Sua eta ura arma moduan

Lur eremu zabalak erre dira Diyarbakirren eta Turkiaren menpeko Kurdistango beste eremu batzuetan. Herritar askoren ustez, gobernuak aldaketa demografiko bat egin nahi du horrela.

Turkiako armadaren operazioek suntsituta utzi zuten Diyarbakir hiriko alde zaharra 2016. urte hasieran. STR / EFE.
Diyarbakir
2018ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Turkiako Gobernuarentzat, kurduak ez gara pertsonak, ez daukagu inolako eskubiderik, edozein metodo erabiltzen dute gure herriaren kontra beren helburuak lortzeko. Gure lurretatik botatzeko», esan du Alanek, Diyarbakir hiriko bizilagunak. Diyarbakir probintziako suteen harira esan du hori. Turkiako Gobernuak urteak daramatza kurduen lurrak okupatu nahian. Alanek esan du helburua dela pixkanaka pertsona horiek beren lurretatik botatzea, eta gobernuarekin bat egiten dutenekin ordezkatzea. Hori lortzeko, suteak erabiltzen dituzte askotan. Horien ondorioz, toki horietako biztanleek alde egin behar dute, eta lur horiek gobernuaren menpe geratzen dira, beste mota bateko biztanleak eramateko, edo bestelako proiektuak egiteko. Turkiako Gobernuak ez du soilik bere menpe dagoen Kurdistango eremuan egiten hori; mugaz bestaldeko kurduen aurka ere erabili du taktika bera, Sirian eta Iraken.

Turkiaren menpeko aldean—Ipar Kurdistanen—, trikimailu horiek jasan behar izan dituen herri bat Batman probintziako Hasankeyf da. Orain dela urte batzuk hasi nahi izan zuten urtegi bat eraikitzen, eta horrek 68 herri ur azpian utziko lituzke. Proiektu horrek helburutzat du 68.000 pertsona etxetik mugiaraztea. Horrez gain, kurduen kulturaren zati handi bat txikituko luke. «Penagarria da. Hona iritsi, eta, ezer esan gabe, egun batetik bestera etxea utzi behar dugula esaten digute», kontatu du Amire izeneko emakume batek.

Diyarbakir probintziako leku askotan ere horrelako egoerak izan dituzte. Hor, zuzenean,etxeak botatzen dituzte. «Makinekin sartu ziren gure auzoan, eta joan egin behar genuela esan ziguten. Zergatik galdetu nien, eta auzo horretako etxe asko behera bota behar zituztela esan zidaten poliziek», adierazi du Nazimek, Silvan herriko bizilagun batek. Diyarbakirko probintzian gertaera horiek gehien sufritu behar izan dituzten biztanleak hegoaldeko herrietakoak izan dira: Cizirgoak,Silvangoak, Gevergoak, eta Idilgoak. «Suntsipen honekin guztiarekin, gobernuak aldaketa demografiko bat lortu nahi du; pentsatzen du horrela lortuko duela. Baina ez, gauza hauek ikusita indartsuago bihurtzen gara», esan du Ramazanek, Diyarbakir hiriko biztanleak.

Pertsona horiek oso gaizki pasatu dute, baina oraindik indarra daukate jarraitzeko. «Gure ideia da gureak diren lurraldeetan geratzea. Ezin gaituzte bota egun batetik bestera. Badakite bueltatuko garela, eta ezingo gaituztela etxetik bota». Yahyaren hitzak dira horiek. Diyarbakirren giroa nahiko bero dago gai horrekin, nahiz eta Recep Tayyip Erdogan presidentearen AKP Justizia eta Garapena Alderdiak indar handia lortu duen hauteskundeen ondoren. «Uxatzen saiatzen ari dira, baina ez dute lortuko», esan du harro Yahyak.

«Forma bakarreko estatua»

HDP Herriaren Alderdi Demokratikoak, Kurdistango burujabetzaren aldekoak, egoera jasanezina dela esan dio BERRIAri. «Erdoganek forma bakarreko estatu bat aurrera eraman nahi du, eta ezberdina den guztia txikitzen du». Turkiak orain duen egoera politikoarekin, HDPk uste du ezer gutxi egin daitekeela oposiziotik. «Kurduen kulturarekin zerikusia daukan edozer ezabatzen saiatzen da Erdogan, eta hauteskundeetan irabazle atera eta gero egoera okerragoa da. Zeozer egin behar da, baina ez dakigu nola».

Kurduek argi daukate beraienak diren lurraldeetatik ez direla aterako, eta Ankarako gobernuak argi dauka lurralde horiek menpean eduki nahi dituela. Kurdu askoren kezka laburbildu du Nazimek, Silvango herritarrak. «Erdoganek esan zigun kurduen arazoa bere arazoa zela. Antza denez, gezurretan ari zen. Orain botere osoa dauka, eta ez dakigu zer gertatuko den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.