batera, prekaritatearen fenomenoak mehatxatuta dauka euskal gizartea. Artista bati entzundako hitzak ekar genitzake, hau baitzioen Asier Mendizabalek, gogoetan ari zela beste hiru kiderekin batera, Kutxa fundazioak eta Globernancek antolatutako eztabaida telematiko batean (Kultura, gizarte kritiko eta kohesionatu baten ezinbesteko tresna elkarrizketan, 2020-06-03): «La debilidad y la precariedad no solo está en la cultura».

Era berean, globalizazioak eta teknologiak harreman moduak eraldatu ditu eta Internetek paradigma aldaketa ekarri du gizartearen antolaketan. Horrekin batera, lurralde berean kultura desberdinen arteko topaketa gero eta handiagoa da, erlijioenak, hizkuntzenak, identitateenak... adierazpide guztiak euren lekua bilatzen ari dira etengabe, tentsioan eta borrokan, asimilazioan ez erortzeko.

Euskal kultura ere testuinguru horretan dago murgilduta. Horiek horrela, euskal gizartearen erronka bikoitza da: identitate errotuarekin gizartearen eraldaketan aurrera egitea, eta horretarako, bere baitan irtenbideak topatzea gizatalde gisa. Kontuan izanik, gainera, errealitate juridiko eta politiko desberdinen baitan dagoen kultura minorizatuko gizataldea dela.

Egun, krisiei gizarte gisa nola egiten ari garen aurre ekarri beharko genuke eztabaidara. Nola egiten ari gara aurre osasun-krisiari? Hezkuntza-sistemak zein baliabide eta gaitasun ditu? Gizarteak zein antolaketa beharko luke? Elkarrekin politikak eraikitzeko eta erabakiak hartzeko espazio partekatuak non daude? Nola dago kulturaren sektorea?...

Erantzunak gizartean eta gizarteko aktoreekin batera topatu behar dira, parte hartzea zein antizipazioa sustatzen duten politiken bidez. Era berean, kulturak eta arteek funtzio garrantzitsua joka dezakete politika egiteko era horretan. Lau sistemadun engranajearen eran funtzionatuko duen antolaketa behar baitu gizarteak, hala nola: ekonomia, politika, zientzia eta teknologia eta kulturak sistema bat osatu beharko lukete, batak ez luke bestearen ondoren etorri behar. Era horretara, hezkuntza-sistema sendoagoa izango litzateke.

Kontzeptu sozio-teknikoa gizartearen antolaketa eta eboluzioa ulertzeko azalpen dinamikoa da; izan ere, horren arabera, gizarteko fenomenoak ez baitira lege naturalen arabera gertatzen, hartzen diren erabakien eta egiten diren akzioen arabera baizik.

Kulturak, jokabideak eta talde gisa aritzeko arauak izateaz gain, arteak ditu berezko adierazpide. Horien bidez, historia kontatzen da, istorioak kontatzen dira, sormena lantzen da, harremanetarako erak garatzen dira, mundua interpretatzeko bideak bilatzen dira, ezarritako arauak kuestionatzen dira… eta gizartea kohesionatzeko tresna eztabaidaezinak dira. Euskal kulturak testuinguru konplexu eta zaila du, baina, lehenago esan bezala, erabakietan dago gakoa.

Gizarte juxtuak prozesu demokratikoetan sakontzeko tresnak eta antolaketa behar ditu, sistema produktiboaren eta politika neoliberalen morrontza dohakabean ez erortzeko. Azken batean, ziurgabetasunean bizitzeko erremintak eta testuinguruak garatu behar dira eta pertsonak ahaldundu; identitate eta kultura errotu batekin.

Bide horretan administrazioak aktore garrantzitsu dira, baldintzak eta baliabideak jarri beharko lituzketelako, bideratzaile lana eginez. Baina, jarrera elitistari muzin egin beharko litzaioke horretarako, eta benetako prozesu berritzaile eta parte-hartzaileagoak bideratu, hala nola: gizartea antolatzeko, kultura-ikuspegia barneratzeko, zientzia eta teknologia humanista garatzeko, hezkuntza eraberritzeko… Zoritxarrez, kontrako norabidean goazela ikusten da gero eta nabarmenago.

Hau guztia azaldu eta gero, honela laburbilduko nuke nire kultura-hautua: euskalduna (euskara ardatz duena), errotua eta konprometitua (tradizioekin lotua eta aurrera begiratzen duena), humanista (pertsonak ahalduntzen dituena), integratzailea eta irekia (identitateekiko irekia eta gai unibertsalentzat erantzunak bilatzen dituena), sortzailea eta berritzailea (adierazpide artistikoen zein sormenaren lurra etengabe ongarritzen dituena) eta eraldatzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.