Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Txerriengan hazitako ametsak

Publizitatea

Gizartea

Txerriengan hazitako ametsak

Txerriaren eta gizakiaren zelulak dituzten enbrioiak sortu dituzte, lehenengoz, Salk Institutuko ikertzaileek. Aurrerapenak giza organoak nahieran sortzeko bidea ireki dezake, baina asko dira oraindik gainditu beharreko erronkak.
Argazkia: SALK INSTITUTUA / EZEZAGUNA

2017-02-05 / Juanma Gallego

Posible bada, norbaitek egingo du». Zientzian eta, batez ere, biomedikuntzan sarri entzuten den leloa da. Teknologia garatu ahala, horma teknikoak birrintzen dira, eta muga etikoak baino ez dira geratzen. Gizakiak, irizpide moralen arabera, bere buruari jartzen dizkion mugak, alegia. Garaien eta kulturen arabera, beraz, zilegi da odol transfusio bat egitea, nahigabeko haurdunaldi bat etetea edota nahieran sortutako organoak sortzea. Azken aukera hori izan daiteke, hain justu, atarian dagoen hurrengo iraultza, norabide horretan mugarri garrantzitsua iragarri baita orain: giza zelulak dituzten txerrien enbrioiak sortu ditu Juan Carlos Izpisua zientzialariak gidatutako lan taldeak. Emaitzak Cell aldizkarian argitaratu dituzte urtarrilaren 26an.

Kaliforniako Salk Institutuan (AEB) medikuntzan erabiltzeko modukoak izango diren giza organoak sortzeko lanean ari da aspalditik Izpisua. Horretarako, gizakien eta animalien arteko zelulen nahasketa egitea funtsezkoa izan daiteke. Bi espezieren arteko gurutzaketa horri kimera deritzo. Orain arte emandakoak hasierako pausoak besterik ez dira, baina horren kariaz irekitzen den ikuspegia konplexua bezain zirraragarria da.

Orotariko iruzkinak

Genetikarekin erlazioa duen guztian izan ohi den bezala, beldurrak aise zabaltzen dira halako ikerketen berri izatean. «Jainkoak baino ez du espezieak nahasteko ahalmena. Munstroak sortu nahi dituzte». Horien antzeko iruzkinak irakurri behar izan ditu Aida Platero Luengo biologoak hainbat hedabidetako iruzkinetan. Gainerakoak, baina, iruzkin positiboak izan direla nabarmendu du. «Jendeak ulertu du aurrerapauso txiki bat izan dela gurea, eta azken helburua giza osasunean inpaktu positiboa izatea dela», adierazi du adituak. 2014an, bere jaioterri Sevilla (Espainia) utzi zuen, eta, orain, Juan Carlos Izpisuaren lantaldean ari da Platero Luengo, Kalifornian.

Frankenstein moduko izakiak sortzea baino gehiago, bizi ahal izateko organo berri baten zain itxaron zerrendetan dauden gaixoei laguntzea dute buruan zientzialariek. Baina aukera hori oraindik ere urrun dagoela ohartarazi du biologoak. «Teknika berri baten hasierako faseetan besterik ez gaude». Zelula ama pluripotente induzituak —iPS zelulak, adituen hizkeran— erabili dituzte teknika berria abiatzeko. Enbrioi zelulen antzeko ezaugarriak dituzte zelula horiek, baina izaki helduetatik jasotzen dira. Sinplifikatuz, zientzialariek zelula normal bat hartzen dute, eta haren erloju biologikoa atzeratzen dute, eta edozein zelula mota bilakatzeko gai egiten duen egoerara eramaten. Zelulen birprogramazioa deritzo prozesuari, eta, 2006an lortu zenetik, lurrikara txikia eragin du biomedikuntzan.

«Sorreraren hasierako fasean dauden enbrioietan —blastozistoetan— ezarri ditugu zelulak. Ondoren, giza zelulek enbrioiaren barruan bizitzeko aukera ote duten ikusi dugu. Egia esanda, eraginkortasuna oso txikia izan da, eta zelula gehienak garapenean zehar hil dira, baina zelula batzuk bizirik mantendu dira lau asteko ernalketan. Hori itxaropena pizteko modukoa da», azaldu du Platero Luengok. Kalkulatzea zaila bada ere, blastozistoetan, giza zelula bakoitzeko 100.000 txerri zelula daudela uste dute.

Garuna eta gametoak, muga

Murtziako San Antonio Unibertsitate Katolikoan (Espainia) garatu dituzte esperimentu gehienak. «Kalifornian lau asteko ernaldia egiteko aukera ematen du legediak, baina Espainian epea luzeagoa izan daiteke. Jaio baino pixka bat lehenago eten behar da prozesua». Halere, adituak azpimarratu duenez, oraingoz lau asteko epea ez dute gainditu nahi izan. Itxaron egin nahi dute oraindik. «Etorkizunean epe hori luzatuko dugu, baina, oraingoz, gauza asko hobeto garatu behar ditugu».

Prozesua hobetze aldera, zientzialariek bi bide jorratu nahi dituzte. Batetik, erabilitako giza zeluletan jarriko dute arreta. «Zelulak pluripotentzia egoera ezberdinetan egon daitezke, primed eta naive egoeretan, hain zuzen. Guk erdiko egoera batean dauden zelulak erabili ditugu, horiek baitira orain arte emaitza onenak eman dituztenak». Bestetik, edizio genetikorako CRISPR teknikaren bitartez enbrioiak eraldatu nahi dituzte, organo berriak sortzeko aukera gehiago izan daitezen. Funtsean, organo konkretu baten garapena arautzen duen genea kendu nahi dute, jasotako giza zelula berriekin organo hori osatzeko bidea errazteko. «Oraingoz, saguen eta arratoien arteko kimeretan lortu dugu, baina ez gizakien eta txerrien arteko kimeretan».

Etikari lotutako beste alderdi garrantzitsu bat ere aipatu du adituak. Erabilitako zelulak organo jakin batzuetara bideratzea nahi dute, eta garunera edo gametoetara, esaterako, ez heltzea. Arrisku hori ekiditearen beharra azpimarratu du CNIO Espainiako Onkologia Ikerketen Zentroko ikertzaile Lluc Mosteirok ere. Zelulen birprogramaketan lanean ari da, batez ere, giza ehunak birgaitzeko aukerak aztertuz. CNIOko beste ikertzaileekin batera 2013an bizidun baten zelulak birprogramatzea lortu zuen, eta duela bi hilabete inguru ehunak birgaitzeko aurrerapauso garrantzitsua zabaldu zuen Science aldizkarian. «Badira hainbat zelula bereziki kezka sortzen dutenak», ohartarazi du. «Demagun txertatutako giza zelulak pankreara joan beharrean beste ehun batzuetara doazela eta, esaterako, neuronak sortzen dituztela. Zorigaitzekoa izango litzateke hori. Beraz, kontuan hartu beharreko muga batzuk badira, baina Izpisuak berak esan du hori ekidin litekeela, bai enbrioia zein giza zelulak genetikoki eralda daitezkeelako. Adibidez, neuronak sortzeko beharrezkoak diren geneak kenduta egin daiteke hori».

Ekar ditzakeen onurak

Salk Institutuan egindako aurrerapena nabarmentzekoa dela uste du Mosteirok. «Hau guztia martxan jartzerik balego, batez ere bi abantaila egongo lirateke. Batetik, eta transplanteen sistemak oso ondo funtzionatzen badu ere, ez daude behar diren adina organo. Jende asko hiltzen da organo baten zain dagoen bitartean. Honek asko arinduko luke organoak lortzeko prozesua. Bestetik, arbuio immunologikoa saihestuko litzateke».

Bigarren abantaila ulertzeko adibide bat ipini du Mosteirok. «Demagun pertsona batek pankrea bat behar duela. Lagun horren zelulak haren azaletik atera daitezke, gero horiek birprogramatzeko. Horrela, lagun horren zelula pluripotenteak izango genituzke, gero txerri batengan horiek txertatu eta haren zelulak dituen pankrea bat sortu ahal izango litzateke». Aurrera begira, baikor azaldu da aditua. «Japonian, esaterako, makula endekapena sendatu ahal izateko lehen saio klinikoak hasi dituzte iPS zelulak erabilita. Beraz, argi dago pausoka-pausoka aurrera egiten ari garela. Gauzak ondo egiten badira, posible da etorkizun hobeagoa lortzea».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak