Batuz Aldatuk badu Talde Eragilea «adostasun politikoa» jorratzeko

Euskararen «erabilera erosoa bermatzeko lehentasunak» zehaztu dituzte ehundik gora eragilek

Batuz Aldatu mugimenduaren lehenengo biltzar nagusia, atzo, Donostian. SINADURA / AGENTZIA.
xabier martin
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Batuz Aldatu mugimenduaren lehen biltzarra egin dute, Donostian, eta hizkuntza politiketan «adostasun sozialetik politikorako bidea» jorratuko duen Talde Eragilea aurkeztu dute. Talde hori eragile hauek osatuko dute: AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic fundazioa, Bizipoza Bilgunea, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa, Nafar Ateneoa eta Zabalik elkartea. «Adostasun sozial handia adostasun politiko bihurtzea» izango da, Batuz Aldatu mugimenduaren Talde Eragilearen zeregin nagusia aurrerantzean.

Hainbat eremutako ehundik gora eragilek hizkuntza politiketan eragiteko adostutako agiria da Batuz Aldatu; 2021eko ekainean aurkeztu zuten. Adostasun sozial horrek hizkuntza politiketan helburua berritu zuen agiria. Hala, «euskararen erabilera erosorako baldintzak sortu eta bermatzea» da egitasmoaren xedea. Helburu horretara iristeko, politiken «norabideratzea» ere zehaztu zuten: «Ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskara erabiltzeko eremuen sorrera eta saretzea».

Atzo, lehenengo biltzar nagusia egin zuten, Donostian, eta mugimenduaren Talde Eragilea osatu. Euskalgintzaren Kontseiluak bultzatu du mugimendu hori, eta haren idazkari nagusi Paul Bilbaok esan du talde eragile horrek ederki islatzen duela «Batuz Aldaturen aniztasuna», baita eduki zehatzen gainean «adostasun eta aliantza berriak» eraiki daitezkeela. Nafarroako Ateneoko eta Gazte Euskaltzaleen Sareko ordezkariek hartu dute hitza Talde Eragilearen izenean. Erronka berriari «pozik eta erantzukizunez» ekingo diotela helarazi dute. Eragile horien ustez, «guztion bat egiteak ekarriko du euskaraz eroso bizitzea ahalbidetuko duen agertokia». Azaldu dute «beharrezkoa» dela Batuz Aldaturen adostasuna «gehiago zabaltzea», bai eragileei dagokienez, bai adostasun politikoei dagokienez.

Lehentasunak zehazturik

Horiek horrela, Batuz Aldatuk eremuz eremu hizkuntza politiketan dauden lehentasunak eta neurriak zehaztu ditu, bai Euskal Herri mailan, bai euskara ofiziala den edota ofiziala ez den eremuetan. Administrazioan, esaterako, zerbitzua euskaraz jasotzeko herritarren eskubidea bermatzeko «epemuga zehaztea» eta horretarako «beharreko zirkuituak osatu beharra» zehaztu dute; hezkuntzaren alorrean, ikasle guztiei «gaitasun egokia bermatuko dien euskarazko ikas eredu orokortua abian jartzea» ere zerrendatu dute lehentasunen artean; eta hezkuntza ez-formalean, «administrazioak kudeatzen dituen aisialdi eta kirol eskaintzak euskaraz» izateko eskaera ere bai.

Helduen euskalduntzeari dagokionez, doakotasunaz gain, «helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen agentzia» sortzeko pausoak ematea nahi dute; era berean, eremu sozioekonomikoan, herritarrei zerbitzua emateko denean, «administrazioarekin egiten diren kontratuetan hizkuntza irizpideak ezartzea» jaso dute, zerbitzu hori euskaraz eman ahalko dela ziurtatzeko. Atal digitalean, berriz, edukiak ugaritzeko, «sorkuntza sustatu dezaketen inbertsioak ugaltzea» eskatu dute, eremu horretan euskarazko erabilera areagotzeko helburua jarrita. Kulturari dagokionez, «sortzaileari langile eskubideak aitortuko dizkion estatusa berariaz garatzea» eskatu dute, edota «euskarazko kultur sorkuntzaren produkzioarentzat inbertsioak handitzea». Azken atal bat ere jaso dute helburuen zerrendan: hedabideei dagokienez, beharrezkoa ikusten dute «finantzaketa sistema egonkortzea eta euskarazko ikus-entzunezkoen presentzia bermatzea» euskarri desberdinetan.

Biltzarraren bukaeran, ordezkariek ongietorria egin diete dinamikari atxiki zaizkion eragile berriei. Haien artean dira Ekonomisten Euskal Elkargoa, Gaurgeroa (Euskal Herriko Erretiratu eta Pentsiodunen Elkartea), Gazte Euskaltzaleon Sarea, Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestua, HiTZ (Euskal Teknologiako Zentroa), Lanartea (Euskararen Langile Profesionalen Elkartea), Pantailak Euskaraz, Sukar Horia, UZEI, Xake Espazioa eta Xuti (Ipar Euskal Herriko gazteen erakundea).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.