«Proiektu partekatu» baten alde lan egingo du Eusko Ikaskuntzak

Euskal Herriaren erronkekin engaiatu da erakundea Oñatin, mendeurreneko ekitaldi nagusian. Bideoa albistearen amaieran. 

Euskal Herriko agintari politiko nagusiak eta Eusko Ikaskuntzako ordezkariak, atzo, Oñatiko udaletxe plazan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Sorrerako printzipioak berretsi, eta Euskal Herriaren etorkizunaren alde lan egiteko konpromisoa hartu du Eusko Ikaskuntzak bere mendeurreneko ekitaldi instituzionalean. Euskal Herriak dituen erronkekin engaiatu da erakundea, eta «proiektu partekatu» baten aldeko indarrak batzeko konpromisoa hartu du. Mendeurrena ospatzeko ekitaldi nagusia egin zuen, atzo, Eusko Ikaskuntzak, Oñatin (Gipuzkoa), eta bertan irakurri zuten adierazpen instituzionala. Iraganari eta orainari buruz hausnartu du erakundeak adierazpenean, eta etorkizunean lanean jarraitzeko ildoak finkatu ditu.

Euskal Herriko ordezkaritza instituzional zabala izan zen erakundearen mendeurreneko ospakizunetan. Han izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu, Uxue Barkos eta Jean Rene Etxegarai, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako eta Euskal Elkargoko lehendakariak, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru ahaldun nagusiak, Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria eta Euskal Herriko hainbat alkate eta hautetsi. Kultura eta gizarte alorretako eragileen ordezkari ugarik ere parte hartu zuten.

Ekitaldi nagusia hasi aurretik, Oñatiko udaletxean izan ziren agintariak, Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko Euskaldunon Mendea 1918-2018 liburua sinatzeko. Ostean, 1918. urtean egindakoa gogoan, Eusko Ikaskuntzaren jaiotzaren testigu izan zen plaza berean sokadantza egin zuten Oñatz Dantza taldearen eskutik. Duela ehun urte bezala, elkarri eskuak eman, eta plazara atera ziren dantzara hainbat lagun, baina, orduan ez bezala, agintariek ez zuten parte hartu dantza ikuskizunean-soilik Oñatiko alkate Mikel Biainek dantzatu zuen.

Bost lan ildo

Ondoren egin zen mendeurreneko ekitaldi nagusia San Miguel elizan, eta, han, erakundeko hainbat bazkidek erakunde adierazpena irakurri zuten. 1918ko Oñatiko Kongresuak ezarritako oinarriak gogoan, etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko garaia dela azaldu zuten.

Hala, jakinarazi zuten Eusko Ikaskuntzak bost lan esparrutan egingo duela lan aurrerantzean, erakunde publikoekin, eragile politiko eta sozialekin, unibertsitatearekin eta herritarrekin elkarlanean. Batetik, «partekatutako proiektu» bat sendotu aldera, Eusko Ikaskuntzak eragile ezberdinen arteko harreman «egonkor eta antolatuak» errazteko gune bat sustatu du. Halaber, herritarren artean gogoeta bultzatuko du, euskal lurraldeen arteko elkartasuna indartzeko, beste herriekiko harremanak definitzeko eta demokrazian sakontzeko.

«Partekatutako identitatearen» inguruan indarrak metatzearen alde ere lan egingo du erakundeak, hezkuntza, kultura eta komunikazio sistemak baliatuta. Ekonomiaren garapenean ere lagunduko du, «gizarte garapena» eta «ingurumen jasangarria» lortzeko. Azkenik,«gobernantza demokratikoan» sakontzeko konpromisoa ere hartu du Eusko Ikaskuntzak.

Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak ildo beretik eskaini zuen hitzaldia. Haren hitzetan, etorkizuneko «erronkei» aurre egin behar die erakundeak, betiere «partekatutako etorkizuneko proiektu» bat helburu hartuta. Xabier Alkorta Kongresuko buruak, berriz, nabarmendu zuen etorkizuna eraikitzeko badirela «pertsonak, partekatutako balioak eta giza kapitala», baina euskal lurraldeen arteko harremanak indartu nahi badira, herritarren eta erakundeen arteko «kohesioan» pausoak beharrezkoak direla.

Urkulluk, Barkosek eta Etxegaraik ere hitza hartu zuten ekitaldian. Urkulluk azpimarratu zuen duela ehun urte ereindako haziak fruituak eman dituela. «Zuhaitz sendoa dugu gaur, gure kultura zaintzen eta bultzatzen duena, eta adarrak mundu osora luzatu dituena». Harekin bat etorri ziren Barkos eta Etxegarai ere; biek eskertu egin zioten erakundeari egindako lana eta gizartearen beharrekiko izandako gertutasuna.

[youtube]https://youtu.be/IWC9KoQ3lxc[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.