Garbiñe Aranburu. LABeko idazkari nagusia

«Jaurlaritzak abandonatu egin ditu langileak; gogorra da jipoiak ikustea»

Enpleguaren aldeko «herri harresi bat» eraiki nahi du Aranburuk. Gogor kritikatu du Jaurlaritzaren «babesik eza» funtsezko sektoreekiko, eta haren «gardentasunik eza» salatu du, pandemiaren borrokari lotutako politikan.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
xabier martin
Donostia
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Urtebete joan berri da greba orokorra deitu zuenetik. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk (Legorreta, Gipuzkoa, 1973), gehiengo sindikalaren beste eragileek bezala, ikusi du azken urtean goitik behera aldatu dela jokalekua, pandemia dela eta. Datorrenari aurre egiteko, sindikatuen artean indarrak metatzea nahi du.

Langileentzat garai are latzagoak etorriko diren beldur zara?

Krisi honetara iritsi gara langileek aurreko krisiaren ondorio ekonomikoak ordaindu eta gero. Bizitzaren eremu guztietara zabaldutako prekaritate prozesu betean iritsi da, gainera, eta ziklo berri baten atarian. Sistemaren krisia azkartzea ekarri du pandemiak, eta aldaketa garaian gaudela ez dago zalantzarik. Aldaketa horiek zer norabide hartuko duten dago erabakitzeko, eta nork egingo dituen. Eta bai, datorrenarekin kezkaturik gaude, enplegu suntsiketa gehiago aurreikus daitekeelako, eta prekarizazioaren bidea irekita dagoelako parez pare.

Langileek inoiz baino sindikatu eraginkorragoak beharko dituzte, eta, horretarako, batasunak ezinbestekoa ematen du. Ezin dituzue gutxiengo batzuk adostu ELAk eta LABek, aparteko egoera honetan?

Lehenik esan nahiko nuke aeronautikako enpresa asko eta Tubacex bera COVID-19a baliatzen ari direla langileak kaleratzeko, unean uneko arazoei irtenbide errazena emanez. Hegazkingintzak diru publiko asko eskuratu du, estrategikotzat jo dutelako, eta laguntza horiek enpresen irabazi baizik ez dira bihurtu sarri. Eta, orain, kaleratzea libre uzten duen lan erreformarekin, enplegua suntsitzen ari dira, eta erakundeak bizkarra eman die langileei.

Eta batasun sindikalari buruz zer diozu?

Enpleguaren defentsan kalera ateratzea lehentasuna da guretzat, eta harresi sindikal eta sozial bat eraiki behar dela esan dugu. Gogoeta horretaz beste sindikatu batzuekin aritu gara. Kezka bat badago, baina zailtasunak ere bai erantzun bateratu bat emateko. Araban, enpleguaren defentsan egindako deialdi komuna oso positiboa izan da, esaterako.

Gehiengo sindikala aktibatzeko prestutasuna ikusi duzue ELAn?

ELAren eta LABen artean egoera ez dago garairik onenean. Iazko urtarrilaren 30ean, greba orokorrera deitu genuen Eskubide Sozialen Gutunaren bidez; bada, orain, enplegu suntsiketaren erronka daukagu aurrez aurre, eta eragile horiek berriro batu beharko genituzke indarrak enpleguaren alde. Nahiko genukeen baino gehiago kostatzen ari zaigu erantzun hori egituratzea.

Euskal lan kodea eta gizarte segurantza propio baterako proposamena aurkeztu berri dituzue. Alderdi politikoei eta beste sindikatuei bidaliko diezue agiria. Zer espero duzue?

Eztabaida zabal bat ireki nahi dugu, baita gure afiliazio osoarekin ere. Alderdi, sindikatu eta patronalekin hitz egiteaz gain, eraldaketaren aldeko eragileekin egon nahi dugu, hor ikusten baitugu aliantzak eraikitzeko aukera; esaterako, feministekin, pentsiodunekin, migratzaileekin, gazteekin….

Erreibindikazio komun batzuk adosteko, LAB prest dago bere abiapuntuak garatzeko?

Bai, noski, aldaketa sakonak datoz, eta trantsizio oso bat diseinatu behar dugu; horretarako, herri mailako eztabaida bat egin behar da. Eztabaida horren esparrua baizik ez dugu eskaini. Gizarteratu ditugun proposamenak aberastu nahiko genituzke besteen ekarpenekin. Ez dira proposamen itxiak, besteak horiei lotu beharrekoak: helburua adostea da.

Gutxieneko soldata handitu nahi duzue 1.400 euro gordinera. LABek eta ELAk babestu duzue orain arte 1.200 eurokoa. Ez da eraginkorragoa adostasuna bilatzea kopuru zehatzak gizarteratu aurretik?

Kopuru hori gizarteratzeak ez luke zertan trabatu ados jartzea. Nahiko genuke gehiengo sindikalean beste determinazio bat ikustea proposamen estrategikoak lantzeko. Gaur-gaurkoz, kostatzen ari da, baina 1.400 euro ateratzen dira 1.200 euro ateratzeko erabilitako formula bera aplikatuz. Eguneratu besterik ez dugu egin erreferentzia hori, eta egoera larri honek eguneratze hori eskatzen du, dudarik gabe.

Lan harremanak ikuskatzeko erakunde berria proposatu duzue, era barean. «Langileek eratuko lukete, botoen bidez», diozue. Zer esan nahi du horrek?

Azken urteetan geroz eta eredu antidemokratikoagoa dugu lan harremanen esparruan, patronalaren aldebakartasunak gero eta indar handiagoa duelako.

Jaurlaritzaren Elkarrizketa Sozialerako Mahaia antidemokratikoa da?

Antidemokratikoa da gutxiengo sindikalarekin osatua dagoelako, eta ez dutelako eraiki langileen beharrei erantzuteko. Kontseilu berriarekin, langileen hitzari bere lekua ematea dugu helburu, eta gune berri horrek, lanarekin loturik betiere, lege proposamenak egiteko gaitasuna edukitzea.

Langileek ala sindikatuek?

Sindikatuak egongo lirateke Lanaren Kontseiluan, langileen ordezkari gisa.

Mahaian erabaki berri dute aldi baterako erregulazioan dauden langileen lansariak osatzeko neurria. Ez al da hori langileen beharrei erantzutea?

Akordio hori ez da pagotxa. Enplegu suntsiketa, momentuz, eta hein batean, gelditu dute erregulazio horiek, baina enpleguaren arazoak enplegu politika oso bat eskatzen du. Gainera, erregulazio horietan enplegu suntsiketari jarri dioten muga ez da nahikoa. Enpleguaren aldeko konpromiso iraunkorragoak behar dira.

Kaleratzeak eginez gero, erregulazioen laguntzak itzuli behar dituzte enpresek, ordea.

Ez da nahiko berme kaleratzeak gelditzeko. Langileentzako aldi baterako erregulazioan egotea ez da doakoa, soldataren galera duelako. Eta egungo formula, gainera, nahiko garesti ateratzen zaio administrazioari. Inbertsio publikoa handitu behar dela argi dugu, baina zerga politika bati lotua joan behar du; bestela, murrizketa berriak izango genituzke.

Idoia Mendia Enplegu sailburuarekin harremanik izan duzue kargua hartu duenetik?

Bilera bat egin genuen kargua hartu berri zuela; ondoren, ez.

Saiatu zarete harekin harremana izaten?

Lehen bilera horretan esan genion Elkarrizketa Sozialaren Mahaia agortuta zegoela, eta gure prestutasuna adierazi genion elkarrizketa gune berri bat sortzeko. Borondaterik ez zuela oso garbi ikusi genuen. Ez gaituzte elkarrizketa gune batean nahi.

PSEko Lan sailburua CCOOrekin eta UGTrekin gustura dagoela uste duzue?

Eredu horrekin oso gustura dago PSE, baina baita EAJ ere; herri honetan, Urkullu lehendakariak ukatu egin dio gehiengo sindikalari elkartzeko eskaera. Gobernua osatzen duten bi alderdien apustu argia dago kontzertazio eredu sindikal baten alde. Zilegi da? Izango da, baina ez da onargarria hori egitea gehiengo sindikala baztertuz. Gutxiengo bati joko zelai handia eman diote.

Pandemiaren lehen kolpearen ondoren egiten ari den kudeaketa baloratuz, zer nota jarriko zenioke Jaurlaritzari?

Gutxiegi bat. Pandemiak garbi utzi du bizitzarako zein alor diren funtsezkoak, eta balkoietako txaloak baino babes handiagoa behar dutela. Sektore feminizatuak dira sarritan: zaintza, garbiketa, jantokiak, osasunaren azpisektore batzuk... Erabaki politiko bakar bat ere ez dute hartu egiturazko alor horiek beste era batera antolatzeko eta indartzeko. Aurrekontuak dira borondaterik ez horren isla eta froga. Hezkuntzan, ikusi genuen ikastetxeetarako itzulera aldebakarrez erabaki zutela; osasuna eta zaintza ere ez dituzte konpondu nahi. Jaurlaritzak abandonatu egin ditu langileak; irudi oso gogorrak ikusi ditugu beren enplegua defendatzen ari diren langileak jipoitzera bidali dutenean Ertzaintza.

Ertzainek jarri behar dute lehenago txertoa irakasleek edo garbitzaileek baino?

Osasun eremuan badira oraindik txertorik hartu ez dutenak, adibidez anbulantzietako langileak. Ez dago txertaketa plan argirik, eta gardentasunik eza izugarria da. Basurtukoak eta Santa Marinakoak erakusten dute desfasea zenbatekoa den. Osakidetzaren eredua ate birakariena dela badakigu.

Sagardui sailburuak dimisioa eman behar du?

Osasungintzako sindikatu guztiak ari gara eskatzen lan baldintzak lehengoratzeko, lantaldeak indartzeko, ezin dutelako gehiago. Muzin egiten dio negoziazioari, dena egiten du aldebakarrez, eta, beraz, bai, dimisioa eman beharko luke, jakina.

Ikasturte hasieran grebara deitu zenuten ikastetxeetan, segurtasuna ez omen zelako nahikoa. Ikasturtea badoa aurrera, eta nahiko ongi. Ez al zenuten gaizki neurtu egoera?

Egoerak greba eskatzen zuen. Aldebakarrez erabaki zuen sailak. Irekiera plana berandu aurkeztu zuen. Ikasturtea okerrago ez badoa, neurri handi batean, langileen gainesfortzu bati esker da.

Ikasturtea abiaraztearen eta gaur arte ez etetearen arrakasta irakasleena da, eta ez Jaurlaritzarena?

Sailarena baino askoz gehiago da irakasleena eta ikasleena.

Sindikatuek ez hastearen alde egin zenuten, esanez kutsatze masiboak izango zirela. Ez da inoren autokritikarik entzun.

Guk beti eutsi diogu presentzialtasunaren ereduaren apustuari. Beste kontu bat da presentzialtasun horrek bermeak behar zituela. Nahikoak al ziren? Gurekin ez zuten hitz egin itzulera plana adosteko. Egoera ez da hain txarra orain, edo, beharbada, eramangarriagoa dela esan daiteke, baina betiere langileei esker.

500 kasutik gorako eremuetan ere tabernak zabalik dira. Langile asko lanean dira berriro. Ados justiziaren ebazpenarekin?

Ostalaritza sektore kaltetu gisa izendatzeko eskatu du LABek. Diru laguntza askoz gehiago bideratu behar dira haiengana, baina baldintza batzuk betez. Ezin da ahaztu ostalaritza oso prekarizatua dagoela, eta sarritan kontraturik gabeko langile asko aritzen direla. Laguntzak bai, baina sektorea erregularizatzea ere bai.

Ados epaiarekin?

Epaiari begira baino gehiago, teknikarien irizpideei begira gaude gu. Ezin dut esan ados nagoen edo ez. Denok dakigu banakoen aurrez aurreko harremanek, areto itxietan, arriskuak handitzen dituztela, baina egia da ostalarien aldarrikapenak ulertzen ditudala. Epidemiologoen irizpideak ezagutzen ditugu, eta denborak esango du epaia arrazoizkoa den ala ez. Ez ahaztu, bestalde, Jaurlaritzak nola prestatu zuen epaiketa hori, eta ez duela helegiterik jarri.

Ez dira oinarrizko eskubide gehiegi urratzen ari birusaren aurkako borrokaren izenean?

Gardentasunik eza izugarria dago neurriak hartzean. Informazioa oso neurtua dago, bideratua une batean edo bestean hartuko dituzten neurrien alde. Udara salbatu aurretik, Gabonak salbatu aurretik ikusi dugu, adibidez. Norbanakoaren bizkar uzten dituzte ardura guztiak, gobernatzen duenak ez balitu bezala, eta jendearengan haserrea, nekea eta ezintasuna pilatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.