Ikasleen euskara mailak kezkatuta, neurriak hartzen ari dira ikastolak

Galera «kanpo faktoreekin» lotu arren, hizkuntz proiektua gaurkotzen hasi da elkartea. Eskola segregazioa saihesteko gogoeta egiten ari da

Ikastolen ikasturte hasierako ekitaldian elkartutako ordezkariak, familia argazkian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Abisu argia eman zuen ekainean ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeak: «moteltzen» ari da ikasleen euskalduntzea. Ebaluazio diagnostikoaren arabera, behar adinako euskara gaitasunik ez daukate Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 14 urteko ikasleen ia erdiek, %45ek. Jaitsiera hori nabaritu dute ikastoletan ere, elkarteak aitortu duenez. «Kanpo faktoreekin» lotu du galera. Hala ere, Koldo Tellitu lehendakariak iragarri du ikastolen hizkuntza proiektua «gaurkotzen» hasi direla Mondragon Unibertsitatearekin batera. Aurten hasiko dira aldaketak ezartzen. Egiturazko urrats handiagoak eskatu ditu, nolanahi ere: hizkuntza ereduak kendu, eta murgiltze eredu orokorra abian jartzea.

Ikasturte hasierako ekitaldia egin zuen atzo Ikastolen Elkarteak. Nafarroan egin dute aurten, Atarrabian. Nafarroako Hezkuntza kontseilari Maria Solanak parte hartu zuen saioan —lehen aldia da Nafarroako kontseilari batek horrelako ekitaldi batean parte hartzen duena—. Jaurlaritzaren ordezkari, Olatz Garamendi sailburuordea joan zen. Haiekin batera, arlo politikoko eta euskalgintzako ordezkari ugari ere bai.

Urteotan Nafarroan bi ardatz izan dituzte ikastolek, Tellituren esanetan: egonkortasuna ziurtatzea eta kooperatiba eredua garatzea. Horien alboan, «eredu pedagogikoa sendotzen eta indartzen» jarriko dituzte ahaleginak orain. Bide horretan aritzeko, babes mezua eman die Solana kontseilariak: ikastolak «parte inportantea» direla Nafarroako hezkuntzan, eta haiekin elkarlanean jarraitu nahi duela gobernuak.

Bestelakoa da egoera Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Ikasturte hasiera gatazkatsua izan dute Seaskan. Urtez urte handitzen ari da ikasleen kopurua —iazko aldean, 230 gehiago aurten—, eta, horri erantzuteko, 25 irakasle gehiago eskatu dituzte ikastolek; Frantziako Gobernuak, ordea, bost postu eta erdi onartu dizkie. Protesta handiak egin dituzte, baina gobernuak ez du jarrera aldatu. Jokabide «kolonialista» du, Tellituk salatu duenez. Baina iragarri du «tinko» eutsiko diotela. Babesa eskatu du horretarako.

Hezkuntza legeari begira

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, pisuzko gaiak dituzte mahai gainean ikastolek; nagusia, hezkuntza legea egiteko prozesua. Orain arteko erritmoarekin ez da gustura agertu Tellitu: «Ikastolok nahi eta Hezkuntza Sailak aurreikusi baino mantsoago doa prozesua». Orain abiada bizkortzeko itxaropena du. Datozen asteetan izango dira mugimenduak: Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrera bidalia du oinarrizko gogoeta dokumentua, eta urriaren 1ean aztertuko dute parlamentuko taldeek. Haien gogoetak aintzat hartuta, lege proiektu bat taxutuko du Hezkuntza Sailak, eta hori izango da eztabaidagai gero. Ikastolek nabarmendu dute ezinbestekoa dela «sare guztiak» bilduko dituen hezkuntza legea egitea.

Hezkuntza legea egiteko prozesuaren alboan, beste lege proposamen bat ere iritsia da Eusko Legebiltzarrera: Zubiak Eraikiz plataformak 17.000 sinadura bilduta aurkeztu du eskola segregazioaren aurkako herri ekinaldi legegile bat. Aste honetan izan dira berritasunak, ordea: eskaria tramitatzearen kontra azaldu da Jaurlaritza, esanez gai hori jorratuko duela hezkuntza legeak, eta ez dela beharrezkoa bi lege egitea. PSE-EEk bat egin du horrekin, nahiz eta orain arte herri ekinaldia babestu; beraz, ezerezean geratuko da eskaria. Ikastolen Elkartea bat etorri da Jaurlaritzarekin: uste du hezkuntza legean jorratu behar dela segregazioaren auzia, eta ez propio beste lege bat egin.

Ikastolek eurek, hala ere, proposamen bat egingo dute udazkenean. Tellituk aurreratu du ildo bat: uste dute ikasturtea hasi eta gero eskolatutako ikasleek eragiten dutela desoreka, eskolatze batzordeek ez dituztelako ikastoletara bideratzen, publikora baizik. Zenbaki bat eman du: iazko ikasturtean 4.000 ikasle matrikulatu zirela epez kanpo, eta berrehun soilik bideratu zituztela ikastoletara. Eskolatze batzordeen jardunari begira jarri dira ikastolak.

Hizkuntza ereduei buruzkoa izango da hezkuntza legearen beste ardatza. Ereduen sistema gainditzeko eskatu du Ikastolen Elkarteak, eta murgiltze eredua zabaltzeko. Ikasleen euskalduntzean izaten ari den atzerakadarekin kezkatuta agertu da Tellitu.

Ikastolen Elkarteko ordezkariak Nafarroako Parlamentuan izan ziren asteazkenean, euskararen legea aldatzeari buruzko batzordean. Kontseiluak manifestazioa egingo du Iruñean urriaren 27an, ofizialtasuna eskatzeko, eta hara joatera deitu dute ikastolek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.