Koronabirusa munduan

Gordeta ospatu du Errusiak Garaipen Eguna

Sobietar Batasuneko armadak naziak garaitu zitueneko 75. urteurrena oroitu zuten atzo Errusian, koronabirusak baldintzatuta

Bikote bat, gerran hildako sobietarren argazkiak erakusten. S. CHIRIKOV / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Milaka militarrek hartu behar zituzten atzo Moskuko Plaza Gorria eta inguruko kaleak, Errusiaren harrotasuna hauspotzeko desfile ikusgarrian. Egun seinalatua zen: Sobietar Batasuneko armadak Alemaniako naziak garaitu zitueneko 75. urteurrena. Vladimir Putin Errusiako presidenteak munduko potentzia indartsuenetako agintariak gonbidatu zituen ekitaldirako, tartean AEBetako, Txinako, Europako Batasuneko herrialdeetako eta Japoniako agintariak. Baina koronabirusak zapuztu du ospakizuna. Moskuko kaleetan apenas izan da arimarik, eta presidenteak ez ditu potentzietako agintariak hartu berean. COVID-19ak behartuta, etxean gordeta ospatu dute errusiarrek aurtengo Garaipen Eguna.

Desfile erraldoiaren ordez, egitarau apalago bat antolatzera behartu du pandemiak. Putinek hitzaldi labur bat egin du, eta egoerari elkarrekin aurre egitera deitu ditu herritarrak. «Badakigu eta irmoki sinesten dugu garaiezinak garela elkarrekin gaudenean».

Putinek ohiko lore eskaintza egin dio Soldadu Ezezagunari, Bigarren Mundu Gerran hil ziren 27 milioi sobietarren omenez. Hegazkin militarren erakustaldi bat eta su festa ikusi dituzte Moskuko biztanleek beren etxeko leihoetatik.

Aginte erronka

Errusian ia 200.000 dira atzemandako koronabirus kasuak. Munduan kasu gehien dituzten herrialdeetan bosgarrena da. Hildako kopurua apalagoa da estatu kaltetuenekin alderatuta, datu ofizialen arabera —1.800 inguru dira zendutakoak—, baina birusa azkar ari da hedatzen. Azken astean, 10.000 kasu berri baino gehiago atzeman dituzte eguneko.

Putinen lidergoa sendoa den arren eta hari itzal egingo dion oposiziorik ez badu ere, pandemia erronka handia bihurtu da haren agintaldiarentzat eta herritarren artean duen irudiarentzat. Krisiari aurre egiteko zailtasunik handienetako bat Errusiako osasun sistemaren ahulezia da. Urteetako finantzaketa eta erreforma faltak ihartzen utzi du.

Bestetik, langileen gehiengoa hasia da pandemiaren kalte ekonomikoak nabaritzen. Lan egin gabe, herritar askori nabarmen murriztu zaizkie diru sarrerak. Izan ere, gobernuak ez du larrialdi egoera ezarri Errusian; beren burua berrogeialdian jartzeko eskatu die herritarrei. Modu horretan, estatuak errazagoa du herritarren eta enpresen kalte-ordain eskariak saihestea.

Koronabirusak Putinen agenda politikoa ere aldrebestu du. Sobietarren garaipen historikoa oroitzetik harago, atzoko urteurrena aukera ona zen Putinentzat Mendebaldeko herrialdeei eskatzeko harremanak normalizatu ditzatela, eta galdegiteko bertan behera utz ditzatela Errusiari Krimeako penintsula bere egiteagatik ezarri zizkioten nazioarteko zigorrak. Desfilea irailean egingo dute, eta orduan ikusi beharko.

Garaipen Eguneko desfilea ez da koronabirusaren ondorioz Errusiako presidenteak atzeratu behar izan duen ekitaldi politiko esanguratsu bakarra. Joan den apirilaren 22an, Putini 2024ko hauteskundeetara aurkezteko modua emango liokeen erreforma konstituzionala bozkatu behar zuten Errusian, eta hura ere bertan behera utzi behar izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.